INFO

Beste aukerarik ezean, nork bere burua babesteko gida

Ingalaterran eta Galesen emakumeek pairatzen duten ziberjazarpen matxista gero eta hedatuago dagoela eta, emakumeek beren burua babesteko baliabideak izan ditzaten gida bat plazaratu dute Refuge erakundeak eta Avast antibirus enpresak elkarlanean. «Digital Breakup» sarean dago eskuragarri.

Sarean eskuragarri dagoen «Digital Breakup» aplikazioak hainbat ziberjazarpen mota jorratzen ditu. (REFUGE TECH SAFETY)

Indarkeria matxistak dituen forma ugarietako bat da ziberjazarpena, berrienetakoa izanagatik ezezagunagoa dena. Ezjakintasuna arrisku erantsia dela jakinda eta Ingalaterran eta Galesen emakumeek pairatzen duten indarkeria mota honen gorakada dela eta, “Digital breakup” gida aurkeztu berri dute Refuge erakundeak eta Avast antibirus enpresak elkarlanean. Gidaren izena, hots, “Digital breakup” edozein bilatzailetan sartuta aurki daiteke erraz webgunea.

Refuge Erresuma Batuan indarkeria matxistaren alorrean aritzen den erakunde garrantzitsuenetakoa da eta, besteak beste, sarean nork bere burua babesteko gomendioak zabaltzen ditu. Plazaratu berri duten tresna indarkeria matxista pairatu duten emakumeei bereziki zuzenduta dago, erasotzailearekin harremana utzitakoan, digitalki harekin duten lotura oro ere moztu ahal izateko. Izan ere, sarritan, salaketa jartzeak ez ditu behar besteko babes neurriak ekartzen, are gutxiago sobera arautu gabe dagoen Interneten testuinguruan.

Hori dela eta, azken urteetan honen antzeko zenbait ekimen jarri dituzte abian, babesa behar den tokitik jaso ezean, behintzat nola edo hala emakumeek euren burua babestu dezaten. Horren adibide dira, esaterako, korrika egitera gauez ateratzen diren emakumeei elkar ezagutzeko eta batera irteteko aukera ematen dieten aplikazioak. Espainiar Estatuko Teknologia eta Gizartearen Behatokiaren (ONTSI) arabera, gainera, zaila da ziberjazarpenaren inguruko ikerketa zehatzik egitea, ez dagoelako datu ofizial nahikoa.

Hala ere, 2022an ONTSIk plazaratutako txostenak jakitera eman zuen espainiar Estatuko emakumeen %15,2 pertsona berak behin baino gehiagotan jazarri dituela. Halaber, 16 eta 20 urte bitarteko espainiar Estatuko emakumeen %21,7k adierazi zuten umiliatua edota jazarria sentiarazi zuten argazki esplizituren bat jaso zutela.

“Digital breakup” indarkeria matxista pairatu duten emakumeak erasotzailearengandik babesteko pentsatua badago ere, baliabide interesgarria izan daiteke emakume ororentzat. Hainbat eratako ziberjazarpenari aurre egiteko eta sareak eskura jartzen dituen baliabideak norberaren babeserako erabiltzeko gomendioak ematen ditu.

Askotariko jazarpena

Hamar ataletan banatuta dago gida: kokapena, posta elektronikoa, sare sozialak, ekonomia, entretenimendua, jolasak, ongizate fisikoa, bidaiak, eramateko otorduak eta zitak izateko aplikazioak.

Kokapenaren arloko gomendio nagusia da aplikazio gehienei horren berri izateko muga ezartzea. Izan ere, hainbatek, hala nola SnapChatek, erabiltzaileei gainontzeko erabiltzaileen kokapenaren berri ematen die, baimena ukatuta ez badaukate.

Posta elektronikoari dagokionez, utzitako bikotekidearekin helbide partekaturik izatekotan, hura erabiltzeari utzi eta berri bat sortzea da egokiena, gidaren arabera; bereziki, bankuko mezuak edo bestelako informazio garrantzitsua ez dezan erasotzaileak jaso. Halaber, gogorarazten du badagoela helbide zehatzak blokeatzeko modua eta hori egitea gomendatzen du erasotzailea harremanetan jartzen saiatu orduko.

Sare sozialak pribatutasun politika gero eta zehatzagoak izatera behartuta daudela baliatuz, harremana mozteko dauden erak aipatzen ditu gidak: jarraitzeari uztea, blokeatzea, isilaraztea, mugatzea eta aplikazioaren aurrean salaketa aurkeztea.

Ekonomia arloan bankuko kontuak kudeatzeko aplikazioei egiten zaie erreferentzia. Gai garrantzitsua izaki, pasahitzak aldatzea da gomendio nagusia, eta inor kontua erabiltzen ari dela nabaritzekotan, salaketa jartzea.

Entretenimenduaren eta jolasen kasuan, bikotekide izandakoarekin konturik ez partekatzea aholkatzen du gidak, eta, ongizate fisikoari, bidaiei eta eramateko otorduei buruzko aplikazioetan bizilekuari buruzko informazioa tentuz partekatzea gomendatzen du.

Ligatzeko aplikazioei dagokienez, izaten dituzten segurtasun neurriak aprobetxatu eta kontaktua ahalik eta gehien aplikazioan bertan izatea da gomendio. Era berean, argazkiak partekatzean bertan agertzen den informazioa arretaz aztertzea aholkatzen du gidak.