INFO

Jatorri palestinarreko hiru gazte tirokatu dituzte Vermonten (AEB)

Unibertsitateko hiru ikasle, jatorri palestinarra dutenak, balaz zauritu zituen pertsona batek iragan larunbatean, Vermont estatuan, AEBn. Poliziak ez du erasotzailea identifikatu, eta ez du inor atxilotu. Musulmanen aurkako gorrotoa eta indarkeria salatu ditu Harreman Islamikoen Kontseiluak.

New Yorken izandako mobilizazioen argazkia. (David SWANSON | AFP)

Jatorri palestinarreko hiru gazte zauritu dituzte larunbat honetan Burlingtonen, Vermont estatuan, AEBetan.

Gertakaria iluntzean izan zen, 18.25etan, North Prospect kalean, Burlingtongo Poliziak ohar ofizial baten bidez jakinarazi duenez.

Zaurituak UVM Osasun Zentroan ospitaleratu dituzte, eta haien bizia ez dago arriskuan. Poliziak ez du erasotzailea identifikatu eta ez dago inor atxilotuta.

Palestinako Atzerri Ministerioak erasoa gaitzetsi du eta zaurituak identifikatu ditu: Hisham Awartani, Tahsin Ahmed eta Kinnan Abdalhamid. Ministerioak nabarmendu duenez, «zauri larriak eta moderatuak» dituzte eraso honetan.

10.000 dolarreko saria

Harreman Islamikoen Kontseiluak (CAIR, ingelesezko sigletan) 10.000 dolarreko (9.150 euro inguru) saria eskaini du erasotzailea atxilotu ahal izateko.

«10.000 dolarreko saria eskaintzen dugu larunbatean Burlingtongo hiru ikasle unibertsitario palestinarren aurka tiro egitearen arduraduna edo erantzuleak atxilotzera eta kondenatzera eramango duen informazioagatik», argitaratu du CAIRk X-n, lehen Twitterren.

CAIR Estatu Batuetako eskubide zibilen defentsarako talde musulman garrantzitsuena da. Erasoaren arrazoia ikertzeko eskatu du, hirurek ‘kefiyak’, zapi palestinarrak, zeramatzatelako eta euren artean arabieraz hitz egiten zutelako tirokatu zituztenean, Al Yazira kate panarabiarrak aipatutako senide baten arabera.

«Azken asteetako gorroto eta musulmanen aurkako indarkeriak aurrekaririk gabe gora egin dutela ikusita, tokiko, estatuko eta nazioko agintariek hiru gazteren aurkako erasoa ikertu behar dute», adierazi du Nihad Awad CAIRko zuzendari exekutibo nazionalak.