INFO

‘Ulu egiteko bolondres bila’ poema liburua idatzi du Harkaitz Canok, poesiaz hausnarrean

Harkaitz Canok ‘Ulu egiteko bolondres bila’ poema liburua ondu du, eta Susa argitaletxearekin kaleratu du astelehen goiz honetan. Poesiaz hausnartzea izan du bulkada nagusi, eta lau ataletan antolatu du liburua, «bulkadatik edota senetik» ateratako testu horiek biltze aldera.

Harkaitz Canok poesia liburu berria aurkeztu du Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

Etzi beteko da urtebete Harkaitz Cano idazleak ‘Pozaren erdia’ sonetoz osaturiko liburua aurkeztu zuenetik, eta neurri zein errima estuetatik askatu eta ‘Ulu egiteko bolondres bila’ poema liburua idatzi du oraingoan, Susa argitaletxearen eskutik eta Leire Lopez editorea lagun aurkeztu du astelehen goiz honetan Donostian.

«Ekintza poetikoaren funtsaz hausnartzea» izan da liburuaren helburua idazlearen arabera, eta horrekin batera «poemaren muga formalen aurkako hausnarketa» ere egin duela azaldu du Canok aurkezpenean. Liburua lau atalen bidez antolatu dutela adierazi du Lopezek eta atal bakoitzaren gaien inguruko nondik norakoak ematen ahalegindu dira.

Booktrailer baten bidez eman diote hasiera aurkezpenari, Canok berak azaldu du aurtengo Durangoko Azokaren leloa «fantasia» dela eta bere lanean, zehaztu du, «likantropoaren fantasiatik badago zer edo zer». «Jostari» idatzi duela aurreratu du: «Liburu dionisiakoa da, joera orgiastikoa duena»; poema gehienak senetik, bulkadadatik, irrikatik, kemenetik idatzia daudela aitortu du.

Lau atalez josia

‘National portrail gallery’ jarri dio izenburua lehen atalari, eta Lopezen esanetan «erretratu galeria bat» eskaintzen du, arketipo ezberdinekin egindako irudiak daudela aurreratu du, eta idazlea ahalegindu da xehetasunak ematen: «Sasi erretratuak dira, fikzio intimoak, asmatutako erretratu sortak… poetaren ofizioa zer da? galdetzen dut».

Bigarren atala ‘Otoitzen liburua’ izenburupean hasten da, eta poema bakoitzak «otoitza aldatzen» duela aurreratu du editoreak, bertan otsoak, uluen pentagrama, epe luzeko zein hurbileko nahiak etabar aurkitu daitezkela aipatuta. Eta irri artean gehitu du Canok: «Oroitz ateoak dira, lasai».

‘Zerrenden liburua’ da hirugarren atala, orotariko zerrendak pilatu ditu idazleak atal honetako poemetan, «gehikuntzaz egindako poemak» dira Lopezen arabera. Idazleak aitortu du bere sortzeko prozesuetan gustokoena dela zerrendak egitearena. «Nire joera kleptomanoari libre utzi diot, eta lapurtutako testuak daude», kontatu du.

Azken atala izan daiteke bereziena, 24 orrialde betetzen dituen testu bakarra baita: ‘Klarion laborategia (1)’. «Ideia segida moduko bat da, testu laburrez osatuta. Ez ahazteko hartutako oharrez eta aforismoen bidez osatuta», horrela deskribatu du editoreak atala. «Poema denaren eta ez denaren mugan» dago Canoren ustez.

Oteizari erreferentzia eginez jarri dio izenburu hori, «bat zenbakia» ere zehaztu nahi izan du; izan ere, aurrerantzean «klarion laborategiak» egiten jarraitu nahi duela esan du. Bertan irakurri daiteke Kafkaren egunerokoa, kantu zati bat, kantuaren interpretazio pertsonala, Kafka zenbat egun bizi izan zen argitzen duen kalkulu matematikoa, Cano bera zenbat egunez bizi izan denaren kalkulua… Txatal askok osatzen duten testua da, eta aldi berean «testu osoak oihartzun batzuk» uzten dituela kontatu dute.

Poesiaz hausnarrean

Asko azpimarratzeko joera duela aitortu du Canok, eta liburu hau idazten hasi aurretik pentsatu zuela: «Zertarako azpimarratu inoiz ez badut ezer egingo azpimarra horiekin? Iritsi da zerbait egiteko garaia». Eta pentsatu eta egin.

«Jendeak zer espero du poesiatik?» galdetu die aurkezpenera gerturatutakoei. Bere susmoa zein den azaltzera ere ausartu da, eta argi esan du: «Nire susmoa da poesia askotan fede kontua dela, eta fede gutxi diogula poesiari, geroz eta gutxiago, baina azkenean poesiari diogun fedearen krisia hizkuntzari diogun fedearen krisiari lotuta dago. Hizkuntzak zertarako balio du? gauzak kontatzeko eta deskribatzeko edo balio du bakarrik ezkutatzeko eta negozioak egiteko?». Eta bere ustez hondo-hondoan dagoen galdera hori da idazle batentzat.

«Poetiko hitza adjektibo gutxiezle bihurtu da, eta ni hor galdu egin nintzen», kontatu du. Eta gogora ekarri du Rafael Cadenasek poesiaz esandakoa: «Ez deusa eta ahalguztiduna da. Ez deusa ez duelako inor irakurtzeko, eta ahalguztiduna hizkuntzarekin duen harremanagatik».