INFO

A30eko protagonistek Gasteizko gune estrategikoetara eraman dituzte beren aldarriak

Deriba baten bidez ekin diote Greba Feminista Orokorraren eguerdiko mobilizazioei Gasteizen. Lanbideren bulegotik Santiago Ospitaleraino etxeko langileen eta emakume pentsiodunen eskubideak, erroldarako eta etxebizitzarako eskubidea eta osasun publikoaren beharra aldarrikatu dituzte, besteak beste.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Arabako hiriburuko zaintzekin zerikusia duten sei gune estrategikotan zehar ibilbide kolektiboa egun dute grebalariek. Helburua hauek «politikoki birdefinitzea» izan denez, toki bakoitzean greba deitu duten eragile desberdinek zaintza sistema duin baten alde egin dute.

Adurtza auzoko Lanbideren bulegoan hasi da, etxeko langileak protagonista zirelarik. Profesionalizaziorako, formakuntza jasotzeko eta, horrekin, «lan egiteko tresnak» eskubideen aldarri egin dute. Izan ere, «Lanbideren eskaintza urria da eta ez da irisgarria, eskaintzen diren ordutegiak ez direlako bateragarriak lanorduekin».

Bigarren geldiunea Dato kaleko Gizarte Seguratzaren bulegoan izan da. Bertan, pentsiodunek 1.080 euroko pentsioen beharra nabarmendu dute, pentsio baxuenak dituztenen artean %80a emakumeak direla deitoratuz. Olerki baten bidez « futbolean jokatzea debekatu zioten izan ginen 6 urteko neskatoa» eta «eskolara minigonan joaten utzi ez zioten izan ginen 15 urteko neska» gogoratu dituzte.

‘Derecho a Techo’ taldearena izan da hitza Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan. Udalak eta Arabako Foru Aldundiak seinalatu dituzte «egunero kalean edo lokal okupatu eta desegokietan lo egitera 150 pertsona baino gehiago behartzen» dituztelako.

Arabako Foru Aldundirantz mugitu da jende-piloa ondoren. Bertan egoitzetako langileen nahiz egoiliarren testigantzak biltzen zituen grabazio batekin, zenbait emakume agertu dira, isilduak daudela irudikatuz. «Nahiz eta nire eginkizuna ez izan, sukaldari lanak egiten ditut» eta «egunero 15 erabiltzaile ditut bi orduko denbora-tartean altxatu eta garbitzeko» bezalakoak entzun dituzte grebalariek.

Udaletxean errolda lortzeko zailtasunak azaleratu dituzte ‘Erroldarik gabe izaterik ez!’ ekimeneko kideek eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek «erlojuaren kontrako» ordutegietan eta astean 50 ordu baino gehiago lan egiten dutela salatu dute, «askotan irainak, jazarpena eta arrazakeria» sufrituz etxeetan.

Santiago Ospitalean amaitu dute ibilbidea eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak hartu du hitza. Lehen arreta osasun sistemaren «oinarria» eta kalitatezkoa eta unibertsala izatea, «zerbitzu guztien publifikazioa», «kudeaketaren demokratizazioa» eta «herritarron eskubide linguistikoak bermatzea» aldarrikatu dute.