INFO

«Su motelean» egindako euskarazko 40 lan berri eramango ditu EHUk Durangoko Azokara

Durangoko Azokaren 58. ediziora Euskal Herriko Unibertsitateak «su motelean» egindako euskarazko 40 lan berri aurkeztuko ditu. Guztien bi heren izango dira hauek eta gainerakoak gaztelaniazkoak dira. Testuliburuak eta aldizkarien azken zenbakiak aurkitu ahalko dira Durangon.

EHUk Durangoko Azokan aurkeztuko dituen lanetako batzuk. (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak Durangora euskarazko 40 lan berri eramango ditu aurten. Berritasunen bi heren dira hauek, gainerakoak gaztelerazko argitalpenak dira eta. Hamar unibertsitateko testuliburuak dira eta horietako hiru Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratu dira.

Unibertsitateak ohar batean zehaztu duenez, ‘Adimen artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune’, Jon Mentxakatorre eta Aitzol Astigarragarena; Agustin Arrietaren ‘Bidez Bide hausnarrean. Zenbait gogoeta eta omenaldi filosofiko’, eta Onintza Etxebesteren ‘Meta-nortasunak. Euskal arte garaikidearen ahalmenak’ lanak dira UEUrekin batera plazaratu dituztenak.

Bestalde, zortzi monografia berri eramango dituzte, eta serie eta bildumetan argitaratutako hamairu lan berri. Azken horien artean, aipatzekoa iruditzen zaio EHUri ‘Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco’ bilduman Argitalpen Zerbitzuak Gasteizko parlamentuarekin duen hitzarmen bati esker argitaratu den ‘Escritos políticos (1920-1940). Julián Zugazagoitia Mendieta’ lana, zeinaren sarrerako azterketa Luis Salak egin baitu.

Liburuez gain, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak Durangora: ‘Ekaia’ (Zientzia eta Teknologia) aldizkariaren 44. zenbakia eta ale berezia; ‘Gogoa’ (Filosofia) aldizkariko 23. zenbakia; eta ‘Tantak’ (Hezkuntza) aldizkariko 34-2 zenbakia. Horretaz gain, ‘InpAkta’, inpaktu sozialerako ikerlanen akta aldizkari berriaren zero zenbakia ere aurkeztuko da.

Aurkezpenak

Abenduaren 8an, ostiralean, 19.00etan, Euskal Literatura sailean argitaratuden Jon Martin Etxebesteren ‘Xabier Lete. Bertsorik sakonena’ liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuan oinarritutako elkarrizketa izango da aurkezpena, non idazleak Jon Kortazar literaturan aditua denaren galderak erantzungo dituen. Oiartzungo poetak musikatutako lanak bertsolaritzan izan duen eragina eta bertsolaritzak haren poesian izan zuena gainbegiratuko dituzte bi ikertzaileek.

Hurrengo egunean, larunbatean, 17.00etan izango da EHUren Argitalpen Zerbitzuak argitaratu duen ‘Egungo euskal albuma’ Xabier Etxanizen eta Karla Fernanez de Gamboa editoreen lanaren aurkezpena. EHUk azaldu duenez, liburu honen helburuetako bat da «irakurlea albumen mundura hurbiltzea; liburu ilustratutik albumera dagoen bilakabidea ikustea, albumen lanketan dauden faktoreen berri ematea eta haur txikien artean ez ezik helduen artean ere gero eta zabalduagoa dagoen literatura mota honen ezaugarriak ezagutzera ematea».

Abenduaren 10ean, aldiz, 16.00etan egingo da ‘ImpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta’ aldizkariaren aurkezpena. Ebidentzian oinarritutako ikerketa-lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoa da, eta «gure herrian inpaktu soziala izan dezaketen diziplina guztietako gaiak bilduko ditu». Aurkezpenean, inpaktu sozialaren kontzeptuaren lanketa eta aldizkariak egingo duen ekarpena xehetuko dute.

Lan hauetaz gain, Durangoko Azokan ‘Teresa del Valle, bidegile eta gidari’ (Pio Perez, arg.), ‘Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu’ (Lluis Montoliu; ZIO bilduma - Zientzia Irakurle Ororentzat), ‘Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema’ (Aiora Sampedro), ‘Limes 29. Quaderni del carcereren antologia II’ (Limes bilduma), ‘Auzo bizigarriak: etxebizitzatik hirira’ (Ezekiel Collantes, Iñaki Begiristain, Ainara Sagarna eta Aritz Diez) lanak izango dira, besteak beste.