INFO

Errusiako Urrezko Pioleta sariak Tien Shan mendilerroan izan du geltokia

Militar Topografoen izena duen mendiaren (6.873 m) hego-mendebaldeko horman ‘Mundu galdua’ bidea zabaltzeagatik, Alexey Shuharev, Ratmir Mukhametzyanov eta Alexander Parfenovek Errusiako Urrezko Pioleta jaso dute.


Frantziako Urrezko Pioleta sariak ez bezala, Errusiakoak ez du nazioarteko izaerarik. Bederen, protagonistei dagokienez. Aurtengo ekitaldiak, gainera, ospakizun bikoitza izan du; izan ere, Errusiako Mendizale Federazioak ehun urte bete ditu.

Mendilerro eta izaera ezberdinak izan dituzten bost hautagaitza zeuden mahai gainean. Himalaia, Kyzyl-Asker, Tien Shan… Eta aitortza jaso duena Siberiako hirukote bat izan da. Alexey Sukharev, Ratmir Mukhametzyanov eta Alexander Parfenov dira protagonistak.

Bada, joan den abuztuan talde horrek bide gogorra eta zuzena zabaldu zuen Tien Shan mendilerroan dagoen Militar Topografoen mendian (6.873 m). Gogoratu behar dugu gailur hori Tien Shaneko laugarren garaiena dela; Pobeda, Khan Tengri eta Pshavella dira altuagoak. Mendiaren izenari dagokionez, sobietarren garaitik hartutakoa da.

Alpinistok mendiaren hego-mendebaldeko murru zorrotzean ‘Mundu galdua’ bidea zabaldu zuten. Zuzen-zuzena, eta oso zaila: 6B errusiar eskalan. Hots, maila gorena. Denera, sei egun behar izan zituzten jarduera osoa biribildu ahal izateko. Parfenovek berak aitortu du inoiz egin duen igoera zailena izan dela. Teknikoki oso gogorra den mendi horrek igoera oso gutxi jaso ditu. Azken hori kontuan hartuta; denera, bost.

Beste sari bat

Azken hamabost urteotan bezala, ‘Altzairuzko aingeruak’ izena duen saria banatu da. Bide batez aipatu behar dugu azken ekitaldiak keinu berezia egin diela emakumezkoei.

Eta sariarekin egin direnak Galina Terentyeva eta Olga Lukaxenko izan dira. Eskalatzaileok Pamir-Alai mendilerroan dagoen Slesov mendian (4.240 m) jardun zuten. Helburu oso erakargarria zuten: ‘Perestroika’ bidea. Sokada errusiar horrek aukera izan zuen arrokazko marra hori era askean igotzeko; hori egiten hirugarren emakumezkoak izan dira. Haien aurretik, Lyn Hilll (Greg Childekin eskalatu zuen) eta Nastja Davidova esloveniarra eta Iva Bozic kroaziarra daude.