INFO

Seaskako ikasleek brebetaren galderak frantsesez jasoko dituztela iragarri du Parisek

Frantziar Hezkuntza Ministerioak gutun baten bidez jakitera eman duenez, brebeta azterketaren frogetako azalpenak frantses hutsean azalduko dira 2024an. Baionan Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzarare aurrean bere haserrea azaldu du Seaskak.

Peio Jorajuria lehendakaria eta Seaskako beste ordezkariak, gaur eguerdian, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Iragan urteko martxoan Frantziar Hezkuntza Ministerioarekin erdietsitako akordioari esker kolegioa bukatzerakoan egiten den brebeta azterketa euskaraz osorik idatzi ahal izan zuten Seaskako ikasleek.

Hala, ikasten duten hizkuntzan egin zituzten Seaskak dituen bost kolegioetan jarduten duten ikasleek. Orotara 270k ikaslek pasatu ahal izan zuten kolegio ostean jasotzen duen ziurtagiria eskuratzeko azsterketa euskaraz.

Azterketa horiek egiteko konsignak edo galderak frantsesez eta euskaraz jaso zituzten. Zientzietako azterketaren inguruan gibelaldia gertatu arte, hala zen lehenago ere.

 

Gaur eguerdian Baionan Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzaren aurrean deituriko agerraldian Seaskak jakitera eman duenez, atzerapausua eman nahi du ikasturte honetan Hezkuntza Nazionalak, azterketei buruzko gaiak eta horien gaineko azalpenak frantses hutsean emanez.

«Erabakia eskubide urraketa larria eta atzerapausu onartezina» dela salatu du Iban Thicoipek, Bernat Etxepare lizeoko lehendakariak, hedabideen aurrean.

Hezkuntza Ministerioaren ezjakintasuna agerian jarri du, bestalde, azterketaren baitan ikasleek erantzun behar dituzten Historia, Geografia eta Matematika frogei dagozkien azalpenak frantsesez eta euskaraz jaso zituztelako, atzera gehiago egin gabe, iazko ekainean, Seaskako kolegioan ikasten duten gaztetxoek.

Berdintasuna eta segurtasuna, izpide

Hezkuntza Ministerioak brebeta pasatzen duten ikasle guztiei «berdintasuna eta segurtasuna» bermatzeko hartu duela erabakia azaldu du.

2024ko brebeta azterketari buruz joan zen astean Seaskak jaso zuen gutunean Hezkuntza Ministerioak gaineratu zuenez «berdin da zer hizkuntzan erantzungo zaion azterketari, bai gaiak baita azalpenak jasotzen dituzten agiriak frantsesez jasoko dira eta eskualde hizkuntzera ez da itzulpenik egingo».

Ikastoletako ordezkariek beren kexa azaldu dute ulergaitza egiten zaien erabaki horren aurreran, brebeta azterketa euskaraz egiteko aukera eman bai, baina azterketaren frogei behar bezala erantzuteko orduan frantsesa inposatzen duelako. «Bi pausu aitzinean, bat gibelean» jokatzen duela salatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Frantziar Hezkuntza Kodea eskuetan, erabakia bertan behera gera dadin borrioka emateko asmoa agertu dute.