INFO

Azokak bost egun bakarrik iraun ez dezan, benetako fantasia

Fantasia. Belaunaldi gazteei egindako keinua da aurtengo leloa. Durangoko Azoka oasia izan ohi da urte osoko errealitatean, baina ez da ilusio optiko bat, euskal kulturaren gihar erakusle ere bai baita. Gerediaga Elkartearen nahia fantasia Durangoko Azokara bakarrik ez mugatzea da.

Argitaletxeetako kideak muntaketa lanetan, irekieran dena prest egon dadin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Durangoko Azokari iritsi zaio ateak irekitzeko unea. Asteazken honetan hasiko da euskal kulturgintzaren festa eta aldarrikapen ekitaldiak eta ez du atsedenik hartuko igandera arte. Bidean, besarkadak, begiradak, irribarreak, gogoetak...

Oparo dator aurtengo uzta. 950 nobedade, 170 partaide, 257 erakusmahai eta 265 ekitaldi hartuko ditu bere baitan Landako Guneak. Nobedadeen artean liburuak dira nagusi (689), atzetik 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen.

Musika produktuen hazkundea nabarmentzekoa da –iaz baino 38 ale gehiago– eta horrekin batera, komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra (aurreko urteetatik datorrena). Honi lotuta dator berrikuntzetako bat, marrazkilarien lana bertatik bertara ikusteko aukera izango baitute bisitariek pantailen bidez.

Ezin zifrak ahaztu. 715.000 euroko aurrekontua du edizio honek. Erakundeek %60 eman dute, babesle pribatuek %13 eta sarrera propioak %27ra iristen dira. Gerediaga Elkarteko kideak eskertuta agertu dira.

Izurri garaiak ahaztuta, online denda ‘pausse’ moduan jarri dute. Presentzialtasunaren aldeko apustua egin da. 10.30etik 20.00etara zabalduko ditu ateak Landakok, azken egunean izan ezik: abenduaren 10ean, 18.00etan itxiko ditu ateak, gune desberdinetako egitarauak martxan jarraitzen duen bitartean.

Garraioari dagokionez, doako autobus zerbitzua martxan egongo da. Iurretako autopista irteerako parkinetik 30 minuturo aterako da autobusa, abenduaren 10ean salbu.

Fantasia

Kulturgintzaren festa eta aldarrikapena Azokaz harago gauzatzea litzateke benetako fantasia?, Izaskun Ellakuriagari atzo luzatu genion galdera. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna da eta Azokako komunikazio taldeko kide ere bai. Zubi lana da berea. Komunikazio taldearen eta antolakuntzaren artekoa. Webgunearen ardura nagusiena ere bere gain dauka.

Izaskun Ellakuriaga. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Landakok ateak ireki bezperan galtzak bete lan izanagatik, adeitsu egin zion tarte bat NAIZi. «Azokak nahiz zentralizatatea izan, euskal kulturgintzan urtean zehar gertatzen denaren erakusleiho nagusi modura, ideala litzateke herri ezberdinetan Azokaren itzalean edo Azokaren arrastoari jarraiki beste azokak –ez derrigorrez klonak– egingo balira. Izugarri poztuko ginateke. Hemen sortzen den sinergia, indarra eta bizigogoa baliatuz nik uste euskarazko sorkuntza ardatz hartuta ekimen asko egin daitezkeela. Sortzen den guztia ez dadila izan bost egunez bakarrik ikusi eta gozatzekoa. Herritarrek erantzuten badute horrek aberastu egingo du hurrengo urteko Azoka eta ekosistema guztia. Durangoko Azokaren unibertsoan denetariko eragileak daude. Sortzaileek hartzaileak behar dituzte ekosistemak bizirauten jarraitzeko. Hori bai izango litzatekeela fantasia. Eta espero dezagun fantasia hutsean ez geratzea», adierazi zuen.

Bi hamarkada Landakon

Andra Mariko elizako arkupea, Merkatu Plaza, hainbat orubetan jarritako karpak… makina bat tokik hartu dute Azoka. Hogei urte dira Azokak Landako Gunera jauzi egin zuenekoa. «Urteko burukomin bat gainetik kentzea» suposatu zuen Gerediagarentzat. «Urtero-urtero Durangon libre zegoen eta erabilgarri izan zitekeen orubearen bila ibiltzen ginen», gogoratu du.

Landako eraiki eta laster igaro ziren bertara. Hogei urte ez dira alferrik joan. Eraikinak eta gabeziak ere baditu. «Karpetan itokinak egoten ziren. Landakon ere, zoritxarrez, tarteka izaten ditugu, euria egiten duenean. Konponbidea ematen saiatzen gara. Udalak ere teilatuan egiten ditu konponketak».

Udal jabegoa du eta ekitaldietarako alokatu egiten den pabiloia da. «Udal jabegoko enpresa sortu zen eraikina kudeatzeko, une honetan ez dakit zein egoeratan dagoen, baina Udalak berak zuzenean kudeatzea du asmoa. Guk alokairua ordaintzen dugu; egia da Durangaldeko elkartea garen neurrian prezio berezia dela», esan zuen.

Salmahaietan lanean zein sinatzen ari diren editore, sortzaile eta bestaldean dauden bisitariak ere ezin pozago lekualdatzearekin. «Durango erdigunean dago, garraio publikoan datozenentzat ere toki aproposa da. Aparkalekua ere badu eta lanera datozen partaideek lekua izaten dute bertan eta eskertzen dute. Nahi beste toki ez dago baina, ahal dugun neurrian».

Garai hartan irudikatzen al zenuen egun duen dimentsioa, guneen dinamika eta elkarlana? «Ez, inola ere ez. Ez nik ez sasoi hartan Gerediagaren bueltan genbiltzanok. Duela 12-15 urte hasi genuen gaur egungo Azokaren eraldaketa. Eragile ezberdinekin hitz egin eta liburu eta diskoez harago kultur programazio osoa eskaintzeko egitasmoari ekin genion. Hori orain 20 urte ez genuen pentsatzen horrela izango zenik. Egia da kultur programazio paraleloa beti egoten zela, beti izan du bere areto nagusia eta bertan egin izan dira aurkezpenak eta mahai-inguruak. Kontzertu bereziak ere antolatu izan ditugu Zugama zineman edo Kurutziaga zinema zaharrean edo Andra Mari elizpean ere bai. Cambridge diskoteka urte batean hartu genuan bost elkartek eta elkarrekin kudeatu genuen lehenengo Ahotseneako saioen antzekoak… Beti egon da saltoki hutsa izatetik haragoko asmoa eta egitea baina modu koordinatuan, elkarlanean eta beste presentzia batekin duela 15 urte edo ekin genion bideari hainbat eragilerekin batera. Gero ikus-entzunezkoari lekua egin zitzaion, arte eszenikoei ere bai, pixkanaka mundu digitalera ireki ginen eta urtez urte gaur egungo guneen eta diziplina anitzen Azoka izatera heldu gara».

Aurrera begirako erronkei heldu diegu. Azken urteotan gazteenganako transmisioak duen hutsuneaz kezka agertu du sektoreak. Eta aurten, leloa bera ere, gazteei eginiko keinua da. «‘Fantasia’ leloaren bidez zuzenean gazteei zuzendu gatzaizkigu. Eurek erabiltzen dute zerbait itzel gustatzen zaiela adierazteko. Gazteek Azoka bertatik bertara bizitzea da nahi duguna. Bertara erakartzen baditugu lortuko dugu errepikatzea eta fantasia bezala bizitzen badute ahoz ahokoari esker zabalduko da. Eurak dira etorkizuneko hartzaileak eta Azokari eutsiko diotenak. Hartzaileak behar ditugu eta egin behar ditugu».