INFO

EAJk eskumenei buruzko kexa berretsi duen bitartean burujabetza izan du aldarri EH Bilduk

EAJk eta EH Bilduk, bakoitzak bere ñabardurekin, 1978ko espainiar Konstituzioak nazioen eskubideei dagokioenez utzitako hutsuneak plazaratu dituzte. Aitor Estebanek betetzeke dauden eskumenak izan ditu aipagai. Oskar Matutek, berriz, herrien erabakitzeko eskubidea izan du aldarri.

Haur batek Konstituzioa irakurtzen, asteazkenean Madrilen egin zen ekitaldian. (CONGRESO | EUROPA PRESS)

Espainiar Konstituzioaren urteurrena betetzen den egunean, 1978an onarturiko lege nagusi horrek nazioen eskubideak egikaritzeko orduan sorturiko oztopoak aipagai izan dituzte EAJk eta Euskal Herria Bilduk.

Bakoitzak bere ñabardurekin Konstituzioa indarrean izan den aroan nazioen eskubideen alorrean izan diren gabeziak mahaigainean ezarri dituzte EAJk Diputatuen Kongresuan duen taldeko bozeramale del Aitor Estebanek, alde batetik, eta ganbara berean Euskal Herria Bildu ordezkatzen duen Oskar Matute diputatuak, beste batetik.

Hierro uhartean Konstituzioari buruz antolaturiko eztabaida batean parte hartu du Estebanek, eta bertan ulergaitzatzat jo du 1979an onartu zen Gernikako Estatutuaren «kasik 30 bat eskumen oraindik ere bete gabe izatea». Bere esanetan, horrek «zentzu handirik ez izateaz gain, ez du ezer onik esaten Konstituzioari berari buruz».

Kontseilu Judiziala berritzeko prozesuak azken bost urteetan ezagutu duen blokeoari aipamen zehatza eginez, espainiar alderdi handiei Konstituzioan idatzita dagoena ez sinistea egotzi die Estebanek.

Edozein kasuan, 45 urte pasa eta gero testu hori «aldatzeko beharra» defendatu du diputatu jeltzaleak.

EAJk ez zuela Konstituzioaren aldeko botoa eskatu, abstentzioa baizik, gogoratu du Estebanek; hain zuzen, nazioen aitortzari buruz testu horrek zituen hutsuneengatik.

Egungo egoerari itzulita, ondorengo erronkak aletu ditu Estebanek. Hala, «aitortza nazionala, aldebikotasuna eta gaur gaurkoz Auzitegi Konstituzionala ordezkatzen ez duen arbitro neutral bat».

«Harresia gaindiezina ezin da izan Konstituzioa»

Espainiar Konstituzioak nazioen eskubideen ikuspuntutik utzi duen uzta eskasa nabarmendu du, bere aldetik, Oskar Matutek.

EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadin eta saio horretan 1978ko Konstituzioak ezarri zuen Estatu ereduak, «autogobernuaren maila ezberdinak aitortu arren», ez ziola funtsa nagusiari erantzun oroitarazi du, hau da, ez zuela «haien etorkizuna erabakitzeko Euskal Herriko, Kataluniako, eta Galizako herrien burujabetza aitortu».

Ildo horretatik, EH Bilduk ez duela onartzen Konstituzioa «euskal gizarteak duen borondatea saihesteko harresia gaindiezin» bilakatzea agerian jarri du Matutek.

Euskal gizartearen gehiengoak, beti ere gutxiengoen errespetuan, erabakiko duena onartzea dela bere formazioaren xedea gehitu du ordezkari soberanistak.

«Hori da EH Bilduk aurrera eraman nahi duen borondate politikoa eta horretarako egungo testuak, Konstituzioa barne, eguneratu ahal dira edo, beste era batean, argi eta garbi adierazi behar da Konstituzioa ezin dela izan herriek izan ditzaketen asmoak gelditzeko harresia».