INFO

Hasi da erregai fosilen negoziazio handia, COP28aren baitan

Erregai fosilen mendekotasuna nola eta noiz bukatu eztabaida betean sartu dira asteon COP28 gailurrean, Dubain. Zirriborro hagitz irekia dute. Bitartean, zientzialari talde batek ohartarazi du zazpi urtean mundua gradu eta erdi baino gehiago berotu daitekeela.

COP28 konferentzia egiten ari dira egunotan Dubain. (Giuseppe CACACE | AFP)

COP28 konferentziak marka guztiak hautsi ditu, 80.000 ordezkarik baino gehiagok eman baitute izena parte hartzeko. Egunotan egiten ari da, Dubain, eta agintariak negoziazio betean dabiltza. Ostiraletik aurrera, ministroen ardura izanen da mahai gainean jarritako aukeren artean hautatzea. Aukera horiek ez dute zer ikusirik batak bertzearekin.

Klima larrialdiari buruzko 28. konferentzia, Arabiar Emirerri Batuak buru direla egiten ari dena, abenduaren 12an itxiko da ofizialki, heldu den asteartean. Helburu nagusia negutegi efektuko gasak murrizteko nahi kolektiboa handitzea da, epe berriak, konpromiso sendoagoak eta ahalik eta finantziatzeko zenbakirik zehatzenak ezarrita.

Erregai fosilek eragindako kutsadura %1,1 igo zen joan den urtean, Global Carbon Project klima adituen taldeak emandako informazioaren arabera. Zientzialarien iritziz, hemendik 2030era bitartean planeta gradu eta erdi baino gehiago berotzeko arriskua %50ekoa da. Gradu eta erdiko muga jarri zuten 2015ean Parisen egindako Akordioan.

Hiru aukerako zirriborroa 

24 orrialdeko zirroborro bat plazaratu zuen NBEk asteartean. Bertan agertzen dira COP28an eztabaidatzen ari diren hiru aukerak: petrolioa, gasa eta ikatza. Lehen aukera «erregai fosilak uzteko irtenbide ordenatu eta justu bat eskatzea» da, datarik aipatu gabe.

Bigarrena, erregai fosilak uzteko ahaleginak handitzea da, «hemendik mendea amaitu arte». Hirugarren aukera oraindik irekiagoa da: «Testurik gabe». Hau da, errealitate deseroso hori erabat baztertzea: mundua erregai fosilen mende dago gaur egun ekoizteko, kontsumitzeko eta mugitzeko, eta momentuz ezin ditu ezabatu.

 

Jaber konferentziaren buruak oroitu zuenez, negutegi efektuko gasak %43 gutxitu behar dira hemendik 2030. urtera. Oraingo erritmoan, %2 soilik murriztuko da, NBEaren arabera.

 

Arabia Saudiko Energia ministroa, Abdulaziz bin Salman, petrolioaren kontsumoa gutxitzearen erabat kontra agertu zen. «Publikoki erregai fosiletatik aldendu behar dugula esaten duten horiei guztiei desafio bat planteatzea gustatuko litzaidake. Izena eta telefono zenbakia emango dizkizuet, dei iezaiezue eta galdetu nola egiten den hori», adierazi zuen elkarrizketa batean.

Badirudi Txinak jarrera hori babesten duela.

Brasilgo negoziazio buruak, Andre Correa do Lagok, zuhur erran zuen eztabaida egituratuago bat behar dela.

«Herri pobre batek petrolioa aurkitzen badu, nola esango diogu ez esplotatzeko, inork laguntzen ez badio?», planteatu zuen Pedro Luis Pedroso kubatarrak.

COP28aren burua Sultan Al Jaber petrolio konpainia da. Erregai fosilak murrizteko prest azaldu zen, ezabatzeko ez, ordea.