INFO

Great Osobor saskibaloi jokalari nafarrak NBAn amaitu nahi du Tuteran hasi zuen bidea

Erriberako hegal-pibota Ingalaterrara joan zen gurasoekin 12 urte zituela eta orain, 21 urterekin, NCAAko Utah State Unibertsitatean sekulako maila ari da ematen, batez beste ia 21 puntu eta 10 errebote lortzen baititu. Hauxe da bere hirugarren urtea AEBetan, baina badirudi elitera iritsi litekeela.

Great Osobor Tuterako semea, saskira bidean indartsu. (@UTAH STATE)

Great Osobor du izena eta Tuterakoa da 21 urte, 2,03 metro eta 105 kiloko mutil hau. Egun NCAAn ari da saskibaloian jokatzen Utah State Unibertsitatean, hegal-pibot postuan, Soziologia ikasten ari den bitartean. Bere helburuetako bat NBAn jokatzea omen da, eta gezurra badirudi ere, mundu guztia orain bere izena errepikatzen ari bada ere, bere hirugarren urtea da hau AEBetan, aurreneko bi urteak Montana Staten eman eta gero.

Izan ere, Hego Euskal Herrian, EAE eta Nafarroa biak batuta, saskibaloia da lizentzia kopuru handiena duen kiroletako bat. 2022ko zenbakiak aintzat hartuta 35.000 lizentzia pilatzen zituzten ia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean eta ia 6.500 Nafarroak. Bada, 40.000tik gora ari gara aipatzen. Horietatik, noski, oso kopuru txikiak lortzen du eliteko mailara iristea eta gehiengoarentzat ogibide izan daitekeenik ez da burutik ere pasatzen.

Baina maila altua ematen duten horientzat ibilbideak ugari dira ahal bezain goren iritsi ahal izateko. Horietako bat unibertsitate ikasketak AEBtan eginaz saskibaloia uztartzea da. Zaharragorik aipatu gabe, euri asko bota du Iker eta Antxon Iturbe anaiek NCAAn ibilbidea osatu zutenetik, eta euria ez ezik, jokalariak, gizon zein emakume, tantaka bada ere bide beretsua egiten joan dira, nahiz eta gehienek ez duten kirol eliteko bidea aukeratu –edo kirol eliteko bide horrek iskin egin die–. Inor gutxi oroituko da, adibidez, Alex Ramon eta Jon Ander Cuadra gasteiztarrekin,Javier Lacunza iruindarrarekin edo Oscar Garcia bilbotarrarekin.

Beste batzuek elitea ez dute zapaldu, baina NCAAko ibilbidea eta gero lana badute saskibaloi jokalari legez. Jorge Bilbao hegal-píbot bilbotarra Urrezko LEB Ligan egonkortuta dago, baina itxura baten ACB Ligara jauzi egiteko traza handirik gabe, Aitor Zubizarreta ‘Xubi’ Gipuzkoa Basketen ari den antzera. Beste zenbaitek, Tuterako Christabel Osarobok edo Iruñeko Aixa Wone Aranazek, berriz, NCAAn jarraitzen dute, ziklo hau amaitu ostean nondik nora ibiliko diren batere argi ez dagoelarik.

Gutxi batzuek NCAAko lanak ez ezik, eliterako bidea ere jorratu dute: hor daude, adibidez, egun Zaragozan ari den Nerea Hermosa pibot gasteiztarra –azken aldian Espainiako selekzioaren deialdietan gero eta leku handiagoa lortzen ari dena gainera– edo Lugoko Ensinoko antolatzaile titularra den Ane Olaeta antolatzaile gernikarra.

Jokalari bidaia-zalea

Great Osobor hegal-pibot nafarrak ere azken hauen bidea jorratu nahiko luke, noski, eta ahal bada gorago iritsi. Tuteran jaio eta hazi zen John eta Mabel Osoborren semea, baina 12 urterekin Ingalaterrarantz jo zuen familiarekin lan kontuak direla-eta, Bradford aldera.

«Lan kontuek eraman gintuzten handik, baina nire semea nafarra da, Erriberakoa, inondik ere, onartu du John aitak ‘Noticias de Navarra’ egunkariari eginiko adierazpen batzuetan. Udan Iruñean egon zen eta ahal duelarik, harantz jotzen du, umetako lagunekin egon nahian».

NBA urruti dago eta bidean aurrera egitea asko kosta zaio Tuterako Genesis taldean saskibaloia ezagutu zuen 2,03 metro eta 105 kiloko hegal-pibot honi. Hasteko, 12 urte zituenetik Ingalaterran aritzeak Nafarroako edo areago, Espainiako Federazioko begiradatik urruti mantentzea suposaqtu dio. Hala, 2002an jaiotakoa izanda, bere adin bueltako jokalari diren Usman Garuba –egun NBAn dabilena–, Adria Domenech, Jeffrey Godspower, Golden Dike, Alonso Faure eta antzekoek bidea itxi diote gazte mailako torneoetan Osoborren jarraipenik egitea asko zaildu da.

Harik eta Prestongo Myerscough College saskibaloi akademian 2020/21 denboraldian izena eman eta bere burua ezagutarazten hasi zen arte, inor gutxi oroitzen zen bazela behinola Tuterako Genesis taldean antolatzaile bezain erraz pibot jokatzen zuen mutiko beltz bat, aurrez Robinson Idehen –Tuterakoa hau ere, pasa den abenduan tibia eta peronea hautsi zituenetik geldirik– ibili zen moduan.

Prestonen 18,7 puntu, 11 errebote, 1,7 asistentzia eta  1,3 txapel lortu zituen batez beste eta NCAA ate-joka hasi zitzaion. Are gehiago, NBL1 mailan Bradford Dragons taldearekin 2021eko HoopsFix U19 All-Star Classic delakoan MVP aukeratu zuten ostean, 17,1 puntu eta 10 errebote lortuta.

Hasteko eta bat bi urte eman zituen Montana State Unibertsitatean, eta bere «Freshman» urtean –aurrenekoan, alegia–, NCAAko txapelketa nagusia jokatzen den «March Madness» delakoa –martxoko eroaldia– ezagutu zuen. Bi urte horietan batez beste 7,8 puntu eta 4,3 errebote pilatu zituen partidako, 63,7% asmatuz jaurtiketetan. Bere bigarren urtean ia 10 puntu lortu zituen batez beste partidako eta «Big Sky Top Reserve» delako garaikurra ere eskuratu zuen denboraldi amaieran.

Alabaina, Soziologiako ikasleak lekuz aldatzea erabaki zuen eta Utah State Unibertsitatera jotzea erabaki zuen. Beste zenbait unibertsitate bezain ezaguna ez bada ere, gerora Real Madrilen bikain aritu ziren Brian Jackon edo Jaycee Carroll hantxe «egositako» jokalariak izan ziren. Great Osoborrek unibertsitatera salto egin bezperetan «NBAn ez bada, maila altuko ligaren baten lekua egitea nahiko nuke» adierazi zion ‘Zonadebasquet.com’ webguneari, eta ez dira adibide txarrak aipaturiko bi jokalariak.

Bada, kamiseta aldaketa ez doakio gaizki, inondik ere. orain arte zortzi partida jokatu ditu eta guztietan atera da hasierako bostekoan. Batez beste 33 minutu pasatxo ari da jokatzen eta 20,5 puntu eta 9,6 errebote ari da sinatzen. Taldeko jokalari garaienetakoa izanda, uztaipeko lanetan nabarmentzen da Tuterako semea eta hargatik ez da harritzekoa, batetik, hirukorik bota ez izana orain arte –aurreko bi denboraldietan orotara lau bota zituen eta bakarra saskiratu–, eta bestetik %60tik gora asmatzea bere jaurtiketetan. Jaurtiketa libreen marran, aldiz, %66aren bueltan dabil.

Ondorioz, azken asteotan bat eta bi baino gehiago oroitu dira behinola Tuteran jokatu zuen mutil hartaz eta, bada, NBAren ametsa xaxatzen hasi dira bere inguruan, batez besteko ederrak dituela baliatuta. Inoren burua ametsetan jartzea eguneroko lanari ekitea baino errazagoa da, izan ere.

Zalantzarik gabe, gaia badu Great Osoborrek, eta indarra ez ezik, abiadura ere nabari zaio. Baina oraidik bistan da baduela zer hobetua eta, era berean, NBA baldin bada bere helburua, zaila dirudi Utah Staten egiten ari den lan horrek drafteko ateak zabltzea. Dagoeneko NBAko draftean izena emateko adina dauka, baina urte eta erdi geratzen zaio unibertsitateko zikloa amaitu bitartean. Ikasketei heltzen jarraitzeko ez ezik, jokoa fintzen joateko abagune aparta izango du ere Great Osoborrek. 

«Hau hasiera baino ez da. Ikusiko duzue nola hoberantz egiten duen», dio John aitak, nolanahi. Asteazkenean San Diegoren aurka 81-108 nagusitu ziren Great Osobor eta bere kideak. Hegal-pibot nafarrak 19 minutu baino ez zituen jokatu, neurri baten aurreneko erdirako dena erabakita geratu zelako, 36-53ko emaitzaz. Hala, Tuterako mutilak 14 puntu sartu zituen –8tik 4, jaurtiketa libreetan–, eta lau errebote eta bi asistentzia izan zen taldeari egin zion ekarpena. NBA urruti dago oraindik, baina tira, noizbait iritsiko da Euskal Herrian sortu eta munduko saskibaloi ligarik onenean lekua egiten duen aurreneko jokalaria ere, ezta?