INFO

Bigarren etxebizitzen ugaritzea oztopatzeko kanpaina abiatuko du Herrian Bizik

70 bat eragilek bat egin dute Hiriburun Herrian Bizi-Se loger au Pays plataformak deituriko biltzarrarekin. Bertako erakundeek bultzaturiko hainbat neurri aurrerapausotzat jo arren, bigarren etxebizitzen ugaritzeari traba jartzeko kanpaina iraunkorra abiatuko dute urtarriletik landa.

Baionako Patxa plazan marrazturiko muralaren aitzinean —argazki erraldoia» egiteko deia zabaldu du Herrian Bizik. (Patxi BELTZAIZ)

Etxebizitzaren auzia eztabaidaren erdigunean da Ipar Euskal Herrian.

2023. urtea bereziki oparoa izan da oinarrizko eskubidea bihurritzen dituzten jarduerei muga ezartzeko egitasmoei dagokionez.

Esaterako, joan zen martxoaren lehenean indarrean sartu zen Euskal Elkargoak onarturiko konpentsazio araua. Horren arabera etxebizitza turistiko bakoitzeko urte osoko alokairuari zuzendutako ondasuna merkaturatu behar du etxe-jabeak.

Ildo beretik, tokiko erakundeek fiskalitateari buruz gaitasun murritzak badituzte ere, bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen gaineko zergak emendatzera jokatu dute hamarnaka udalek.

Higiezinen gaineko tentsiopeko gunean Lapurdiko 24 udalerri sartu zituen Euskal Elkargoak.

Alta, arazoak duen dimentsioa ikusita lurralde mailara eramateko arauak nahikeria agertu du erakundeak, bide batez alokairuen prezioen gaineko neurriak defendatuz.

Deszentralizazioaren aro berria irudikatzen den heinean, politika publikoak bultzatzeko gaitasuna eskuratzearen aldeko aldarrikapena gero eta sostengu handiagoa biltzen du gaur egun Ipar Euskal Herriko erakundean.

Blokeo saio berri bat Asanblea Nazionalean

Testuinguru horretan, ezinbestean, etsipena eragin du Parisko Asanblea Nazionalean MoDem (zentristak), Errepublikanoak (LR) alderdiak eta Marine Le Penen eskuin-muturrak haien botoak batu izana Airbnb bezalako plataformaren bidez egiten diren egonaldi laburrendako alokairu-kontratuak arautzeko proposamena blokeatzeko.

Gune turistikoetan «etxebizitza eskaintza berrorekatzea» xede zuen Biarno eta Ipar Eskal Herriko hauteslegoz osaturiko laugarren barrutian hautatua izan zen Iñaki Echanizek (PS), Emmanuel Macronen gehiengoaren diputatu den Annaïg Le Meurrekin batera (Renaissance) aurkezturiko proposamena.

Beste behin ere, oposizioak eztabaida gibelatzera jokatu du emendakinen bidez. «Jokabide oztopatzaile» horrekin bat egin du hala nola Florence Lasserre Angeluko diputatu zentristak. MoDem-en proposamena horretatik bere izena eretiratu du, ordea, alderdi bereko den Vincent Bru diputatu kanboarrak.

Etxebizitzaren krisiak ezin duela gehiago itxaron adierazi dute argi eta garbi  Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek.

Pariseko legebiltzarren gertatukoari buruz bere kexa azaldu du Emmanuel Macronen alderdikoa den Jean-Rene Etchegaray lehendakariak.

 

Sare sozialen bidez beste hainbeste egin du Euskal Herria Baik. «Momentua baliatu nahi dugu LR, RN eta Modemeko diputatu batzuek, tartean, Florence Lasserrek, urte osoko alokairuak babesteko legearen aurka egin izana salatzeko» adierazi du Herrian Bizi plataformak Hiriburun, abenduaren 7an, egin duen biltzar nagusian parte hartu duen alderdiak.

Xabi Thicoipe hautetsi abertzaleak bertatik bertara erabakiak hartzeko premia areagotzen duela Parisen gertaturiko blokeoa defendatu du, bere aldetik.

Gizarte zibilean dinamika azkarra dagoela Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitza babesteko ezaguna da. Hala, Alda mugimenduak hitz gogorra izan ditu, baitaere, alokairu turistikoen kudeatzaile handien mesedetan harturiko jokabidea.

Joan zen apirilaren 1ean Baionan egin zen manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan epe zehatza eman zuten Herrian Bizi plataforman lan egiten duten eragileek bigarren etxebizitzen etengabeko ugaltzeari gelditzeko.

«2024ko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu onartuko bizitoki nagusia den etxebizitza bakar bat ere erosia izatea bigarren etxebizitza bilakatzeko. Publikoki, tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu», ohartarazi zuten 3.500 lagun euripean bildu zituen martxaren amaieran Maialen Errotabeherek eta Txomin Heguyek.

Ondorioz, Hiriburun atzo iluntzean eginiko bileran 2024ko urtarriletik goiti bilakaera hori, ekintzen bidez, oztopatzeko kanpaina iraunkorra abiatzeko asmoa berretsi zuten.

«Bigarren egoitzak Aski» leloa hartuko duen dinamika horretan parte hartzeko prest diren herritarrei zuzenduriko lehenengo hitzordua eman du plataformak, gaur plazaraturiko oharraren bidez jakitera eman duenez.

Hala abenduaren 31ean, 13.00tan, Baionako Platxa plazan plataformaren borroka aipatzen duen muralaren aurrean hitzordua eman dute «argazki erraldoia» egiteko.