Kantxan bezala sailkapenean, agintzen jarraitzen dute Elordi eta Rezustak
Artolak eta Imazek aurreko bi jardunaldietan baino gehiago estutu badituzte ere, mallabitarrak eta bergarrak oso bikote sendoa direla berretsi dute aupegi berria erakutsi duen Atano III.ean.
Artola oso ausart eta defentsan bikain moldatu den Imazek aurreko bi jardunaldietan baino gehiago estutu badituzte ere, Aitor Elordik eta Beñat Rezustak jokoan erakutsitako agintea sailkapenean ere islatzeko gai izan dira aurpegia berrituta agertu den Atano III.ean txapelketako hirugarren puntua eskuratuta. Orain arte elkarrekin askorik jokatu gabeak ziren arren, mallabitarrak eta bergararrak oso ondo hartu dute elkar txapelketa honetan eta lider sendoak dira, denborarik gehienean erasoan aritzeko gaitasuna erakutsiz.
Hamar egunetan hirugarren txapelketako partida zuten arren, berriz ere freskotasuna izan da Elordi eta Rezustaren bereizgarria eraberritutako Atano III.ean, hasierako bi tantoetan kenduta, partidaren zatirik handienean kantxan aginduz. Margotu berri dagoen frontisean pilotak ez du irteerarik galdu eta atzelari ezkerrak, baina baita Elordik ere, urrun mantendu dute Ander Imaz eta honek errematera pasatzeko aukerak eman dizkio eraginkor aritu den mallabitarrari.
72 ordu lehenago jokatzetik zetozen Iñaki Artolak eta Ander Imazek defentsan lan ona egin badute ere, Aspeko bikoteak ia hasieratik hartu dute markagailuaren agintea eta azkar xamar eskuratu dute bost tantotako aldea (10-5). Azkenaldian bezala, oldarkor aritu da Iñaki Artola aurreko koadroetan, aukera zuen bakoitzean gorriei erritmoa aldatu nahian, baina tarteka ale ederrak utzi dituen arren, txaparekin zorte handirik gabe, huts batzuk ere pilatu ditu, faboritoei lanak erraztuz.
Elordiren sustoa
Baina partida bere erdialdera gerturatu denean susto handi xamarra eraman du Aitor Elordik, bere atzelariak 10-6 zirela jotako bi paretako batek, nahiko gertutik gainera, bete-betean matrailean eman baitio. Zorionez, ez da hortik pasa eta mallabitarrak jokatzen jarraitu ahal izan du. Hortxe gerturatu dira bi tantora Baikokoak (10-8), baina pilotakada askorik jo beharrik gabe berriz ere ihes egin dute mallabitarrak eta bergararrak, bigarren atsedenaldi luzerako zazpi tantotako alderik handiena eskuratuz (18-11).
Atsedenerako denbora gutxiago izan eta partida oso maldan gora zuten arren, etsirik ez du, inolaz ere, hartu bikote gipuzkoarrak eta pilota zekenago batekin, Rezusta deseroso sentiarazi dute, bergararrak zailtasunak izan ditu Artolari aukerako pilotarik ez uzten eta txintxarria oso eraginkor aritu da aurreko koadroetan, berriz ere desabantaila bi tantotara ekarriz.
Hala ere, 38 pilotakadako tanto luze baten ostean, Rezustak ondo baztertutako pilota ez du grisean jartzerik izan Ander Imazek eta hortxe amaitu dira Baikokoen erreakziorako aukerak, nahiz eta Iñaki Artola saiatu den, gorputz eta arima, aurkarien erritmoa hausten.
Aldabek ezin debutean irabazi
Enpresak debut zaila ipini dio eta 27 urterekin debutatu duen Joseba Aldabek 18-8 galdu du, Dariorekin batera, Zabala-Erostarberen aurka. Igantziarrak pilotaren bizitasuna nabaritu du, apur bat kosata zaio kantxan kokatzea eta ez du ohikoa duen mailarik ematerik izan, joko sasoi oso onean diren bikote baten aurka.
FITXA TEKNIKOA
Elordi-Rezusta: 22
Artola-Imaz: 17
Pilotakadak: 554. Iraupena: 70,03 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 4-3, 4-4, 6-4, 6-5, 10-5, 10-8, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11, 18-11, 18-16, 20-16, 20-17, 22-17. Sakeak: 1 Elordik eta 1 Artolak. Egindakoak: 6 Elordik, 5 Rezustak, 10 Artolak eta 0 Imazek. Galdutakoak: 4 Elordik, 4 Rezustak, 9 Artolak eta 1 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita, 1236 ikusle, eraberritutako, kantxa grisez margotu dute, Atano III.a pilotalekuan.