INFO

Petrolio ekoizleen elkarteak esandakoak COP28ko bi blokeen arteko talka areagotu du

Erregai fosilei buruzko aipamenak bazter ditzatela eskatu die asteon OPEPek COP28ko herrialdei, eta bi blokeen arteko talka areagotu du mandatuak: Errusia eta Saudi Arabiak ez dute fosilen inguruan hitz egin nahi; EB eta Estatu Batuak, berriz, energia hau amaitzeko konpromisoaren aldeko dira.

Protesta Filipinetan, Dubain egiten ari den COP28ko agintariei eskatzeko kutsatzaileei ordainarazi diezaiotela. (Earvin PERIAS | AFP)

Aste honen hasieran, OPEP petrolio ekoizleen elkarteak gutun bat bidali zien COP28ko aliatuei, azken akordioan erregai fosilei buruzko edozein aipamen bazter dezatela eskatu, eta bi blokeen arteko talka areagotu dute hitzok: Errusia eta Saudi Arabiak ez dute erregai fosilen inguruan hitz egin nahi; Europar Batasuna eta Estatu Batuak, berriz, energia hau amaitzeko konpromisoaren aldeko dira.

«Planteamendu errealistak behar ditugu emisioei aurre egiteko», adierazi zuen Chavham Al Ghais OPEP Petrolio ekoizleen elkarteko idazkari nagusiak, funtzionario batek irakurritako adierazpenetan. «Hazkunde ekonomikoa ahalbidetuko duen, pobrezia desagerrarazten lagunduko duen eta aldi berean erresistentzia areagotuko duen bat».

OPEPeko idazkariak klimari buruzko NBEren elkarrizketetan parte hartzen duen lehen aldia izan zen. Saudi Arabia da elkarteko ekoizle nagusia eta, de facto, liderra. Errusia, halaber, OPEP+ taldeko kidea da. Bi herrialde hauek azpimarratzen dute Dubaiko goi bileraren ardatza kutsadura murriztea baino ez dela, kutsadura eragiten duten erregai fosilak aipatu gabe. Horrekin, arriskuan jartzen dute petrolioaren eta gasaren erabilera amaitzeko konpromiso irmoa lortzeko ahalegina.

Beste aldean daude gutxienez 80 herrialde, tartean Estatu Batuak, Europar Batasuna (EB) eta klima aldaketa bereziki zaurgarriak diren hainbat nazio. COP28ko akordioak erregai fosilen erabileraren amaiera argi eta garbi ezartzea eskatzen du talde honek.

Beste herrialde batzuek, hala nola Indiak eta Txinak, ez dute esplizituki babestu COP28an erregai fosilak ezabatzea, baina babestu egin dute herritarrek energia berriztagarriak bultzatzeko egiten duten eskaera.

OPEPeri erantzunak

OPEPen jarrerak herrialdeetako ordezkari batzuen gaitzespena izan dute. «Nazkagarria da OPEPeko herrialdeak presioa egiten aritzea iritsi behar den tokira ez iristeko», esan du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministro espainiarrak.

Agnes Pannier Runacher Trantsizio Energetikoko ministro frantsesak, halaber, agertu du «harrituta» dagoela elkartearen hitzekin, eta bere haserrea adierazi du. «Energia fosilek CO2 isurien %75 baino gehiago eragiten dute», azpimarratu du.

Gailur gogorrena

Asteartean bukatuko den goi bilera amaitzear dagoela, Dubain dauden ia 200 herrialdeetako gobernuetako ministroek bat egin dute erregai fosilei buruzko desadostasunak konpontzeko beharrezkotasunean.

Zentzu honetan, klima aldaketarekiko zaurgarriak diren herrialdeek esan dute COP28an erregai fosilak aipatzeari uko egiteak mundu osoa mehatxatuko lukeela. «Ezerk ez du gehiago arriskuan jartzen Lurreko biztanle guztien oparotasuna eta etorkizuna, OPEPeko herrialdeetako herritar guztiena barne, erregai fosilak baino», adierazi du ohar batean Marshalletik klima gaietarako bidalitako Tina Stegek.

Xie Zhenhuek, klimarako Txinako ordezkari nagusiak, aurtengo goi bilera bere ibilbideko gogorrena dela adierazi du. «16 urte daramatzat negoziazio hauetan parte hartzen. Bilerarik zailena aurtengoa da. Hainbeste gai daude konpontzeko», agertu die kazetariei

Nazioek erregai fosilen etorkizunari buruz ados jartzea lortzen ez badute, goi bilera arrakastatzat jotzeko aukera gutxi daudela adierazi du.

Bestalde, Bhupender Yadav Indiako Ingurumen ministroak «ekitatea eta justizia» eskatu ditu, eta herrialde aberatsek munduko ekintza klimatikoa gidatu beharko luketela adierazi.