INFO

Bil Gaiten taldeak eztabaida giroa berotu du Euskal Elkargoaren kontseiluan

Euskal Elkargoaren kontseiluan eztabaida bizia piztu dute igandeetako lanari buruzko proposamenak eta haurtzaindegi elebidunen sarea sustatzeko xedeaz Bil Gaiten taldeak defendaturiko mozioak. Lehen aldikoz, mozio zuzenketa bat babestu dute kontseilariek.

Euskal Hirigune Elkargoko kontseilua abenduaren 9an iragan zen Baionako Arteen Hirian. (Patxi BELTZAIZ)

Jean-Rene Etchegaray lehendakariaren ustez «hedabideen presentzia» azalduko luke Euskal Elkargoak abenduaren 9an eginiko kontseilua markatu duen eztabaida maila handiak.

Izan ere, bada urtebete eratu zen Bil Gaiten taldeak sustaturiko ekimen batek, hain zuzen haurtzaindegi elebidunak sustatzearen aldeko proposamenak, ezohiko egoera sortu zuzen.

Hala, lehen aldiz, zuzendaritzatik ez datorren proposamen bat onartua izan zen.

Jatorrizko proposamenari zuzenketa aurkeztu zion hamarnaka ezkerreko hautetsi abertzale bere baitan biltzen dituen taldeak eta ekimenak arrakasta izan zuen.

«Elkargoaren esku diren haurtzaindegien funtzionamendu araudi berriaren onespena» leloa zuen punturi buruzko eztabaida Egoitz Urrutikoetxeak zabaldu zuen Bil Gaiten taldearen izenean «haurtzaindegien labelizatzea orokortzea» proposatu zuenean.

Zuberoako hautetsiak defendatu zuenez, hori baita modurik eraginkorrena «haurren euskarazko eta gaskoierazko harrera elebidun eta murgiltzaile bat bultzatzeko».

Proposamenaren funtsarekin oro har ados izan arren, Bil Gaitenen egitasmoak frantziar Konstituzioaren 2. artikuluarekin talka egingo zuela oharra egin zuen, Urrutikoetxeari erantzunez, Euskal Elkargoko buruak.

Bilerari buruzko bilduman Mediabask.eus atariak jaso duenez, bere ezinegona agerian utzi du Etchegarayk «ez gira Elkargoa tribuna politiko gisa erabiltzeko, bertan dagoen prentsaren interesa sortzeko» esanez.

Ipar Euskal Herriko erakundean hizkuntza politikako arduradun den Antton Curutcharryk zuzenketaren erredakzioa aldatzea proposatu zuen irtenbide gisa.

Finean hau da Arteen Hirian eginiko bilkuran onespena bildu zuen proposamena: «Euskal Herriko biztanle guziei hautatzeko aukera eman, Elkargoko haurtzaindegi guzietan harrera eskaintza elebidun bat sustatuz».

Orotara 164 kontseilarik zuzendutako mozioarehn alde botoa eman zuten, 24k abstenziora jo zuten eta lauk baizik ez zuten errefusatu proposamena.

Erran bezala, lehen aldia da 2017ko urtarrilean Euskal Elkargoa eratu zenetik zuzendaritzatik ez datorren mozio batek kontseilarien gehiengoaren sostengua jasotzen duela.

Izan ere, haurtzaindegi elebidunak sustatzeko egitasmoa ez zen izan larunbateko bilkuran eztabaida beroa eragin zuen proposamen bakarra.

Espero zenez, igandeetako lanaldiari buruzko puntuak ika-mika handia sortu zuen.

Euskal Elkargoko Gobernuaren izenean Sylvie Durruti Baionako auzapezordeak defendatu zuen bost igandetatik hamabi igandetara luzatzeko saltokiak irekitzeko salbuespena.

Hautetsiak azaldu zuenez, Donibane Lohizune, Baiona, Angelu eta Biarritzetik bideraturiko eskaerari erantzunez babestu du Elkargoak «hiri horietan bakarrik» heldu den urtetik landa indarrean sartuko den neurria.

Igandeetako lana, zatiketa sortzen duen auzia

Bil Gaiten taldeko Gilles Haranek kritikatu egin du egitasmoa «lorpen sozial batean gibelera egitea» delako.

Oroitarazi duenez, igandeetan lan egiten duen jendeak «ez du gogoz egiten, egoera ekonomiko prekariak hala aginduta baizik».

Proposamena arbuitatu dute, beste esparru politiko batetik, baita Mixel Esteban Baionako ezkerreko oposizioko hautetsiak eta Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak ere.

Hala eta guztiz ere, arau berria ontzat eman du Euskal Elkargoko kontseiluak. 86 kontseilarik alde bozkatu dute eta 59k, ordea, kontra. 22 abstentzio izan dira gaiak sortzen duen eztabaida maila handia irudikatu zuen bozketan.

Adostasun gehiago izan da kontseiluan beste hainbat proposamen bideratzeko orduan.

Hala, ohiko onespen maila handiarekin aurrera atera dira, alde batetik, laborariei uraren tarifa berezia ezartzearen aldeko ekimena, eta bestetik etxalde txikiei buruzko ezaugarritzea eguneratzen duen egitasmoa.

Bi ekimen horien bidez laborantza ustiategietan bizi den krisiari irtenbideak emateari begira bere ekarpena egiteko nahikeria agerian jarri du Ipar Euskal Herriko erakundeak.