INFO

Abeltzaintzan ekoizleen prezioak hobetzeko akordioa lortu dute EHNEk eta ENBAk

Abeltzaintza alorrean ekoizleen prezioak hobetzeko akordioa lortuta, EHNEk eta ENBAk bertan behera utzi dute heldu den abenduaren 16rako iragarrita zuten mobilizazioa.

EHNEk eta ENBAk abeltzaintza sektorearen alde egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Abeltzaintzan ekoizleen prezioak hobetzeko akordioa lortu dutela iragarri dute EHNE eta ENBA sindikatuek eta, horrenbestez, aurreikusitako mobilizazioak bertan behera uztea erabaki dute.

Bi erakundeek ohar batean azaldu dutenez, abeltzainekin informazio batzarrak egin dituzte hainbat eskualdetan eta horietan behi-haragia ekoizten duen sektoreak bizi duen «egoera delikatuaren» berri eman dute, «batez ere errentagarritasun falta ukaezinagatik».

Batzarretan, bi sindikatuetako arduradunek egindako lan «neketsuaren» berri eman da, baita hainbat sektore eragilerekin, kooperatibekin, banaketa katerekin, harakinen gremioarekin eta erakunderekin egindako bileren berri ere, akordio «egokia» lortzeko.

Horren ondoren, eta abeltzainari «prezioak birkokatzeko akordioa» lortu ondoren, eta «akordio hau egin beharreko bide luze baten lehen harria besterik ez dela jakinda ere», EHNEk eta ENBAk bertan behera utzi dute heldu den larunbaterako, abenduaren 16rako, aurreikusita zeukaten mobilizazioa.

Bi sindikatuen iritziz, beharrezkoa izango da akordio horren aplikazioa eta sektore ekoizle osoan ezartzen den jarraipena egitea, «horrela haragi-kate osoari, bereziki abeltzaintzari, mesede egin diezaion».

Oharrean nabarmendu dutenez, prest daude kooperatibekin, harakinekin eta banaketarekin batera lan egiteko, «elikadura katearen legea zorrotz beteko duen prezio sistema baten oinarriak finkatzeko eta, beraz, hura osatzen duten kate maila guzti-guztiek produkzio kostuak estaliko dituztela bermatzeko».