INFO

Mosaiko erraldoia Nafarroako Parlamentuan, 37 urte eta gero euskararen lege berri bat eskatzeko

Nafarroako Euskararen Legearen 37. urteurrenean, ehunka lagunek euskararen ofizialtasuna eta lege berri bat aldarrikatu dute, guztiei eskubide berak aitortuko dizkiena. Gobernua onartzekotan den Merezimenduen Dekretuak atzerapausoak ekarri eta bidegabekeria betikotuko duela salatu dute.

Mosaiko erraldoia egin dute Nafarroako Parlamentuan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Ostiral honetan, Nafarroako Euskararen Legearen 37. urteurrenean, ehundik gora herritarrek mosaiko erraldoi bat egin dute, 19.00etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, bereizkeria «noiz arte» luzatuko den galdetu eta euskararen zonifikazioa gaindituko duen lege berri bat eskatzeko.

Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, Euskalgintzaren Kontseiluak, eragile sozial eta sindikal ugarirekin batera egin du deialdia, eta Idurre Eskisabel idazkari nagusiak hartu du hitza.

1986tik indarrean dagoen legeak, euskararen zonifikazioaren bidez, Nafarroa eta nafarrak hizkuntza eskubideen arabera hiru eremutan bereizi zituen, bizitokiaren arabera herritarrei eskubide ezberdinak aitortuz. Zubien ordez mugak eraiki zituen legeak. Ordutik, euskararen auzian ez da aldaketarik eman Nafarroan.

Euskalgintzaren Kontseiluak, eragile sozial eta sindikal ugarirekin batera egin du deialdia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Horrexegatik, eskubideen zonifikazioarekin bukatzeko eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortu dadila eskatzeko elkartu dira egunka pertsona, iragan den apirilean Nafarroa osoko 200dik gora elkarte eta eragilek adierazpen bateratua sinatu eta aurkeztu zuten toki berean. Hauteskunde kanpainaren atarian, hainbat alderdi politikok ere helburu horrekin bat egin zuten.

Zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza

Eskisabelek adierazi duenez, euskara da Nafarroan zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza, normalizazio egoeratik oso urruti dagoen hizkuntza. Nafarroako herritarrei euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaie, eta egunero jasaten dituzte beraien hizkuntza eskubideen urraketak. Izan ere, beste hizkuntza batzuetan ari garenean, hitz egiten da «aberastasunaz» edo «aniztasunaz», baina euskaraz ari garenean «inposizioaz» hitz egiten dute. Aldiz, ofizialtasunak ez lioke inori ezer inposatuko, milaka herritarrei eskubideak aitortu baizik.

Gaur egun, eskubide ezberdinak aitortzen zaizkie kilometro gutxitara dauden Irurtzunen, Iruñean eta Noainen bizi diren nafarrei. Honen adibide dira zerbitzu publikoetan euskaraz aritzeko ezintasuna, haurrek euskaraz ikasi dezaten egunero kilometro andana egin behar izatea, edo gazteek euskaraz ikastearen eta herrian geratzearen arteko erabakia hartu behar izatea. Horrek nafar guztien hizkuntza ohituretan du eragina, baita legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrenetan ere, zerbitzu zentralak eremu mistoan kokatzen direlako eta ez delako euskara erabiltzeko eskubidea bermatzen.

Dekretuak «bidegabekeria betikotuko du»

Nafarroako Gobernua aurki onartzekotan den Merezimenduen Dekretuak ez du aurrerapauso esanguratsurik ekarriko Kontseiluak baieztatu duenez; aldiz, egungo egoera bidegabea betikotuko du. Legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskara ez da baloratua izanen, eta eremu mistoan lanpostu jakin batzuetan besterik ez. Eremu euskaldunean, ordea, epaitegietan baliogabetu ez ziren neurriak baino atzerakoiagoak ezartzen ditu dekretuak, eta horrek argi uzten du epaitegien aitzakiak medio hizkuntza politika desegiteko hautua hartzen ari direla.

Kontseiluaren iritziz, dekretuaren edukiak «onartezinak» da. Euskaldunon eskubideentzat lege babes handiagoa eskatzen du. «Ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko lukeen legea eskubideen bermean eta normalizazioan urrats bat litzateke, ezinbestekoa, ofizialtasunak ez baitio inori eskubiderik kentzen, ez dituenari aitortu baizik. Horregatik da berdintasunari ateak irekiko dizkion giltza. Buka dadila nafarren arteko desberdinkeria, eta milaka herritarri eragiten dien eskubide murrizketa. Ezaba daitezela mugak eta eraiki daitezela zubiak. Indartu daitezela nafarren arteko kohesioa eta justizia soziala», egin dute dei.