INFO

Amaia Aldairen «oldarkortasun neurtuak» historia egiten jarraitzen du

Goiuri Zabaleta gazteak tarteka estutu badu ere, dimoztarrak Lau eta Erdiko bere hirugarren txapela jantzi du jarraian, leitzarrari 22-13 gailenduta. Durangoko Ezkurdi goraino bete da, pilotazale batzuk sartu ezinik geratu direlarik.

Amaia Aldai, bere hirugarren txapela buruan duela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Durango Ezkurdi pilotalekua goraino, –aforoa beteta zenbait lagun kanpoan sartu ezinik gerat dira– eta Euskal Herriak eman duen mitorik handienetako baten, Jose Angel Iribarren, begiradapean, Amaia Aldaik historia egiten jarraitzen du kaiolako hirugarren txapela jarraian jantzita. Seigarren edizioa bete du aurten txapelketa honek, laugarrena pilota mistoarekin jokatu dena, eta azken hiruretan dimoztarra nagusitu da, egungo erreferenterik nagusiena dela berretsiz. Hori bai, zenbakiz eta kalitatez, gero eta aurkari gehiago eta hobeak ditu arratiarrak. Gaurkoan 14 urterekin kirol honen etorkizuna bere eskuetan duen Goiuri Zabaleta izan du parean eta, tarteka estutu badu ere, nafarrak azkenerako amore eman behar izan du, 22-13.

Bezperan Zumarragan kolpe handi xamar bat hartuta heldu da Amaia Aldai Durangora, –Enara Gamindek erraz kendu zion Bankoa&DVko txapela– baina azken urteotan izandako garapenari esker, ohikoa zuen barne sumendia itzalduta –gurasoak besarkatu eta bere purrustadak aguantatzeagatik, atzokoa barne, barkamena eskatzea izan da partida amaituta egin duen lehen gauza– irten da arratiarra kantxara, jokoan oldarkor bai, baina bururik galdu gabe eta finala erabat kontrolpean izan du uneoro. Gauzak oso zuzen eginda, berehala 6-1 aurreratu da markagailuan.

Leitzarra, ordea, ez da erraz kikiltzen den horietakoa, txapelketa bikaina osatu du finalera bidean lau aurkari –Miriam Arraiza. Etxegarai, Gaminde eta Leire Garai– kanporatuz eta gaur ere bere maila erakusteko gai izan da. Eskumuturrean magia du nafar gazteak, baina baita defentsarako gaitasuna eta pilota atzeratzeko kolpea ere eta laster orekatu du markagailua, 7-6 gerturatuz. Hori bai, gaztetasun bekatu batzuk ere egin ditu, dejada pare bat beheko koltxoira botaz, eta Amaia Aldaik ez du barkatu.

Sakea erabakigarri

Sakea eta sake errematea ardatz, –denera 6 tanto lortu ditu lehen pilotakadarekin– Amaia Aldaik berriro ere zuloa ireki du markagailuan, bere hirugarren txapela oso ondo bideratuta. Airez hobekien moldatzen den pilotaria izango da dimarra eta, pilotari abiadura sartuta, bere garaipena ez du arriskuan ikusi partidaren bigarren erdian, nahiz eta Zabaletak sekula ez duen amore eman. Tarteka ale oso ederrak utzi dituzte biek, bi pilotariak lurrean akiturik amaitu duten 21-13koa kasu. Zabaletaren zenbait dejadek ere, pilotazaleen eta Amaia Aldai beraren txaloak jaso dituzte, baina ondo baino hobeto merezitako txapela bizkaitarrarentzat izan da.