INFO

Binakako txapelketa, atzelari jotzaileenen erritmora

Ligaxkaren lehen laurdena igaroa, Jaka-Mariezkurrena dira partida guztiak irabazi dituzten bikote bakarra eta gertu dituzte Peio Etxeberria eta Elordi-Rezusta.

Jon Mariezkurrena asko ari da agintzen aurtengo Binakakoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Binakako ligaxkaren lehen itzuliaren erdia pasatuta ­–enpresa bereko bikoteen arteko lehiak amaitu dira dagoeneko lehen buelta honetan–, garai egokia izan daiteke txapelketaren lehen ondorioak ateratzeko. Sailkapenari erreparatuta, zalantzarik ez: 2022ko txapeldunak, Altuna-Martija, azken postuan ikusteak begietara jotzen du, baina kontuan izan behar da amezketarrak ez duela lehen hiru jardunaldietan jokatu eta itzulerako partida Bartzelonakoa bezalako pilotaleku berezi batean egin zuela.

Eta amezketarraren hutsa nahikoa handicap ez balitz bezala, kontuan izan behar da lehen hiru asteetan atzelaririk jotzaileenen aurka jokatu behar izan zutela, kasu honetan, Elezkanok eta Martijak. Elordi-Rezustaren aurka lehen jardunaldian, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka bigarrenean, eta Jaka-Mariezkurrenaren aurka hirugarrenean, eta, denek denen aurka jokatu behar duten arren, lehen hiru asteetan atzelaririk indartsuenen aurka eta Altunarik gabe jokatu beharrak erabat baldintzatu du bikote honen hasiera. Ostiral honetan antzeko egoeran diren Laso-Arangurenen aurka jokatuko dute Donostian, eta partida hori bai, bi bikoteen helburuak zehazten has daiteke.

Arerio zuzenak, aurrez aurre

Bestalde, inor ezustean harrapatuko ez zuena sailkapenaren lehen postuetan dauden bikoteen izenena da. Azken urteetako bidetik, ligaxkan behintzat, atzelari jotzaileenak ari dira aldeak markatzen, handiak gainera.

Bikote bakarrak irabazi ditu jokatutako lau partidak, Jakak eta Mariezkurrenak osatutakoak. Peña-Albisuk oso estu hartu zituzten oso egun txar batean (22-21), baina gainerako partidetan ez dituzte 9 tanto baino gehiago jaso.

Eta lehen egunean nagiak jota egon baziren ere, Zabaletak joko puntua hartzearekin bat, bigarren postura igo dira etxarrendarra eta Peio Etxeberria. Rezusta oso fresko batekin, bergararrak eta Aitor Elordik lehen hiru partidak irabazi zituzten, baina igandean Zabaleta izugarri batek eten zuen euren bolada ona.

Larunbatean Labriten ikusiko da nor den orain arteko atzelaririk sendoena, lidergoa jokoan dutela, Jaka-Mariezkurrena eta Peio Etxeberria-Zabaleta elkarren aurka arituko baitira.