INFO

EAEko 284 epaileetatik 17 baino ez dira epaiketak euskaraz egiteko gai

Bilbon egindako jardunaldi batean, Jaime Tapia magistratuak azpimarratu du «oso epaile gutxi» direla epaiketa bat euskaraz egiteko gai, eta «hor arazo handi bat» dagoela. Gaineratu du fiskal eta abokatuen kasuan egoera ez dela hobea.

Gipuzkoako Audientzia, artxiboko irudi batean. (Unanue | EUROPA PRESS)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 284 epaileetatik 17k baino ez dute euskaraz «ahozko epaiketa bat aurrera eramateko maila eta gaitasuna», Jaime Tapia magistratuak nabarmendu duenez. Zehaztu du 2020ko datuak direla horiek, baina aurtengoak «antzekoak» izango direlakoan dago.

Justizia Administrazioan euskararen erabilera aztergai izan dute astelehen honetan Bilbon, Sabino Arana Fundazioak antolatuta, eta bertan eman ditu datuok Tapiak.

Nolanahi ere, azaldu du egun Justizia Administrazioak badituela bitartekoak euskaraz lan egiteko (itzultzaileak, adimen artifiziala, baliabide digitalak…), nahiz eta prozedurak moteldu.

Aitortu du, baina, ahozko saioak euskaraz egin ahal izateko «gainditu gabeko oztopo bat» dagoela: «Euskara dakiten eta epaiketa osoa euskaraz egin dezaketen epaile gutxi daude».

Eman dituen datuen arabera, 284 epailetatik 17k baino ez dituzte ahozko epaiketa euskaraz egiteko gaitasuna ematen duten hizkuntza-eskakizunak. Guztira 46 epailek egiaztatu dute HE1 maila eta beste 15ek HE2 maila ertaina.

Adierazi duenez, egoera «ez da hobea» Fiskaltzako ordezkarien eta abokatuen artean. 205 abokatutatik 50ek baino ez dute euskararen ezagutza egiaztatuta.

Era berean, 112 fiskaletik, 9k baino ez zuten hizkuntza-eskakizuna, eta hiruk bakarrik zuten 3. HE maila altua, eta bakar batek ere ez zuen 4. HE altuena lortu.

Tapiaren ustez, botere publikoek eta Espainiar Estatuko Gobernuak «borondate gutxi» erakutsi dute Justizia Administrazioan gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko, eta ez dituzte horretarako beharrezkoak diren aldaketa juridikoak egin.

Bere ustez, egoera aldatzeko ezinbestekoa da «benetako euskalduntze-prozesu bat», jakiteko obligaziorik ezarriko ez duena, baina euskara maila egokia lortzen dutenak «saritzeko bermeekin».

Gainera, Justizia Administrazioan euskara bultzatu nahi bada, bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, «maila berean egoteko» legeak aldatzea «ezinbestekoa» dela adierazi du magistratuak.

Justizia Administrazioan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez, «kasu batzuetan euskararekiko jarrera ez da egokiena izan», esan du, baina «oztopo juridikoak gainditu daitezke, prozesu baten parte izango den arren».

Azpimarratu duenez, «oso epaile gutxik hitz egiten dute euskaraz, eta hor arazo handi bat dago».