Oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespenaren kezka eraman du Sarek Legebiltzarrera
Sare Herritarrak Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean parte hartu du, «gaur egun oraindik ere euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediaren ondorioz bizi den egoerak» kezka sortzen diolako. Salbuespenak arau izateari uzteko pausoak ematera bultzatu dituzte batzordeko kideak.
Gasteizko Legebiltzarrean badago gehiengo politiko bat aspalditik apustu egiten duena, politika judizialaren eta espetxe politikaren salbuespenen ordez, espetxe normalizaziora bideratutako politikak ezartzearen alde, ETAren jarduera armatuaren amaieratik 12 urte baino gehiago igaro ondoren. Astelehen honetako Giza Eskubideen Batzordean, helburu hori lortzen jarraitu behar dutela oroitarazi die Sare Herritarrak.
«Zigor askatasun gabetzaileak betetzeko beste modu batzuk ere badaude, espetxean betetzeaz gain. Espetxeen lege organikoak babestutako modalitateak», azpimarratu dute Joseba Azkarragak eta Nahikari Iturbek batzordera sartu aurretik hedabideekin egon direnean. Euskal presoak modalitate horietatik kanpo ez uzteko eskatu dute.
Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordean parte hartu aurretik adierazpenak egin ditugu prentsara.
— Sare #U13Bilbora 🔑 (@sare_herritarra) December 18, 2023
Nahikari Iturbe: "Gaur giza eskubideen Batzordera gatoz, egun oraindik ere Euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediak bizi dugun egoera kezka sortzen digulako." pic.twitter.com/IMKxWexscc
Beraz, ez dute zigorgabetasunik galdegin, ezta kontrolik gabeko askatzerik ere. «Soilik beste edozein presori aplikatzen zaion araudi bera aplikatzea».
«Horrek guztiak lotura zuzena du Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak behin eta berriz izan duten jarrerarekin, hau da, Espetxeetako Tratamendu Batzordeek eta Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituzten gradu aurrerapenei errekurtsoa jartzearekin», azaldu dute Sareko eledunek. «Salbuespenak arau izateari utz diezaion pausoak ematea dagokigu», helarazi diete batzordeko kideei.
Urtarrileko manifestaziorako atxikimendu berriak
Heldu den urtarrilaren 13an ‘Konponbiderako giltzak’ leloarekin manifestazioa egingo du Sarek Bilbon. Eta atxikimenduak gehitzen doaz data hurbildu ahala. Astelehen honetan iragarri dute Bake Bideak eta Bakegileek euskal preso eta iheslariak etxeratzea, konponbidea eta elkarbizitza helburu dituen deialdi horretara begira hainbat elkarretaratze antolatu dituztela Ipar Euskal Herrian.