INFO

158 iragarki kendu eta 80 panel itzali dituzte: «Ipar Euskal Herrian publizitate argitsurik ez»

Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko 29 militantek iragarki taula argitsuen kontrako ekintza masiboa egin dute 158 publizitate kenduz eta 80 iragarki panel argitsu itzalita. Publizitatearen ondorio ekologiko eta sozialak salatu dituzte.

Publizitate panelak kentzeko Ipar Euskal Herrian egindako ekintza. (BIZI ELKARTEA)

Bizi!, CADE, Paysages de France eta Résistance à l'Agression Publicitaire Pays Basque elkarteek osatzen duten Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko 29 militantek 158 publizitate kendu dituzte eta 80 iragarki panel argitsu itzali dituzte. Hainbat talde aritu dira Biarritzen, Angelun eta Baionan bart. Ekintza honekin mezu bat zabaldu nahi izan dute: «Ipar Euskal Herrian publizitate argitsurik ez».

Ohar batean azaldu dutenez, militanteek energia beharrezkoa ez denarentzat xahutzea salatu nahi izan dute eta euskarri horiek debekatzea nahi dute Euskal Elkargoak eginen duen Herriarteko tokiko publizitate araudian (RLPi-an). «Publizitateak oraindik ere maiz zabaltzen ditu kanpoko espazioetan, jendea SUV-ak erostera, fast-food jatetxeetan jatera edo hegazkinez asteburuan joatera bultzatzen duten mezuak», adierazi du Gabriel Jourdane Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko bozeramaileak.

«Hori ez da bateragarria klima aldaketaren erantzule diren berotegi efektuko gasen isurketaren mugatze lasterrarekin. Publizitateak klima sabotatzen du», ohartarazi du.

Kenduak izan diren 158 iragarkiek Ipar Euskal Herriko 158 Herriko Etxeak sinbolikoki ordezkatzen dituztela ohartarazi du kolektiboak. Izan ere, ohartarazi dutenez, Herriko Etxe guziak hunkituak izanen dira Euskal Elkargoak gaur egun garatzen ari duen RLPi berriaz, azken honek, kanpoko eremuan iragarkiak, aurreseinaleak eta seinaleak ezartzeko esparru bat (neurriak, instalazioaren kokapena, kopurua, euskarri mota,...) zehaztea helburu duelarik.

Kolektiboetako kideak publizitate panelak kentzen. (BIZI)

Publizitatea Geldi kolektiboak Euskal Elkargoak egindako lurralde diagnostikoan parte hartu du. 158 Herriko Etxeetako auzapezei galdeketa gutuna bidali zaie publizitatea mugatzeko neurriak hartzea galdegiteko. Kolektiboak martxan ezarri duen Ipar Euskal Herrian publizitate argitsua debekatzeko eskaerak jadanik 3.100 sinadura gainditu ditu.

«Orain da gauzak aldatzen ahal ditugun garaia», nabarmendu du Aurore Huet Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko bozeramaileak. «Gure hautetsiei dei egiten diegu publizitate argitsuaren debekuaren eta iragarkien kopurua murriztearen alde ager daitezen. Herritar guziei dei egiten diegu petizioa sinatu dezaten eta beren boza entzun araz dezaten», gaineratu du.

Euskal Elkargoak irekiak diren bilkura publikoak antolatzen ditu. Hurrengoa urtarrilaren 10ean iraganen da, 18.30ean, Donapaleuko lurralde eremuan.