INFO

ELAk «tamalgarritzat» jo du Nafarroan «Sanz eta Barcinaren zerga politika mantentzea»

«UPNren zerga politika mantentzen duelako» kritika gogorrak bota ditu ELAk ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan onartuko diren arau fiskalen aurka. EH Bilduren abstentzioa gogor kritikatu du sindikatu honek. PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen botoekin onartuko da.

Movilización del Primero de Mayo de ELA en Iruñea en 2021. (EUROPA PRESS)

ELAk ez ditu begi onez ikusten ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartuko dituzten arau fiskalak.

«Erreforma fiskalak neurri guztiz eskasak onartzea dakar, Nafarroan dagoen egungo eredu fiskal bidegabea zuzentzeko balio ez dutenak. Nafarroako presio fiskala Europako batez bestekoaren 1.900 milioi euro azpitik dago, zerga zama laneko errenten gain dago (enpresek baino lau aldiz zerga gehiago ordaintzen dituzte) Nafarroan enpresek Estatu osoko Sozietateen gaineko Zerga baxuena ordaintzen duten bitartean. Honetaz gain, Ondarearen gaineko Zerga hutsala da, eta iruzur izugarria dago soldatapekoak ez diren errentetan», esan du ELAk.

«Erreforma honen edukia UPNren gustukoa da. Izan ere, Javier Esparzak esan zuen ‘oso pozik’ zegoela akordioaren edukiarekin, eta UPN ere erreforma onartzeko prest zegoen Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren berri izan arte», gaineratu du.

EH Bilduren abstentzioaren kontra

EH Bilduren abstentzioa justifikatzeko talde abertzaleak UPNren eragina oztopatzen duela adierazi izana ere ez du gustuko ELAk. «Nafarroako politika fiskala UPNk baldintzatzen jarraitzen du, izan ere, 2015etik (Barcinaren Gobernuaren azken urtetik) Gobernu bakar batek ere ez du bultzatu nahi izan fiskalitate eredu bidezkoago bat», nabarmendu du.

«ELArentzat larria da talde parlamentario ezkertiar edo aurrerakoi batek ere ez planteatzea beste politika fiskal bati buruzko eztabaida, eta langileriarentzat alternatiba bidezkoagoak proposatzea gizarte eredua definitzeko funtsezkoa den gai honetan. Ez bada enpresen eta errenta handien interesak babesteko diseinatutako politika fiskala zalantzan jartzen eta ez bada alternatibarik planteatzen, balizko politika alternatiboei buruzko edozein erreferentzia galtzen da», ohartarazi du sindikatu honek.