INFO

Migrazioari buruzko legea: horrela bozkatu dute Parisen jarduten duten euskal hautetsiek

Frantziar Barne ministroa den Gerald Darmaninek defendaturiko lege egitasmoa oinarri hartuta migratzaileen aurkako neurriak zeharo gogortuko dituen proposamena bozkatu du bart frantziar Parlamentuak. Horrela bozkatu dute Parisen jarduten duten euskal hautetsiek.

Ezkerraren protesten artean onartu zuen, bart, Asanblea Nazionalak migrazioari buruzko lege berria. (Ludovic MARIN | AFP)

Joan zen abenduaren 11n onartzekoa zen lege egitasmoa trabatzea lortu zuen testuaren eztabaida bera galerazi zuen mozioak.

Orduan, eskuin muturretik eta ezkerreraino, Asanblea Nazionalean irudikatu zen «komenientziaren araberako gehiengoak» frantziar Barne ministroaren planak zapuztu zituen.

Izan ere, krisiari aurre eginez, zazpi diputatuz eta beste hainbeste senatariz osaturiko talde bati migrazioari buruzko testua berridazteko agindua eman zion frantziar Gobernuak.

Bi eguneko eztabaiden ostean, eskuin muturrak hamarkada luzeetan defendatu duen programan oinarrituta Errepublikanoek (LR, eskuina) idatzitako proposamen nagusiak onartu behar izan zituen, finean, abenduaren 19an, Elisabeth Borne lehen ministroak.

Senatuan aise atera zen aurrera testua eta, hainbat gorabeherarekin bada ere, Asanblea Nazionalak ere babestu zuen bertakoa izan edo atzerritik etorri eskubideak modulatzen duen legea.

Nola bozkatu zuten Parisen jarduten duten euskal hautetsiek?

Asanblea Nazionaleko webgunean atzeman daitezke bozketaren gaineko xehetasun guztiak.

Asanblea Nazionalean 349 aldeko eta kontrako 186 boto bildu zituen migratzaileei berdin osasun zerbitzua zein laguntza sozialak murriztera joko duen legeak.

Bi hautetsi zentrista eta bi boto joera

MoDem taldean jarduten duen Vincent Bru diputatu kanboarrak testuaren alde botoa eman zuen.

Zentzu horretan bat egin zuen hautetsi lapurtarrak bere taldeko legebiltzarkide gehienek harturiko bidearekin.

51 diputatu zentrista izanik, 30ek aldeko botoa eman zuten bart gauean. Bost kontra azaldu ziren eta beste 15ek abstenziora jo zuten.

Erran bezala, Bruk babestu zuen migrazioaren aurka franziar Estatuak hamarkada luzeetan indarrean emanen duen araudirik zorrotzena.

Alta, talde berean izena emana duen beste euskal hautetsiak abstenziora jo zuen. Florence Lasserre angeluarrak ez zuen bat egin, beraz, Bruk eginiko hautuarekin.

Finean, Biarno eta Euskal Herriko udalerriak metatzen dituen laugarren hautesbarrutian bere eserlekua irabazi zuen Iñaki Echaniz sozialista biarnesak eskuin muturraren txalo beroak –Marine Le Penek dituen diputatu guzti-guztiek, 88k orotara, lege egitasmoa onartzearen alde bozkatu zuten– jaso dituen egitasmoaren kontra eman zuen botoa.

Bi alde, bat kontra

Ordu batzuk lehenago oharkabeago pasatu den bozketa izan zen Senatuan.

Bertan eskuinak gehiengo zabalak duenez, aise onartua izan zen testua. 214 senatarik aldeko botoa eman zuten eta 114k, aldiz, errefusatu egin zuten frantses Estatuan «baimenik izan gabe» izanen diren herritarrak delitugiletzat hartuko dituen legea, hala joan zen mendeko 80. eta 90. hamarkadan Barne ministroa izan zen Charles Pasquaren garaietara buelta inposatuz.

‘Le Figaro’ egunkari kontserbadoreak ezarritako bilatzaileak baliaturik, Pirinio Atlantikoetako departamenduan hautatuak izan diren hiru senatarien botoen joera baieztatzeko aukera dago.

Euskal Herria eta Biarno elkartzen dituen departamenduak Parisera eramaten dituen hiru hautetsi horietatik euskal herritar bakarra dago. 

Max Brisson senatari biarriztarrak bere botoarekin babestu zuen bere etxea duen Errepublikanoak alderdiak eta Macronen gehiengoak erdietsitako akordioa.

MoDem taldeko Denise Saint-Pee senatari zentrista biarnesak migrazio lege berriari ere onespena eman zion. Paueko Frederique Espagnac senatariak, ordea, migrazio legearen kontrako botoa eman zuen.