INFO

Gaixotasun konplexuak tratatzeko hiru zentro berri, Donostian eta Gurutzetan

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak erreferentziazko bi zentro izango ditu. (IREKIA)

Estatu mailako Lurraldearteko Kontseiluak berretsi egin du ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoak erreferentziako zentro, zerbitzu edo unitatetarako aurkeztu dituen hiru hautagaitzen izendapena: bi Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, patologia konplexu hipotalamo-hipofisiarioari eta gaixotasun autoimmune sistemikoei buruzkoak, eta bestea gaixotasun neuromuskular arraroei buruzkoa, Donostia Unibertsitate Ospitalean.

Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzak erreferentziazko beste zortzi zentro, zerbitzu edo unitate bazituen jada. Bikaintasun irizpideen arabera izendatzen dira, patologia bereziki konplexuak dituzten bertako pazienteak edo beste autonomia erkidego batzuetakoak tratatu ahal izateko. Patologia horien arreta zuzenak kasuak multzokatzea, espezializazio diagnostiko edo terapeutiko handia eta teknologia handia eskatzen ditu.

Aurrerantzean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak erreferentziazko bi zentro izango ditu. Bat patologia konplexu hipotalamo-hipofisiarioari buruzkoa da, sortzetiko eta eskuratutako prozesuak, hormonen disfuntzioa edo inguruko egiturak suntsitzea dakartenak, eta erreferentziazko unitateetan diziplina anitzeko arreta ere behar dutenak.

Beste zentroak gaixotasun autoimmune sistemikoak artatuko ditu. Horien kausa ezezaguna da eta artikulazioei, giharrei eta larruazalari eragiten diete, beste barne organo batzuetan ere maiz agertuz.

Donostia Unibertsitate Ospitalea

Bestalde, Donostia Unibertsitate Ospitaleak zentro bat izango du gaixotasun neuromuskular arraroetarako. Patologia horiek, prebalentzia edo intzidentzia txikia izan arren, biztanleriaren ehuneko esanguratsu bati eragiten diote. Heterogeneoak izan arren, diagnostiko prozedura komunak ahalbidetzen dituzten ezaugarriak partekatzen dituzte, eta horrek esperientzia eta arreta emateko baliabideak bateratzea gomendatzen du. Halaber, konplexutasun handiko estrategia terapeutikoak eta espezialisten diziplina anitzeko taldeak eskatzen dituzte.

Zentro berriak EAEn jada bazeuden zortziei gehitu zaizkie, hots, esklerosi anizkoitzaren azterketa, begi-azalera konplexuaren berreraikuntza, erretinako distrofia hereditarioak, giltzurrun-transplante pediatrikoa, epilepsia erregogorra, mugimenduaren nahasmenduen kirurgia, sortzetiko gaixotasun metabolikoak eta kirurgia berreraikitzaile uretral konplexua.