INFO

Emantzipatzeko 300 euroko laguntza emango die Lakuak 25 eta 29 urte bitarteko gazteei

Lakuak dirulaguntza bat eskainiko die gazteei bi urterako, gero eta zailagoa den emantzipazioan «bultzada bat emateko». Hilero 300 euro emango dizkie. Eskaerak jasotzeko epea otsailaren 20an irekiko da, baina kontsultak egin daitezke jada. 2024an 15.000 pertsonatik gora laguntzea espero dute.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eman du dirulaguntzen berri. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak 300 euro emango dizkie 25-29 urte bitarteko gazteei hilero, bi urtez, etxe bat alokatzeko edo erosteko. Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak nabarmendu duenez, ez da etxebizitza gastuetarako laguntza bat; asmoa emantzipazioa erraztea da, salto hori ematea inoiz baino nekezagoa den garaian.

Gazteriaren Kontseiluaren datuen arabera, 29,7 urtekoa da batez besteko emantzipazio adina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 30 urtetik azpikoen %16,3 soilik bizi dira familiaren etxetik kanpo. Hori urrun dago gazteen nahitik, haiek 24 urtetan atera nahi baditute gurasoenetik.

Etxebizitzaren merkatua ere traba da: etxebizitza parke publikoa ez da parke osoaren %2ra ere iristen, beraz, logika pribatuetan mugitzen da ia etxebizitza batera sarbidea izan nahi duen oro. Gainera, etxebizitza ereduen aniztasuna urria da, eta eskaintzaren gehiengoak familia tradizional nuklearrari erantzuten dio.

Hor kokatzen da Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen dekretua, astearte honetan Lakuak onartu duena. Fernandezek azaldu duenez, ez da isolatua, eta beste laguntzekin uztartzen da, ekosistema baten parte da, ez delako posible emantzipatzeko dauden zailtasunak dirulaguntza batekin konpontzea. Aipatutako ekosistemaren barnean, honako ekimenak aipatu ditu, emantzipaziorako laguntza honekin bateragarriak direnak: 200 euroko laguntza ume bakoitzeko, Gaztelagun alokairuko laguntza, haurreskolak doakoak izatea 0-2 urteko etapan, gutxieneko diru sarreraren errenta jasotzeko adina aurreratu izana, eta kalteberatasun egoeran dauden gazteak baztertzeko prebentzio neurriak. «Finean, gazteentzako baldintza onurgarriagoak lortzea nahi dugu beren bizi proiektuak garatzeko aukera izan dezaten».

Epeak eta baldintzak

Emantzipaziorako laguntza eskaera epea otsailaren 20an zabalduko da, baina jada kontsultak egin daitezke Gazte Aukeran edo GAZ emantzipazio zerbitzuan (646 109 126 telefonoan edo gaz@euskadi.eus helbidean).

Bultzada hori jasotzeko baldintza batzuk bete behar dituzte gazteek: 25 eta 29 urte bitartean izan behar dituzte, biak barne. Eta emantzipazio prozesu bat izan behar dute hasita edo hastear. Horretaz gain, EAEn erroldatuta egon behar dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez edo, bestela, azken hamar urteetan hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute.

Urtean 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan beharko dituzte, edo 34.000 eurotik beherakoak, aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada. Ondasun, eskubide edo aktibo finantzarioei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan.

Emantzipatu direla egiaztatu beharko dute, etxebizitza libre baten errentamendu- edo salerosketa-kontratua aurkeztuta, eta ohiko bizileku iraunkorra izan beharko da. Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat (Bizigune eta ASAP programak barne) edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat dutenek, ezta etxebizitzak hilero diru egiaztagarririk ez badakar ere.

Etxebizitza partekatuen kasuan, gehienez ere etxe berean bizi diren hiru pertsonak eska dezakete laguntza, eta laguntzaren kantitatea ez da jaitsiko horregatik. «Kontuan hartu dugu bikoteen emantzipazioak dauzkan arazoak, eta ez dizkiogu horri muga gehiago jarri nahi, baizik eta bultzatu», esplikatu du idazkari nagusiak.

Gazteek alokairuen prezioa mugatzeko eta etxebizitza publiko gehiago sortzeko eskatzen dutela jasotzen du Gure Geroak egindako txostenak. 5.900 laguni galdetu zien iritzia.

 

 

53 milioi euro

Jonan Fernandezek zehaztu duenez, 2024ko aurrekontuak 53 milioi euro ditu Emantzipa Programarako. «Aurreko urteetako gazteriaren aurrekontua baino bost aldiz diru gehiago da hori». Egin dituzten kalkuluen arabera, lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok jaso dezakete laguntza hori.

Emantzipa Programa gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren barruan dago. Estrategia hori martxoaren 21ean onartu zen, 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik jaisteko eta emantzipazio tasa %50era igotzeko xedearekin.