INFO

KPIren gaineko soldata igoera eta 1.568 orduko lanaldia jaso ditu Artxandako Tunelen itunak

Urtebeteko mobilizazioen ondoren, Artxandako Tuneletako langileentzako hitzarmena adostu du ELAk. KPI kontsumorako prezioen indizea gainditzen duten soldata igoerak eta 1.568 orduko lanaldia jasotzen ditu, baita prekaritatearen kontrako neurri gehiago ere.

Artxandako Tuneletako langileen baldintzak hobetuko ditu hitzarmen berriak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELAko ordezkaritza sindikalak hitzarmen erreferentziala sinatu du Artxandako Tuneletako langileentzat, hilabeteetako mobilizazioen eta greben ostean. KPI kontsumorako prezioen indizearen gaineko soldata igoera eta 1.568 orduko lanaldia jasotzen ditu itunak, eta prekaritatearen aurkako neurri gehiago ere bai.

Sindikatuak nabarmendu du lorpen honek agerian utzi duela langileen antolaketa beharrezkoa dela lan baldintzak defendatzeko.

Hitzarmenak 2023rako eta 2024rako indarraldia izango du. Erosteko ahalmena bermatzen duten soldata goititzeak jasotzen ditu, eta antzinatasunean %60tik gorako igoerak blindatzen ditu. Benetako lanaldia 1.568 ordura murrizten da, eta norberaren aukerako egunetan hobekuntzak sartzen dira, asteko 35 orduen muga hautsiz.

Borondatezko eszedentziak

Hitzarmen berri honen arabera, Artxandako Tuneletako langileek borondatezko eszedentziak hartzeko eskubidea izango dute, justifikaziorik gabe lanpostua gordeta, eta borondatezko lanaldi murrizketak baliatu ahal izango dituzte, horiek itzultzeko eskubidearekin, justifikatu beharrik izan gabe.

«Garrantzitsua da prekaritatearen aurka aurrera egitea, lanaldi partzialeko kontratatuei lanaldiaren gutxieneko ehuneko bat bermatuz eta kontratazio berrien kasuan lanaldia luzatzeko lehentasuna emanez», adierazi du ELAk.

Itun honek jarraipena ematen dio sindikatuak sinatutako aurreko idatziari. «Bertan, gizarte eskubideetan eta lanaldi murrizketan aurrerapen nabarmenak egin ziren, eta soldata igoerak %20 ingurukoak izan ziren».

«Lidergoa izan dugu negoziazioan eta langileen antolakuntzari garrantzi handia eman diogu. Horrek hobekuntzak ekarri ditu Interbiak-en, Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publiko baten mendeko enpresan», erantsi du.