INFO

Olentzero, astaña eta ardiak, Beskoitzen ikastola izanen dela irudikatzeko protestan

Hamar urte egin ditu lur sail publikoan Beskoitzeko ikastolak. Alta, eguberrietako oporren atarian bertan behera utzi du hitzarmena Udalak. Deliberoa salatzeko Olentzeroren laguntzaz ikatza utzi eta «astaña eta bertze 13 ardiei» argiki adierazi diete auzoek Beskoitzen ikastola izanen dela 2024an.

Beskoitzeko Udalarem aurrean eginiko protesta irudimentsua. (@euskalirratiak)

Hamar urte egin ditu lursail publikoan Beskoitzeko ikastolak. Lau haurrekin hasi zen ikastetxeak urtetik urtera haur gehiago bildu ditu, aurten 51 ikasle dituelarik. Ikasle kopuruak gora egin ahala prefabrikatutako moduluak gehitu behar izan dituzte gurasoek.

Handitze lanak beregain hartzeko prest azaldu da ikastola baina Fabienne Ayensa auzapezak bide hori moztu du udala eta ikastetxea lotzen duen hitzarmena bertan behera utziz.

Beste konponbidea atzeman ezean, 2024ko uztailean, behin kurtsoa amaituta, ikastolarik gabe geldituko dira ikasleak.

Egoera horri irtenbidea ematea ezinbestekoa dela adierazteko protesta irudimentsua egin dute abenduaren 26 honetan Beskoitzeko ikastolako gurasoek.

Olentzeroren laguntzarekin ikatza utzi diete udal gobernua osatzen duten hautetsiei.

Desfile berezia

Auzapezek eramaten duten xingola jantzia zuen 'Astaña' -kartoizko astoa- paratu da segizioaren aurrean. Bere gibelean 13 ardi irudikatu dituzte ikastolako lagunek.

Oroitzearren ikastolaren geroa airean utzi zuen udal bileran horrela pasatu zen ikastolari dagokion bozketa.

Fabienne Ayenda auzapezak berak eta bertze 13 hautetsik babestu zuten ikastolarekin adostutako kontratua heldu den uztailetik landa bertan behera uzteko erabakia.

Bertze lau hautetsi horren kontra azaldu ziren, ordea. Udalaren bileran bertan Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocou.

 

'Euskal Irratiek' ekimenari buruz egin duten kronikaren arabera 'Beskoitzen ikastola' oihuak entzunarazi dituzte protestarekin bat egin duten hamarnaka auzok udal plazan.

 'Ayensa: Hitza hits' leloa idatzia zuten kartelak erakutsi dituzte hainbat lagunek.