INFO

Ibilgailu elektrikoarentzako laguntzak eskatzeko epea zazpi hilabete luzatu da

Moves III laguntzak eskatzeko epea luzatu egingo da 2024ko uztailaren 31ra arte. Orain arte 10.044 eskaera jaso dira, eta horien espedienteak %94,4an aztertu eta ebatzi dira, 36 milioi eurotik gorako diru laguntza esleituarekin.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea. (Christof STACHE | AFP)

Ibilgailu elektrikoak erosteko Moves III laguntzak eskatzeko epea luzatu egingo da 2024ko uztailaren 31ra arte, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratutako ebazpenaren arabera. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatuta, orain arte 10.044 diru laguntza eskaera jaso dira, eta horietatik %94,4 ebatzi, 36 milioi euro baino gehiagoko laguntzarekin.

EEEren areabera, ibilgailu elektrikoak eta erregai pilakoak moduko errekuntza motorraren ordezko ibilgailuak erosteko Moves III izeneko laguntza «bultzada handia» da EAEko automobil parkea aldatzeko. Laguntza programak 41,7 milioi euroko aurrekontua du, mugikortasuna aldatzen laguntzeko eta ibilgailu eraginkorragoak eta jasangarriagoak, hala nola elektrikoak, erosten laguntzeko.

Guztira, 10.044 eskaera jaso dira, eta horien espedienteak %94,4an aztertu eta ebatzi dira, 36 milioi eurotik gorako diru laguntza esleituarekin. EEEn eskaera jasotzen denetik eskatzaileak ebazpena jaso arteko kudeaketa denbora hilabete ingurukoa da.

Eskatzaileak jaso dezakeen laguntza aldatu egiten da norbanakoen edo enpresen kasuan, eta, txatar bihurtzea nahitaezkoa ez den arren, laguntza handiagoa jasotzen du. Adibidez, norbanako edo autonomo batek 4.500 euroko laguntza jaso ahal izango du ibilgailu elektriko bat erosteagatik, eta 7.000 euroraino igoko da ibilgailu zaharra txatar bihurtzen badu. Enpresek laguntza desberdinak dituzte tamainaren arabera, eta txatar bihurtuz gero, hornidura ere handituko da.

Gainera, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren pertsonetzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat ezarritako zenbatekoak %10 handitzea aurreikusten du Moves III programak bere oinarrietan, hau da, 7.700 euroraino.

Laguntza jaso dezaketen ibilgailuak ibilgailu elektriko entxufagarrien eta erregai pilen kategorietakoak dira. Horien artean, turismoak (M1), furgoneta arinak (N1), koadriziklo arinak (L6e) eta astunak (L7e), eta 3 kW-eko edo hortik gorako potentzia duten motor elektrikoak daude. Bederatzi hilabete arteko antzinatasuna duten frogapenerako ibilgailu elektrikoak ere diruz laguntzen dira.

Halaber, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatuta egonez gero, kostu hautagarriaren %80rainoko laguntza jaso ahal izango du kargatzeko guneak instalatzeko, sarbide publiko zein pribatukoak. Eskaerak egiteko epea 2021eko irailean ireki zen, eta orain 2024ko uztailaren 31ra arte egongo da indarrean.