INFO

Martxoaren 3ko biktimek «aurrerapen errealak» eskatu dituzte Gasteizko Memoriaren Gunerako

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak 25 urte egingo ditu 2024an eta adierazi du iristear den urtea «benetako aurrerapenena» izan behar duela Gasteizko San Frantzisko elizan Oroimen Espazioa sortzeko.

Martxoaren 3ko sarraskia salatu eta gertatutakoa oroitzeko egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak aldarrikatu du 2024ak «benetako aurrerapenen» urtea izan behar duela Gasteizko San Frantzisko elizan Oroimen Espazioa sortzeko. Bertan, Zaramaga auzoan, Polizia Armatuak bost langile hil zituen 1976an.

Ohar batean, elkarte honek nabarmendu du, gainera, 2026an gertaera horien 50. urteurrena beteko dela, eta data horrek «gogoeta partekatua» merezi duela iritzi dio, Oroimen Espazioa bultzatzeko konpromisoa publikoki adierazi zuten instituzioen eta hainbat hamarkadatan oroimena «bizirik» mantentzeko lana egin duten gizarte-eragileen artean. Lakua, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala ari dira zentroa sortzeko lanetan, baina atzerapen handiarekin eta adostutakoa bete gabe.

«Denbora luzeegian prozesua geldituta izan ondoren, 2024ak benetako aurrerapenen urtea izan behar du langileen sarraskiaren eszenatoki izan zen elizan Memoriaren Gunea sortzeko», agertu du elkarteak.

25 urte

1999an sortu zen Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea eta, beraz, 2024an 25 urte egingo ditu. Urtemuga horri erronka berriekin erantzun asmo dio taldeak, eta jakinarazi du hainbat ikertzailerekin harremanetan jarri da jadanik, «martxoaren 3ko memoria-ondarea berreskuratzeko eta babesteko lanak egingo dituen talde tekniko bat osatzeko, baita artxiboak dokumentuz husteko ere». Lantalde horrek Gogora Institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren hasiko du bere jarduera eta, beraz, 2024ko lehen asteetan martxan jartzea espero dute.

1976ko martxoaren 3 hartan, Francisco Aznar Clemente (17 urte), Romualdo Barroso Chaparro (19 urte), Pedro Mari Martinez Ocio (27 urte), Jose Castillo Garcia (32 urte) eta Bienvenido Pereda Moral (30 urte) hil zituen Poliziak eta elkarteak gogora ekarri du 2023an Faustina Chaparro eta Diego Aznar hil direla, Barrosoren eta Aznarren ama eta aita, hurrenez hurren.

«Ez dira azken urteotan joan zaizkigun martxoaren 3ko protagonista zuzen bakarrak. Denborak gure kontra jokatzen du. Horregatik, premiazkoa da martxoaren 3ko memoria-ondare osoa dokumentatzeko lehentasunak eta metodologiak ezartzea», ohartarazi du.