INFO

Gazako genozidioaren aurrean, Israelen aurkako zigorrak har daitezela eskatu dute Iruñean

Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta Gazan Israel burutzen ari den genozidioa salatzeko mobilizazioak egin dira larunbat honetan Iruñean eta Bilbon. Iruñeko manifestazio jendetsuan, milaka eta milaka lagunek Israelen aurkako zigorrak ezar daitekela exijitu dute.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Milaka pertsonak egin dute bat larunbat honetan Yala plataformak deituta Iruñean herri palestinarrari elkartasuna erakutsi eta Israel aurrera eramaten ari den genozidioaren aurkako neurriak har daitezen exijitzeko egin den manifestazioan. Hamar mila lagun inguru bildu dira, antolatzaileen arabera, eta zortzi mila espainiar Gobernuaren ordezkaritzaren arabera.

Yala plataformako ordezkari Lidon Sorianok martxa abiatu baino minutu gutxi lehenago adierazi duenez, bereziki instituzioei zuzenduta doa euren mezua, hauek baitute Israel nazioarteko zuzenbidea betetzera «derrigortzeko» giltza.

«Genozidioak aurrera darrai. Israelek sistematikoki giza eskubideak urratzen jarraitzen du», salatu du Sorianok, eta Nafarroako Gobernuak, Estatu espainolekoak eta Europar Batasunak afera honetan duten erantzukizunari egin dio erreferentzia. Era berean, «su-etena eta nazioarteko laguntzaren sarrera baimentzeko» beharrean ere jarri du azpimarra.

Manifestazioa Iruñeko Tramontana eskulturaren ondotik abiatu eta hiriko kale nagusiak zeharkatu ditu Antoniutti parkean amaitzeko, eta herritarren parte hartzea txalotzeaz batera herri mugimenduen aldetik izan duen harrera ere eskertu nahi izan du Sorianok. «Denbora gutxian mila pertsonaren eta 150 kolektiboren atxekimenduak jaso ditugu», ziurtatu du.

Ibilbidean zehar, Palestinaren bandera ugari ikusi ahal izan dira eta manifestariek zapi zuriak astindu dituzte airean, su etenaren aldarri modura. Herri palestinarraren aldeko oihuak eta Israelen kontrakoak ere etengabeak izan dira, baita instituzioei zuzenduak ere, afera honetan behingoz eskua sar dezatela eskatzeko. ‘Ez da gerra, genozidioa da’, ‘Palestina askatu’ ‘Estatu sionista, estatu terrorista’ eta ‘Israeli boikota’ lemak izan dira errepikatuenak. «Israel, zenbatu al dezu zenbat haur hil dituzun?», itauna ere entzun da.

Manifestazioaren buruan, joaldunek bidea ireki diete euskal eta arabiar tradiziozko jantziak soinean Palestinako bandera zeramaten gazteei. Hauen ostean, ‘Paremos el genocidio en Palestina. Yala Goazen Vamos’ lemadun pankarta eraman dute plataformako ordezkariek eta hauen atzean alderdi politiko, sindikatu eta elkarteetako ordezkariak joan dira, tartean Geroa Baiko Ana Ollo kontseilaria, EH Bilduko Miren Zabaleta, IUNko Carlos Guzman, Podemoseko Ione Belarra eta Idoia Villanueva, eta CCOO eta LABeko ordezkariak, Chechu Rodriguez eta Imanol Karrera, hurrenez hurren. Suhiltzaile eta osasun alorreko langileak ere baziren, beren uniformeekin.

Martxa Antoniutti parkera iritsi denean ‘dabka’ dantza antzeztu eta hitza hartu dute plataformako ordezkariek. Oholtzatik, Palestinan jazotzen ari dena «1897an sionismoak antolatu zuen garbiketa etnikoko prozesuaren fase berri bat baino ez» dela salatu dute, Sorianorekin batera, Hodei Arangurenek eta Maitane Melero atletak. 

Gogora ekarri dute jazarpena hasi zenetik igaro diren hiru hilabeteetan hil diren 30.000 palestinarren %70a emakumeak eta haurrak direla, «eta hori ez da kasualitatea», salatu dute, «palestinarrik gabeko etorkizun bat» eraikitzeko gakoa baizik. «Munduari frogak ezkutatzeko asmoa» kazetariek jasan dituzten erasoak ere salatu dituzte.

«Zenbaki guzti hauek motz geratzen dira gurasorik gabe, bakarrik, janaririk, edatekorik eta hotzetik babesteko arroparik gabe geratu diren milaka haurrak bizitzen ari diren izugarrikeria adierazteko», ziurtatu dute, eta Israel «herri palestinarraren aurka burutzen ari den sarraskia» salatzeaz batera, «AEB eta EB genozidio honen ezinbesteko konplize» direla ere deitoratu dute.

Palestinarrei ere zuzendu zaizkie: «Ez daude bakarrik, Nafarroako herria haiekin dago, herri anai bezala borrokan jarraituko dugu eta elkarrekin sionismo kriminala garaituko dugu, Israelgo Estatua garaituko dugu eta bere apartheid politikekin bukatuko dugu».

Amaitzeko, Gobernu espainolari Israeli armak kendu eta harreman diplomatikoak eteteko eskaera luzatu diote, baita Estatu Palestinarra onar dezala ere.

Hegoafrikaren salaketa

Martxa abiatu aurretik, Soriano Hegoafrikak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean jarritako salaketaren gainean ere mintzatu da. «Sarraskiaren tamaina hain da handia, Israelek azalpenak ematen amaitu beharko duela. Arazoa bien bitartean sufrimendua handituz doala da», deitoratu du.

Izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ostiralean jakinarazi zuen Hegoafrikaren salaketa bat jaso duela, Israel Gazan burutzen ari den genozidioa iker dezala eskatuz. Israelek, baina, ez du auzitegi honen ahalmena onartzen.

Salaketan, herri palestinarraren aurkako oldarraldiak «izaera genozida» duela ziurtatzen da, Israelen asmoa «talde nazional, arraza eta etniko baten parte diren Gazako palestinarrak suntsitzea baita».

Hegoafrikako Gobernuak Israelekiko harreman diplomatikoak hautsi zituen urriaren 7ko erasoaren ostean eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean salaketa jarriko zuela ere iragarri zuen. Horrez gainera, azaroan Bangladesh, Bolivia, Ekialdeko Afrika, Komoreak eta Djibutirekin batera, ikerketa bat ireki zedila eskatu zion Fiskaltzari. Auzitegiko fiskalak ikerketa hori 2021etik zabalik dagoela erantzun zuen.

Bilbon ere, sarraskiaren kontra

Iruñea ez da izan larunbat goiz honetan Palestinarekiko elkartasuna erakutsi duen euskal hiriburu bakarra. Bilbon ere, ehunka izan dira herri palestinarra jasaten ari den sarraskiaren aurka mobilizatu eta euskal gizartearen elkartasuna adieraztera kalera atera diren pertsonak.

Palestinaren alde Bilbon egin duten elkarretaratzea. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Palestinarekin Elkartasuna elkarteak deituta, Arriaga plazan mobilizatu dira eta Israelen jokamoldearen zein Europa afera honetan izaten ari den jarreraren aurkako oihuak entzun ahal izan dira, baita zenbait enpresa eta euskal instituzioak erakusten ari diren «konplizitatea»-ren kontrakoak ere.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Palestinarekin Elkartasuna elkarteko kide Peio Almagrok «herri palestinaren aurka gauzatzen ari den sarraski eta genozidio sionista» salatzea «ezinbestekoa» dela ziurtatu du.

«Herri palestinarrari eta bere erresistentziari baldintzarik gabeko elkartasuna» helarazi nahi izan die Almagrok, eta euskal gizarteari ere luzatu dio deia, «zorigaitz honen aurrean elkartasuna adierazi eta mobiliza dadin».

Azkenik, herri mugimenduek erakutsi duten «elkartasun jarraitua» eskertzeaz batera «zenbait enpresa, instituzio eta alderdi politikoetatik eman diren diskurtso distantziakideak» salatu ditu.