INFO

Sailkapena bitan hausteko arriskuarekin helduko da Binakakoa bere ekuatorera

Jaka eta Mariezkurrenak ez dute barkatu eta 22-14 nagusitu zaizkie Ezkurdia eta Tolosari eta Bilbon berriz, Lasorik onena ez da nahikoa izan Elordik eta Rezustak partida hasieran lortu duten alde handiari buelta emateko.

Erasoan Laso Aitor Elordi baino gehiago izan den arren, garaipena gorrientzat izan da. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Bi abiaduratako Binakako txapelketa astelehenean helduko da bere ekuatorera eta sailkapena bitan hausteko arriskuarekin beteko du bere lehen erdia. Euren partidarik borobilena jokatu gabe, Jakak eta Mariezkurrenak eroso xamar lortu dute burua altxa ezinik jarraitzen duten Ezkurdia-Tolosaren aurka garaipena Labriten (22-14) eta goruntz begiratu nahi duten Elordi-Rezustak askoz gehiago sufritu behar izan dute euren bolada txarra Laso-Arangurenen aurka amaitu eta lehen itzuli hau lau punturekin amaitzeko (22-19). Gaurko bi bikote galtzaileek, ordea, bina punturekin amaitu dute eta azken bi postuei ihes egiteko borrokak gogorra behar du.

Lan horietarako sentsazio hobeekin amaitu dute urtea Laso eta Arangurenek, batez ere bikotearen zama eraman behar duen Unai Laso ari delako bere antzinako maila berreskuratzen. Gaur Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidaren bigarren erdian partidak erritmoa sartuz aldatzen dituen pilotaria ikusi dugu berriro, urrutitik sartuz tanto ikusgarriak lortuz, arriskuak hartzeagatik akatsak egiten ere bai, hitz bitan esanda, betiko Laso izanez. Baina itzuli zenetik ikusi dugun Bizkarreta-Gerendaingoaren bertsiorik onena ez da nahikoa izan Aitor Elordi eta Beñat Rezustaren sendotasuna gailentzeko.

Azken hiru partidak galtzetik heldu da Aspeko bikotea Bilbora, atzean Rezustak zalantzaren bat ere utzita partidaren batean, baina gaurkoan bergararrak berriz ere berme osoko partida bat jokatu du, Aranguren baino gehiago kolpean baina, batez ere, partida osoan hutsik egin gabe. Eraman beharreko sake bat besterik ez.

Atzelariaren nagusitasun horrekin, gorriak 11-3 aurreratu dira eta Aranguren deseroso ikusita, partidak erabat hautsia zirudien. Denentzat Unai Lasorentzat izan ezik. Hortxe agertu da aurrelari nafarra partida iraultzeko prest eta oso gutxi falta izan zaio, jokoan egindako 12 tantorekin. Markagailua berdintzeko izandako bost aukera izan dituzte, baina unerik erabakigarrienetan egindako akatsak izan dira euren kondena.

PARTIDAKO FITXA:

Elordi-Rezusta: 22

Laso-Aranguren:19

Pilotakadak: 529. Iraupena: 71,45 minutu. Markagailua: 7-0, 7-2, 9-2, 9-3, 11-3, 11-7, 12-7, 12-11, 13-11, 13-12, 14-12, 14-13, 16-13, 16-14, 18-14, 18-17, 19-17, 19-18, 21-18, 21-18, 21-19, 22-19. Sakeak: 2 Elordik eta 1 Lasok.  Egindakoak: 5 Elordik, 4 Rezustak, 12 Lasok eta 1 Arangurenek. Galdutakoak: 5 Elordik, 0 Rezustak, 6 Lasok eta 5 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera erdia Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Jon Mariezkurrena egurrean

Partida borobilik jokatu gabe irabazi

Kezkatuago egoteko arrazoi gehiago dituzte Ezkurdia eta Tolosak, euren sentsazioek ez dutelako askorik hobetzen, nahiz eta azken aldera arbizuarra errematean eraginkorrago arituta, markagailua zertxobait txukundu duten. Etxeberria-Zabaleta eta Altuna-Martija bezalako bikoteei irabazi izanak nolabaiteko esperantzak ematen zizkien arren, gaur egungo Jaka-Mariezkurrena orduko bikote horiek baino maila bat gorago daude eta Baikokoek askorik sufritu behar izan gabe lortu dute seigarren puntua.

Orain arte egindako jokoarekin, partidaren hasieran hautsi dute aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari nafarrak partida (5-0 eta 8-3), Mariezkurrenak atzean asko aginduz eta lizartzarrak errematean beste hainbeste asmatuz. Hortxe, sartu behar ez zuen pilota batean kolpe  handi xamar bat eraman du Erik Jakak ezker hatzean eta hortik aurrera partidatik pixka bat atera da eta lehia dezente hoztu da, Xabi Tolosak ere aldageletara sartu behar izan duelako belaunean kolpea hartuta.

Eta Joseba Ezkurdia, boleaz eta erritmoa aldatzen eta aurkariak estutasunetan jartzen saiatu bada ere, ia-ia inertzia hutsez, liderrek eroso xamar egin dute garaipenerainoko bidea.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia-Tolosa: 14

Jaka-Mariezkurrena:22

Pilotakadak: 392. Iraupena: 53,53 minutu. Markagailua: 0-5, 2-5, 2-7, 3-7, 3-9, 4-9, 4-10, 5-10, 5-14, 7-14, 7-16, 8-16, 8-18, 11-18, 11-21, 14-21, 14-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 2 Jakak.  Egindakoak: 7 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 10 Jakak eta 3 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 5 Tolosak, 3 Jakak eta 3 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro bikaina Iruñeko Labriten.