INFO

«Autokonplazentziaz» aritzea leporatu diote Urkulluri oposizioko talde guztiek

Legebiltzarreko oposizio guztiak Iñigo Urkulluren urte bukaerako azken mezua kritikatu du, «autokonplazentziaz» hitz egin bai baina «ezer berririk» ekarri ez duelako. «Argi-ilunez betetako hamarkada» aipatu du EH Bilduk, EPk «gero eta okerrago» ikusten du EAE, eta PPrentzat balantzea «ez da ona».

Nerea Kortajarena, Urkulluren mezuaren balorazioa egiten. (NAIZ)

Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzar taldeko bozeramailearen iritziz, Urkulluk, bere agintaldiaren azken mezuan, «aukera galdu du herritarren aurrean eseri eta balantze zintzo bat egiteko». «Azken 10 urteotan gertatu direnak eta gertatuko direnak kontatu dizkigu, notarioa bailitzan. Bere agintaldiaren irakurketa autokonplazientea egin du».

EH Bildurentzat, Urkullurena «argi-ilunez beteriko hamarkada» izan da. «Ez du etorkizuna prestatzen jakin, eta aro honetan eman diren garai onak eta aldeko haizea ez du baliatzen jakin, herri honen zati hau behar zuen lekuan egoteko». Horrekin batera, «egoerei aurre egiteko erakutsi duen ezintasuna eta lidergo falta» egotzi dizkio. Ondorioz, Kortajarenaren ustez, «hamarkada galdu batez hitz egin daiteke». 

Gainera, lehendakariak «herritarrekin konektatzeko aukera» ere galdu duela nabarmendu du. «Ez du herritarrek dituzten kezkez hitz egin. Ez du aipatu bizitzaren garestitzea, Osakidetza, etxebizitzaren prezioa... Horiek guztiek gure etorkizuna hipotekatzen dute. Etorkizunari aurre egiteko behar dugun burujabetza ere ez du aipatu. Ezin da politika egin herritarren bizipenei bizkarra emanda», kritikatu du.

Urkulluk eta ordezkatzen duen proiektuak «erakusten dituen agorpen zantzuen» aurrean, Kortajarenak esan du «erantzun berriak, lidergo berriak eta gehiengo berriak» behar direla. «Leihoak ireki eta erregenerazio politiko eta instituzionala abiatzeko beharra daukagu», eta «EH Bildun horretarako prest gaude», bukatu du.

Elkarrekin-Podemos: «Ezer berririk» ez

Elkarrekin-Podemoseko koordinatzaile Pilar Garridok ez du «ezer berririk» ikusi Urkulluren urte bukaerako mezuan.

«Berdintasuna, kohesioa, guztion ongizatea... dira Urkullu jaunaren kezka nagusiak. Baina lehendakari batek kezkatu ez ezik, arduratu ere egin behar du», azpimarratu du.

Garridoren iritziz, lehendakariaren politikek «gero eta atzerago utzi dute Euskadi»: Osakidetza «inoiz baino okerrago» dago, «etxebizitzaren arazo larria konponbiderik gabe», «Hezkuntza Lege-iruzurrak Euskadiko haurrei ez die aukera berdintasuna bermatzen» eta «krisi klimatikoari aurre egiteko ideiarik gabe».

Horrekin batera, gogor kritikatu du «aberastasun handiak dituztenak eta oligopolio energetikoa babestea, guztion ongizatearen aurka».

Bere ustez, «Euskadiren etorkizuna desberdin pentsatu eta egitean datza», eta ildo horretan emakume lehendakari bat aldarrikatu du, «Osakidetza indartzeaz, eskola publikoa defendatzeaz, etxebizitzarako aukera arrazoizko prezio batean ahalbidetzeaz, aurrerapen feministak eta emakume guztientzat eskubidea defendatzeaz arduratuko den emakumea».

PP: «Ez du ondo kudeatu»

PPren iritziz, Iñigo Urkulluren Gobernuaren balantzea ez da ona, «ez du ondo kudeatu» eta ez da «proiektu on bat» egon, aitzitik, deitoratu du «dinamika horrek euskal ekonomiaren gainbehera eta Euskadiko zerbitzu publikoen kalitatearen galera» ekarri duela.

Javier de Andres EAEko PPko presidenteak kritikatu egin du lehendakariak bere urte amaierako mezuan eman duen datu «bakarra» langabeziarena dela, baina «ahaztu egin zaio esatea Espainian langabezia gutxien duen erkidegoa izatetik tasa txikiena duen laugarrena izatera igaro garela».

Horregatik, bere ustez, «balantzea ezin da ona izan, zifra bat gehiago ematera ausartu ez bada, horrek erakusten du gauzak ez direla ondo kudeatu».

Voxek ere Urkulluren «autokonplazentziazko balantzea» gaitzetsi du eta «datuak desitxuratzea» leporatu dio. Bere agintaldian izan dituen «lorpen apurrak» ez direla autogobernuari esker nabarmendu du Amaia Martinez parlamentariak.

Andueza, 2024an lider izateko prest

PSEko Eneko Anduezak ez du Urkulluren diskurtsoari buruzko balorazio zehatzik egin, baina berak ere bere mezua zabaldu nahi izan du datorren urteari begira. Esan duenez, bere alderdiarentzat 2024an «ez da lana amaitzen, garai berri bat irekitzen dugu». Ohartarazi du «aldaketa askoren mugan» gaudela eta, beraz, horri «modu positiboan erantzun» behar zaiola.

Andueza prest dago, «beti bezala, gogor lan egiteko, lankidetzan aritzeko eta, batez ere, aurrean dituen erronkei anbizioz erantzun behar dien herrialde baten buru izateko».

Azaldu duenez, «aldatu gidoia izango da urte berrian motibatuko gaituen esaldia, «hemen Euskadin lan egiteko, Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko eta askatasunen eta aurrerapenaren alde egiten duen Europari begiratzeko».

Egibar: «Txalotzeko moduko ibilbidea»

Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak Urkulluren mezua txalotu du eta haren ibilbidea ere goraipatu du, «ezaugarri nagusia iraunkortasuna eta apaltasuna» izan direla esanda.

«Urkullu lehendakariak txalotzeko eta aitortzeko moduko ibilbidea du. Gizarte eta herri bezala beste maila batean jarri gaitu, hori ukaezina da», nabarmendu du, eta bere legealdian «etorkizun hurbilerako oinarriak» ezarri dituela erantsi du: «sendotasuna, herri balioak eta erabakitasuna».

Aldiz, ohartarazi du, «populista agor batzuek beti hitz egiten dute ziklo agortuaz, ez dutelako ezer garatzeko, ezta alternatibarik aurkezteko ere».