INFO

1.324.221 bisitarirekin, Bilboko Guggenheim Museoak errekorra hautsi zuen iaz

Amaitu berri den urtean bere errekor guztiak hautsi omen ditu Bilboko Guggenheim Museoak, 1.324.221 bisitari izan baititu; 2022an baino 35.074 gehiago. Eta museoak kaleratu dituen datuen artean, hauxe ere adierazgarria da: 103,4 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkio ogasun publikoari.

Tourraren aurkezpena Guggenheim Museoaren inguruan, ekainean hartutako irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Aparteko lorpena» bezala jo du Bilboko Guggenheim Museoak berak 2023 urteak utzi dituen bisitarien datuak: 1.324.221 bisitari, 2017an eta 2022an baino gehiago; hau da, museoaren 20. eta 25. urteurrenetan, hurrenez hurren. Datu aipagarri gisa, iaz museoak berreskuratu egin du pandemia aurretik zuen atzerriko bisitarien maila, eta guztizkoaren %60 izatera iritsi da (2022an baino %10 gehiago).

Ehunekotan, publiko osoaren %16 Estatu frantsesetik etorri da, %7 Alemaniatik, %6 Ingalaterratik, %6 AEBtatik eta %4 Italiatik. Estatuan, Madrildik eta Kataluniatik etorritakoak nabarmentzen dira (%5 eta %5, hurrenez hurren).

Bestalde, argitaratu dituzten datu orokorren artean, museoak daukan eragin ekonomikoari dagokionez, 2023ko emaitzek gainditu egin omen dituzte ere aurreko urtekoak. Hemen, aipatu dituztenak: museoaren jardueraren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako eskaria 762,2 milioi eurokoa izan da guztira; eta Barne Produktu Gordinari dagokionez, egindako ekarpena 657,6 milioi eurokoa izan da. Kopuru horiek 103,4 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkietela EAEko Ogasun Publikoei azpimarratu du museoak ere.

Azkenik, museoaren jarduerak 13.855 enplegu mantentzen lagundu du. Eta aurten ere, museoa Europako kultur erakundeen buru da autofinantzaketaren mailan, 2023an, hain zuzen, %78 inguruko zifra errekorra izan baitu.

Digitala, hezkuntza...

Eremu digitalean, guggenheim-bilbao.eus webguneak 3.218.545 bisita izan ditu guztira 2023an, 13.009.948 orrialde-ikustalditan, eta sare sozialetan ere museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitzen du: 841.767 jarraitzaile ditu Instagramen, 385.313 Facebooken eta 369.204 X-en.

Hezkuntza-programei dagokienez, 2023an 76.406 pertsonak parte hartu dute eskaintzen dituzten aurrez aurreko eta online jardueretan, eta 997.710 bisitarik erabili dituzte gune didaktikoak. Familientzako programan 7.049 pertsonak hartu dute parte, eta 12.607 helduk esku hartu dute eskainitako ikastaro, solasaldi, tailer, hitzaldi eta ikuskizun ugarietan. 2023an Wellbeing programa berritzailea jarri da martxan; artearen bidez ongizatea hobetzeko xedea duen ekimen horrek hainbat proposamen biltzen ditu, besteak beste, Begirada Barez, yoga-saioak eta hitzaldiak, eta 500 pertsonek hartu dute parte bertan.

Ikastetxeei dagokienez, 23.329 haurrek bisitatu dute museoa, eta Hezitzaileen Community, hau da, irakasleentzako doako online komunitatea, 3.4376 kide izatera iritsi da. Era berean, 2023an, museoaren gizarte-programek 3.124 pertsonari eman die museora joateko aukera; programa horien baitan, nabarmentzekoa da bisita-tailer mota berri bat jarri dela abian: zaurgarritasun-egoeran dauden edo aniztasun funtzionala duten pertsonei Museoa ezagutzeko aukera ematen die, baita beren gizarteratzea eta erresilientzia sustatzen dituzten sormen-jardueretan parte hartzekoa ere.

Komunitate zabala

Museoko banako kideei dagokienez, 268.097 dira Community (Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea) osatzen duten pertsonak (aurreko urtean baino %40 gehiago). Taldeka banatuz gero, 23.534 Museoaren Lagunak dira (Museoa inauguratu zenetik izandako kopururik handiena da aurtengoa, eta horrek agerian uzten du kolektibo hori zenbateraino dagoen errotuta gertuko ingurunean); 244.015 jarraitzaileak dira, hau da, Museoarekin harremana izateko doako modalitateko kideak; eta 548, aldiz, langabezian daudenei Museora doan sartzeko aukera ematen dien Erdu programaren onuradunak dira.

Bestalde, museoak 121 kide korporatiboren laguntza izan du 2023an. Funtsezko zutabea dira haiek erakundearen finantzaketan, eta Communityko kide ere badira. Museoaren programazioko hainbat erakusketak eta jarduerak enpresen babesa jaso dute. Enpresa horiek Museoarekin hartua duten konpromisoa harreman egonkor eta iraunkor baten erakusgarria da, eta haien ekarpen ekonomikoek garrantzi handia izan dute urteko aurrekontuaren finantzaketan. Izan ere, berretsi egiten da horrela erakundearen finantzaketa-ereduak ongi funtzionatzen duela.