INFO

2023an 45 pertsona hil ziren EAEn trafiko-istripuen ondorioz

Trafiko-istripuen heriotza-tasak gora egin zuen 2023an Gipuzkoan (31 heriotza), eta behera egin zuen Bizkaian (8) eta Araban (6). Orokorrean, 45 pertsona hil ziren hiru lurraldeetan, eta hildako pertsonen %47 kolektibo zaurgarrietako batekoak ziren; batez ere motor-gidariak (11) eta oinezkoak (8).

Auto ilarak Bilbon, istripu bat dela eta, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 45 pertsona hil ziren trafiko istripuen ondorioz 2023an, aurreko urtean baino bat gehiago eta 2019an baino sei gutxiago (pandemia aurreko parekatzeko moduko azken urtea). Sexuaren arabera, hildako pertsonen %87 gizonak izan dira (39 hildako), eta %13 emakumeak (6).

Horrela jakinarazi du ostegun honetan Estibaliz Olabarri Lakuako Trafikoko zuzendariak, 2023ko behin behineko balantzea aurkezteko Bilbon egindako prentsa agerraldian. Orokorrean, istripu tasak azken urteotako beheranzko joera finkatu duela esan du, baina heriotza tasaren banaketa ezberdina izan dela, gora egin baitu Gipuzkoan eta behera Araban eta Bizkaian.

Zehazki, lurraldeak aztertuta, heriotza tasa baxuagoa izan ohi da Araban historikoki, eta oso antzekoa, aldaera txiki batzuekin, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halere, 2023an, Gipuzkoan heriotza gehiago izan ziren (31 hildako); 2022an 18 lagun hil ziren, eta 2021ean 16.

Aitzitik, hildakoen kopuruak nabarmen egin zuen behera Bizkaian iaz, 8 hildakorekin, 2022an 18 eta 2021ean 16 izan ziren bitartean. Araban neurri txikiagoan egin zuen behera, 6 heriotza gertatu baitziren (2022an 8 eta 2021ean 10).

EAEn trafiko istripuetan 2023an hildako 45 pertsonetatik %47 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 11 motor gidari, 8 oinezko eta bi txirrindulari. Sexuari dagokionez, txirrindulari guztiak gizonezkoak izan ziren, bai eta motor gidarien %91 (emakumeak %9) eta oinezkoen %62 (emakumeak %38) ere. Aurreko urteekin alderatuz gero, kolektibo zaurgarrietako hildakoen portzentajea %32 jaitsi zen iaz 2022arekin alderatuta, %2 2021ekin alderatuta eta %21 2019arekin alderatuta.

Sentsibilizazio-programak

Bestalde, sentsibilizazioaren arloan, 2023an 65 urtetik gorako biztanleriari zuzendutako programa berria egin zen, biztanle horiek herritarren %23,5 baitira EAEn. Kolektibo horri bideko arriskuak identifikatzen eta euren buruak babesten laguntzea izan zen xedea, 2023an eta 2022an hildako oinezkoen erdiak adin horretatik gorakoak izan baitziren.

Horrela, urrian abian jarri zenetik, 'Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu' programa EAEko sei udalerritara eraman da, eta 2024an beste 16tara eramatea aurreikusi da. Orain arte, 65 urtetik gorako 1.051 pertsonak parte hartu dute programan.

Gazteei dagokienez, jada finkatuta dagoen 'Don't be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik' sentsibilizazio estrategiaren balantzea ere aurkeztu du Olabarrik. Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta 2017an abiatu zenetik, prebentzio programa ibiltaria 64 herritako 180 ikastetxetara iritsi da, hiru hiriburuak barne, eta guztietan parte hartzaile ugari izan dira.

Guztira 184 ekitaldi programatu dira, horietan 45.283 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea «oso positiboa» izan da. Ikasleen %98k adierazi du trafiko istripuei aurrea hartzeko segurtasunaren garrantziaz jabetu dela.