INFO

Etxeko miseriak Euroligan zuritu asmoz joan da Baskonia Monakora

Kopatik at geratu ostean, maila txukunagoa ematen ari den nazioarteko txapelketan aurrera pausoa eman nahi dute Ivanovicenek, oraintxe aurkari zuzena den talde baten aurka.

Fitxaketa berrien zain, Chiozza da Miller McIntyreri atsedena emateko aukera bakarra. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Kopatik at geratu izanak argi uzten du aurtengo Baskoniari, 8 jokalariko errotazio batekin, taldeak ez diola Euroligan eta ACB-n %100ean lehiatzeko ematen eta etxeko txapelketan izandako porrotak ­–azken bost denboraldietatik hirutan Kopatik at geratu izana esanguratsua da zeharo– Euroligan  zuritzen saiatuko da gaur Monakon arratsaldeko zazpietatik aurrera.
Euroligan, bere ahalmenak kontuan izanda, denboraldi askoz txukunagoa egiten ari dira Dusko Ivanovicenak eta playoffetan sartzeko borrokan dabilen beste arerio bati egin beharko diote bisita. Txapelketa hasiera bikaina egin bazuten ere, Monakokoek indar apur bat galdu dute azken asteetan eta jarraian galdutako bi partiden ostean, gasteiztarrekin berdinduta dira sailkapenean 10 garaipen eta 9 porrotekin.

Lehen itzulian Zurbaon Sasa Obradovicenak gailendu ziren, azken segunduan Jaron Blossomgamek lortutako saskiratze ikusgarriarekin (75-77) eta gasteiztarrek arantza hori kendu nahiko dute, baita bide batez Gaston Medecin kantxan bere lehen garaipena eskuratu. Euroligan tradizio oso eskaseko taldea da Monakokoa, baina diru freskoarekin talde sendoa osatu dute, nahiz eta partida honetarako zenbait hutsune garrantzitsu izango dituzten. Jordan Loydek bizkarreko arazoekin ezin izango du jokatu eta Elie Okobo taldeak berak zigortu du, Donatas Montejiunas taldekidearekin izandako istilu baten ostean. Matthew Strazel gaztea azken unera arte zalantza izango da. Hala ere, Mike James, Kemba Walker, Alpha Diallo, John Brown eta enparauek talde oso indartsua osatzen dute.

Shannon Evans ere ez

Gasteizko taldean ez da aparteko nobedaderik espero eta ikuskizun dago horrenbeste espero den antolatzailea inoiz etorriko den. Askorentzat Shannon Evans zen Codi Miller-McIntyre-rekin bikotea osatzeko merkatuak eskaintzen zuen aukerarik onena, baina estatubatuarrak Badalonako Joventutekin sinatu du denboraldia amaitu arte. Momentuz, Chiozza da alternatiba bakarra.