INFO

Euskararen aurkako beste epai bat, oraingoan Donostiako udaltzain postu batzuen harira

Donostiako Udaletxean postu batzuk egonkortzeko egin zen prozesu baten gainean Donostiako Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak euskararen aurka ebatzi du. Orain, berez, Udalari dagokio helegitea aurkeztea, lehen instantzian delako epaia. NAIZek eskuratu du sententzia.

Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Aiaraldeko euskalgintzaren elkarretaratzea, euskararen kontrako epai baten kontra, iragan abenduaren 21ean, Laudion. (Raul BOGAJO | FOKU)

2024a estreinatu dugu, baina zaharrak berri euskararen aurkako oldarraldi judizialean. Laudioko Udaleko lanpostu batean euskararen eskakizuna atzera bota eta egun gutxira, beste kapitulu bat idatzi du Donostiako Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak, Gipuzkoako hiriburuan udaltzain izan nahi duen eta eskatzen den euskara mailarik ez duen norbanako batek jarri zuen helegitea aintzat hartuta.

Epaitegiak sententzia bat argitaratu du Donostiako Udaletxean postu batzuk egonkortzeko egin zen prozesu baten gainean, eta bertan euskararen aurka ebatzi du. Orain, berez, Udalari dagokio helegitea aurkeztea, lehen instantzian delako epaia.

NAIZek eskuratu du sententzia. Iragan abenduaren 22ko data du, eta Jose Ignacio Hierro Lage epaileak sinatzen du. Udaltzain izan nahi duen norbanako batek helegitea jarri zuen, eskatzen zen euskara mailarik ez zuelako. Eta epaiak errekurtso hori babestu du. 2022ko abenduan Donostiako Udal Gobernuak onartutako akordio baten kontra doa. Bertan, udaltzain postu batzuk egonkortzeko prozesu bat deitzeko oinarriak ezartzen ziren, eta horien artean zegoen udaltzain horiei euskarazko B2 maila eskatzea.

«Hizkuntzagatiko diskriminazioa» argudio

Helegitea jartzeko espainiar Konstituzioaren 14 eta 23.2 artikuluei eutsi zien norbanakoak, defendatuz «kargu publikoetara baldintza berdinetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen duela» euskararen ezagutza eskatzeak, eta hori «hizkuntzagatiko diskriminazioa» dela baieztatuz. Epaileak Konstituzioko 14. artikulua aipatzen du eta azaltzen du horren arabera «debekatua dagoela Espainiaren parte den lurralde batean koofiziala den hizkuntza bat ez jakiteagatik inor diskriminatzea. Gaztelania, ordea, derrigorrez jakin behar da, Konstituzioaren 3.1 artikulua aplikatuta. Euskararekin ez da hala gertatzen, EAEko hizkuntza koofiziala izanik, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea baitute herritarrek, baina ez ezagutzeko obligazioa».

Epaiak eransten du Donostiako Udalak ez zuela errekurtsoa onartu, udaltzain postu horietarako egindako deialdia eta bertako hizkuntza irizpideak zuzenbidezkoak direla uste duelako. Euskarazko bigarren profila eskatzea aurreikusia zegoela aipatu zuen Udalak, besteak beste 2022rako onartutako lan eskaintza publikoan. Bestalde, instituzio honen arabera, euskararen ezagutza eskatzea justifikatua dago herritarrei arreta euskaraz eskaintzeko modua ematen duelako, espainiar Konstituzioaren 23.2 artikuluak aipatzen dituen kargu publikoen meritu eta gaitasun printzipioen ildotik.

Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa

Sententziak norbanakoak jarritako helegitea onartu du, eta Donostiako Udalaren udaltzain lanpostu batzuk egonkortzeko deialdiaren oinarria baliogabetu du. Udalari dagokio orain, egoki ikusten badu, helegitea aurkeztea.

Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko asmoz, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, manifestazio erraldoia egin zen Bilbon joan den azaroaren 4an. 70.000 lagun elkartu zituen ekimen handi haren ondotik, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa ere aurkeztu zen.