INFO

Elurra eta euriaren ostean, hotza nagusi datozen ordu eta egunetan

Aralarko San Migelerako errepidea, itxita dago eta Belaguan ere kateak behar dira Juan Pitotik aurrera. EAEn errepide guztiak daude irekita, nahiz-eta zenbait mendatetan «arreta» berezia eskatzen den. Eguraldiaren inguruko informazio guztia, NAIZen atari berezian.

Elurra izan da asteburuko protagonista. (Foruzaingoa)

Asteburuan zehar pilatutako elurra portagonista da oraindik Euskal Herriko errepideetan, baina lehorrari eta hotzari emango dio paso orduek aurrera egin ahala. Astelehen goiz honetan ibilgailu guztiek kateak behar zituzten Arabako Herrera eta Urduña mendateetatik zirkulatzeko, elurra eta izotza zegoelako, baina eguerdirako garbi zegoen. Belaguako portuan bai kateak beharrezkoak dira, Juan Pitotik gora. Lekunberritik Aralarko San Migelerako errepidea, aldiz, itxita dago laugarren kilometrotik aurrera.

Lakuako Segurtasun sailak, Herrera eta Urduñaz gain, beste bost mendatetan kontuz ibiltzeko eskatu du. Zehazki, arretaz gidatu behar da Arabako Azazeta, Bernedo eta Opakuan, eta Gipuzkoako Andatzarrate eta Urton.

Atzo, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri zuen, eta gaur 09:00ak arte egon da indarrean. Elur-kota 600 eta 1.000 metro artekoa izango da, eta prezipitazioak izan daitezke egunaren lehen orduetan. Hori dela eta, Gasteizko Udalak Larrialdi Plana jarri du martxan astelehen honetarako, baina oraingoz elurrik ez du bota Arabako hiriburuan. Arabako Foru Aldundiak ere bere plana aktibatu du lurraldeko errepideen egoera ona bermatzeko; 25 pertsona eta 9 ekipo material ditu.

Nafarroan aldiz gaur prezipitazio gutxi espero da. Gozieko lehen orduetan lurraldearen ipar-mendebaldean izango dira. Hala ere, Foru Erkidegoko errepide sarean arretaz gidatzea gomendatzen da, Nafarroako iparraldeko mendilerroetan 4 zentimetro inguruko elurra egin dezakeelako.

Iruñean, datozen orduotan, aurreikuspenen arabera, hiriko ibaietako ur-bolumenak behera egingo du, Udaltzaingoak adierazi duenez. Hori bai, tenperatura minimoek behera egingo dute eta maximoek aldaketa gutxirekin jarraituko dute. Izotz txikia egingo du.

Asteazkenean elurra nahiko behean

Aurreikuspenek hala diote duela egun batzuetatik hona, baina gerturatuz badirudi hau baieztatzen ari dela. Astezkenean elurra nahiko behean ikus dezakegu Euskal Herrian. Elur-kota 400 metrora jaitsi daiteke datorren asteazkenean, baina ez da espero 600 metrora behera kopuru handiak pilatuko direnik.

Lakuako Segurtasun sailak abisu horia ezarriko du asteazken osoan elurteengatik, egunaren lehen partean prezipitazio txiki-ertainak, probableagoak eta sarriagoak espero baitira. Elur-kota 400 eta 700 metro artekoa izan daiteke, eta aurreikusitako lodierak 2 eta 15 zentimetro artekoak 1.000 metrotan eta 5 zentimetrokoak 600 metro arte. Azpitik ez da espero elurra pilatzea.

Horrez gain, Segurtasun Sailak beste abisu bat aktibatuko du datorren astearte goizaldean, 10:00ak arte, izotz txikia edo ertaina egin dezakeelako. Izozte horiek behe-lainoarekin bat etor litezke.

Era berean, Estatuko Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez, asteazken goizean elurte txikia izateko probabilitate handia dago Foru Erkidegoko ipar hereneko kota baxuetan, Iruñerrian barne. Asteazkenerako alerta horia dago iragarrita Nafarroako Pirinioetan 06:00etatik aurrera.