INFO

Hegaztien kanpoko hazkuntzaren krisia, lehen aldiz aipagai Laborantza Ministerioan

Hegaztien kanpoko hazkuntzan jarduten duten laborarien kezkak helarazteko xedez bilera egin dute, astelehenean, Parisen. Laborantza Ministerioarekin abiaturiko elkarrizketa horren ondoren baikor azaldu da ELB sindikatua.

Ahateen kanpoko hazkuntza Irisarriko etxalde batean. (Guillaume FAUVEAU)

Lehen aldia da hegaztiak kanpoan hazten dituzten ekoizleen kezkak entzunak izaten direla frantziar Laborantza Ministerioan. Abenduaren 8an, astelehenarekin, Confederation Paysanneko, Familia Nekazarien Konfederazio Sindikaleko (Modef) eta Euskal Herriko Laborarien Batasuneko (ELB) ordezkariek Parisen antolaturiko bileran parte hartu zuten.

Hiru sindikatuek bilana baikorra egin dute bileraren ostean plazaraturiko agirian. «Estatuaren goi mailako eremuan elkarrizketa bat abian eman izana txalotzen dugu, bilera horretan parada izan dugulako Laborantza ministroari azaltzeko, alde batetik, hegazti gripeari loturiko zailtasun handiak baita araudi ezberdinek eta bereziki hegaztiak hesteko aginduek sortzen dituzten arazoak aipatu ere», laburbildu dute hiru sindikatuek prentsa-oharrean.

Haien esanetan, Marc Fesneau ministroak hazleen kexak entzun ditu, eta hazkuntza mota horrek dituen berezitasunak, baita onurak ere, mahaigainean eman ditu.

Hala ere, hegaztien kanpoko hazkuntzaren etorkizuna oraindik ere zalantzaz beterik dagoela aitortu dute sindikatuek.

Ahateak txertatzeko kanpaina

Ahateak txertatzeko kanpainia abian eman zuen joan zen urte hondarrean frantses Laborantza Ministeriok eta horren harira sindikatuek oharrarazi dutenez «kanpoko hazkuntzan jarduten duten etxaldeetan jende mugimendu horrek eritasunaren hedatzeko arriskua areagotu du».

Izan ere, hegazti gripea zabaltzeko arrisku maila atxiki bitartean -gaur gaurkoz lanjera altua dagoela aldarrikatu du Ministerioak- hegaztiak hesteko agindua indarrean da, eta hain zuzen ere neurri horrek ematen du zalantzan aipaturiko etxaldeen etorkizuna.

Baikortasun gehiago sortzen du ahazleen artean kanpoko hazkuntzan jarduten duten esplotazioetan biosegurtasunari buruz plantan emandako esperimentazio programak.

Hexagonoko 120 bat etxaldetan abian eman zuten 2022ko abenduan hain zuzen kabalak kanpoan izateak lituzkeen onurak eta kalteak neurtzeko helburuarekin aipaturiko egitasmoak.

Biosegurtasunari buruzko esperimentazioa

Parisko bileran hegaztien kanpoko hazkuntzak osasunaren ikuspuntutik izan ditzakeen abantailak «metodo zientifikoen bidez frogatzeko» auzolanean jarduteko jarrera irekia azaldu zuela ministroak nabarmendu dute sindikatuek.

Pirinio Atlantikoen Departamenduaren Albaitaritza Zerbitzuekin auzolanean jardutea galdetu dute behin baino gehiagotan kabalak hesteko aginduak zalantzan emanen dituzten euskal laborariek.

Izan ere hegaztiak hiltzeko agindua heldu zelarik, harremanak zailak bilakatu ziren hainbat hazlek muzin egin ziotelako «sanoak ziren kabalak» akabatzeari.

Ildo beretik, hegazti gripearen krisiak ekarritako galera handiaren aurrean ekoizleei elkartasuna adierazteko mobilizazio jendetsuak izan dira azken urtetan Ipar Euskal Herrian.

Astelehenean Parisen egin duten bileraren ondoren, kanpoko hazkuntzak gizarteak eginen duen eskaerari erantzutearekin batera etxaldeak biziarazten dituela gogorazi dute sindikatuek.

Finean, Laborantza Ministaritzan izan den lehendabiziki elkarrizketa horrek berpiztu duen «itxaropena ahal den eta azkarren gauzatzeko beharra dagoela» gaineratu dute.