INFO

Euskararen kontrako azken epaia salatu dute Donostiako Udaleko langileek, EAJk eta EH Bilduk

Euskararen normalizazioaren azken epaiaren kontra elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Alderdi Ederren Donostiako Udaleko langileek. Honekin batera, EAJk eta EH Bilduk epaia salatzeko adierazpen instituzionala adostu dute.

Donostiako Udaleko langileek euskararen kontra azken epaia salatzeko egin duten elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udaleko langileek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen normalizazioaren kontra kaleratu duen azken epaiaren kontra. Donostian udaltzain izateko euskara ez dela behar dio epai honek.

Langileen Batzordeko gehiengoak (ELA eta LAB) deitu du elkarreteratzea. Bertan, EH Bilduren udal taldeko hainbat zinegotzik parte hartu dute, haien artean Juan Karlos Izagirre eledunak.

Elkarreratzean parte hartu duten langileak ordu laurdenez izan dira euripean Alderdi Ederren. ‘Langileok tinko euskararen kontrako erasoen aurrean. Euskaren kontrako epairik ez’ kartelak erakutsi dituzte.

LABeko ordezkari Joseba Alvarezek komunikabideei egindako adierazpenetan gogoratu duenez, azken hau Donostiako Udalak egindako lan deialdien kontrako hirugarren epaia da. «Aurrekoak bezala donostiarrek Administrazioarekin dituzten harremanetan hizkuntza aukeratzeko eskubidearen kontra egiten du hirugarren epai honek», nabarmendu du.

«Herri honetan bi hizkuntza ofizial ditugu eta herritarrek Administrazioan bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea dute. Eta hori soilik langile elebidunekin bermatzen da, euskara eta gazteleraz aritzeko gai diren langileekin», adierazi du Alvarezek.

Ostiralean, 18.30ean, epai honen kontrako beste elkarretaratze bat izango da Alderdi Ederren, Kontseiluak eta Bagerak deituta.

EAJ eta EH Bilduren deklarazioa

Honekin batera, EAJk eta EH Bilduren udal taldeek adierazpen instituzionala adostu dute, epaia «euskararen normalizazioaren aurkako beste bat» dela salatuz.

«Epai hau beste katebegi bat da euskararen normalizazioaren eta euskaldunen eskubideen aurka azkenaldian egiten ari den oldarraldian. Kezkaz ikusten dugu auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzaketela urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan. Horrez gain, epaiak zuzen eragiten dio udal autonomiari eta, kasu honetan, Donostiako Udalak bere zerbitzuak eta baliabideak donostiarren beharren arabera antolatzeko eta egokitzeko duen eskumen eta betebeharrari», nabamertzen du adierazpen instituzionalak.

Gauzak horrela, euskararen normalizazioaren kontra eta Donostiako autonomiaren aurka egiten duela salatzen du EAJk eta EH Bilduk adostu duten adierazpenak eta ostiralean Kontseiluak eta Bagerak deitu duten kontzentrazioara joateko deia egin dute.