Santurtzin lan istripuz hildako garraiolariaren ezbeharra salatu dute sindikatuek
LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute Santurtziko udaletxe aurrean asteartean portura bidean istripuan hildako garraiolaria gogoratu eta, aldi berean, ezbehar hauek garraiolarien lan baldintza «kaskarren» ondorio direla salatzeko.
Joan den asteartean Bilboko Portura bidean Mamarigan istripuan hildako garraiolaria gogoratu eta halako istripuak sektorearen lan baldintza «kaskarren» ondorio direla salatzeko elkarretaratzea egin dute LAB, ESK, Steilas EHNE eta HIRU sindikatuek ostegun honetan, Santurtziko udaletxe atarian, 10.30ean.
Astearte goizean hildako langileak 54 urte zituela gogorarazi dute, eta sektorea «gero eta zaharragoa» dela deitoratu dute sindikatuek. «Ez dago erreleborik, gazterik ez da hasten garraioan lan baldintzak ez direlako onak eta hori oso arriskutsua da, bai garraiolarientzat beraientzat eta baita errepidean gabiltzan beste guztientzat ere», gaineratu dute.
2023an Euskal Herrian lan istripuetan hildako 58 langileak –tartean zortzi garraiolari– gogora ekarri dituzte.
Astearteko istripuaz honakoa adierazi dute: «Barruan hilda zegoen garraiolaria. Nekeak edo osasun arazoren batek eragin zuen segur aski istripua. Kamioitik atera ez bazen argi dago konortea galdu zuela aurretik. Asko dira bihotzeko arazoak garraiolarien artean».
Hortaz, HIRU sindikatuak garraiolariek 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera izan dezaten eskatzen du, «beste lanbide arriskutsu batzuek daukaten bezala, esaterako suhiltzaileek edo poliziek». Gaitz kardiobaskularren kopuru altua lan osasun eta prebentzio beharretan aintzat hartzea exijitu dute ere.
Santurtziko ezbeharra trafiko istripu gisa ez hartzea nahi dute, «argi eta garbi» lan istripua izan delako. «Behin eta berriro adierazi dugu lan istripuak direla, ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu, heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta», adierazi dute.
«Garraio merkea»
«Sarri lan baldintza kaskarren ondorio dira istripuak, bezeroek eragindako presa eta presioek, nekeak, ordutegi estuek, estresak, lanaldi luzeek, soldata juxtuek, azken finean atseden hartzeko eta lasai gidatzeko zailtasunek eragiten dituzte istripu hauek; horiek guztiek arriskuan jartzen dute garraiolarien segurtasuna. Baldintza duinak eskatzen ditu garraiolariak, bere bizitza bera ere arriskuan dago. Sarriegi ikusi eta salatzen dugu hori», azaldu du HIRU sindikatuak.
«Administrazio guztien ardura» dela uste dute, eta neurriak hartu beharrean «beste aldera begiratzea» leporatzen diete, «garraio merkea bultzatzen baitute». Beraz, «lan ikuskaritza indartu beharko lukete, baldintza kaxkarrak saihestu eta arauak betetzen ez dituztenak zigortzeko».
CCOOek ikerketa «sakonak» eskatu ditu
CCOO sindikatuak ordu erdi beranduago egin du elkarretaratzea, toki berean. Bertan, Mamarigako istripuaz eta asteartean bertan Trapagarango beste langile bati bizia kendu zionaz ikerketa «sakonak» eskatu ditu sindikatuak.
Garraiolariaren kasuan, CCOOren ustez, «oso sakonki» ikertu behar da hildakoak zer nolako lanaldiak zituen, edo enpresak salgaiak entregatzeko epeak «inposatzen» ari ote zen.
Alfonso Rios, EAEko CCOOen Lan Osasuneko ordezkariak Europa Press agentziari azaldu dionez, «funtsezkoa» da hori ikertzea errepidearekin eta zirkulazioarekin zerikusia duten lan-istripuen kasuan.
Trapagararen gertatutako ezbeharrean 29 urteko langile bat hil zen, ate bat gainera erorita. Riosen ustez, atea ez zegoen egoera egokian, eta adierazi du «enpresaren erantzukizun hutsa» dela, konpainiak «mantentze-lan egokiak egiteko erantzukizuna» duela, eta enpresak egoeraren berri bazeukala, beraz, «erantzukizuna nahiko argia da».