Bizkaiko kostaldean topatu dituzten plastikozko pinportak ez dira Galiziakoak
Bizkaiko zenbait hondartzatan azken egunotan agertu diren pellet edo plastikozko pinportak ez dira Galizian izan zen isurketakoak, Aztik baieztatu duenez.
Azken egunotan Bizkaiko zenbait hondartzatan agertu diren plastikozko bolatxo txikiak ez dira Galizian Toconao ontziak izan zuen isurketakoak, Aztik eta Gaikerrek egindako azterketek baieztatu dutenez.
Hala adierazi du Oihane Cabezas Aztiko ikertzaileak, Bittor Oroz Lakuako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza sailburuordearekin Santurtzin egin duen agerraldian. Euskal kostaldean pelletak biltzeko prestatu dituzten bi ontziak aurkeztu dituzte, eta hor eman du berria.
Cabezasek esan duenez, hemengo hondartzetan aurkitu dituzten pinportak aztertu ondoren ondorioztatu dute «ez direla Galiziakoak».
«Pellet bidezko plastikoek eragindako kutsadura nahiko ohikoa da, eta gure hondartzetan aurkitzen ditugun pellet horiek ez dira Galiziakoak. Kutsadura hori dugu, baina, oraingoz, ez dugu ikusi Galiziakoak direnik», azaldu du. Nolanahi ere, nabarmendu du laginak hartzen jarraituko dutela, eta balizko kutsadura horrek zer bilakaera zaintzen.
Pelletak jasotzeko misioa abian
Cabezasek jakinarazi duenez, Aztik egindako aurreikuspen eta simulazioen arabera, ez dute espero datozen lau egunetan Toconao ontziak galdutako zamaren hondakinik iristerik ere.
Oroz eta biek, Hiru-Anaiak eta Rokillo itsasontzietako patroiekin batera, bi ontzi horiekin prestatu duten operatiboa aurkeztu dute. Itsasertza izena eman dioten misio honetan, itsasoko pelletak jasoko dituzte.
Orozek azaldu du Aztik garatutako sareak ezarri dituztela bi itsasontzietan, behar izanez gero, itsasoan egongo balira, «Galiziatik etor litezkeen» pelletak biltzeko.
Ikuskaria Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurugiro Sailaren Itsas Zaintzako ontziak hiru egun darama etengabe, haize eta korronteen simulazio patroien eboluzioari segika eta ikustaldien bidez, gure kostaldera irits litezkeen plastiko hondarren bila eta, momentuz, ez dute «ezertxo ere» aurkitu.
Galiziako pelletik topatuz gero, «hurbildu ahala hondakinak identifikatzen ahalegintzea» izango litzateke estrategia. «Gure uretan sartzen diren unean, orduan aterako lirateke itsasontziak hondakinen bila», zehaztu du sailburuak.
Oihane Cabezasek esplikatu du Hiru-Anaiak eta Rokillo itsasontzietan jarri dituzten gailuak itsas ikerketarako sare neutonikoak direla, itsasoko plastikoaren kutsadura aztertzeko. Arrasteko sare bat da, metro bat bider metro eta erdiko dimentsioa duena, «txikia da baina gure uretan dugun materiala jasotzeko behar den bezain handia».
Sare hori ikerketa zientifikoan erabiltzen dela azaldu du Aztikoak, baina esan duenez, arrantza sektorearekin batera nola moldatu aztertu nahi dute, gure kostaldean modu masiboan pellet isuririk izango bagenu, itsasontzi gehiago antzeko sareekin hornitzeko.
Lan egiteko moduari buruz, esplikatu du itsas gainean pellet edo zabor multzo bat ikustean, sare hori jaurti eta arrastatu egiten direla hondakinak pelletten lerroa edo orbana segituz. Sarea materialez betetzen denean, barrukoa garbitu eta operazioa errepikatzen da orbana ezabatu arte.
Bestalde, Aztin egunero korronteak eta pelletak jarraitzen ari direla esan du, simulazioak eginez ikusteko ea korronte eta haizeek zer ekar dezaketen. Hurrengo lau egunetan, momentuz, ez du ematen euskal kostaldera iritsiko direnik. Edozein kasutan, baieztatu du «sektorea prest dagoela, helduko balira jasotzeko».
Arrainaren kontsumoa, «erabat segurua»
Bittor Orozek oroitarazi du Lakuako Gobernuak EAEko Larrialdi Plan Bereziko alerta aktibatua duela, prebentzio gisa, Toconaoko isuriaren ondorioz itsasoa kutsatu litekeela eta, baina ziurtatu du arraina jatea «erabat segurua» dela eta herritarrak animatu ditu lasai jatera.
Sailburuaren ustez, Toconao ontziarekin gertatu denak balio behar du «egiaz itsasoan plastikoekin arazo bat» dugula ohartzeko. «Gertaera puntual bat izan da, baina plastiko ugari dago itsasoan eta kontziente izan behar dugu horrek sortzen duenaz. Plastikoa ahalik eta modu arrazoizkoenean erabili behar dugu, eta modu berean bildu behar dugu».