INFO

Elite mailan bikote errekorrarekin abiatuko da Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa

Guztira 72 pilotari lehiatuko dira urtarrilaren 21ean Eskoriatzan hasi eta martxoaren 17an Arrasaten jokatuko den lehiaketan eta horietako 9 bikote arituko dira pilota mistoko gorengo mailan.

Eliteko txapelketan arituko diren pilotarietako batzuk. (EMAKUME MASTER CUP)

Gabonetan merezitako atseden egun batzuk hartuta, indarberrituta itzuliko da 2024ko Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa. Parte hartzea izan da Master Cup Zirkuituaren orain arteko arrakastaren giltzetako bat eta alor honetan ere aurrera pauso bat emango du aurtengo edizioak, guztira 72 pilotari arituko baitira lehian, 4 maila desberdinetan banatuta: pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak eta maila bakarra, nagusiena, pilota goxoarekin. Baina zenbakian ez ezik, kalitatean ere hazten jarraitzen duen txapelketa da hau, aurten 9 izango baitira pilota mistoko elite mailan ariko diren bikoteak, inoizko zenbakirik handiena eta lehen aldiz Ipar Euskal Herriko pilotariek ere parte hartuko dutelarik, Oronoz-Goietnetxe jauzia ematera ausartu baitira, iazko emaitzan onen ostean.

Arrizabalaga-Oses izan ziren iazko txapeldunak, baina aurten bakoitzak bere aldetik egin beharko du txapelaren defentsa, gernikarra aurten Erasunekin arituko da eta oñatiarra Garairekin, biak ere oso kontuan hartu beharreko bikoteak. Elite mailako pilotariak hiru taldetan banatu dira eta lehen fasean ligaxka eran arituko dira, denak denen aurka: Aldai-Zabala, Beitia-Mendizabal eta Uriarte-Capellan A multzoan ariko dira, Arrizabalaga-Erasun, Arraiza-Arrillaga eta Oronoz-Goietnetxe B taldean eta azkenik Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Ibarrola-Bergara izango dira C multzoan. Txapelketako bikoteak osatzerako orduan, iazko rankinga hartu da kontuan.

Txapelketa Eskoriatzan hasiko da urtarrilaren 21ean eta lehiaketak Larrabetzu, Murgia, Etxebarri, Usansolo, Idiazabal, Laudio, Elgoibar eta Arrasate ere bisitatuko ditu. Finalerdiak martxoaren 3rako daude iragarriak, Elgoibarren eta txapelak martxoaren 17an banatuko dira Arrasateko Uarkape pilotalekuan.