INFO

Gizarte ekimeneko eskolei deus berririk eskaini gabe segitzen du patronalak, salatu dutenez

Kristau Eskolako eta AICE-IZEA eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas mahaian eseri dira enegarrenez, baina patronalek ez dute bertan gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileentzat eskaintza berririk planteatu, sindikatuek jakinarazi dutenez. Hortaz, urtarrileko eta otsaileko grebei eutsiko diete.

Kristau Eskola eta IZEAko hezkuntza zentroetako langileen grebako mobilizazio bat, joan den abenduaren 11n, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Iragan asteazkenean Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk langileen eskaeretatik «oso urrun» zegoen dokumentu bat aurkeztu eta gero, sindikatuek ostiral honetako bilerara beste planteamendu batekin joateko galdegin zieten patronalei. Ez da hala gertatu, ordea, ELA, LAB, CCOO eta Steilasek azaldu dutenez. Ondorioz, akordio batera iristeko aurrerapen garrantzitsurik ezean, bi hilabete hauetarako aurreikusiak zituzten grebei eutsiko diete.

Kristau Eskolak, bere aldetik, mahaian negoziatzen segitzeko eta greba alde batera uzteko galdegin die.

Sindikatuek esplikatu dutenez, «eros ahalmena bermatuko duten proposamenik gabe, lan kargak arintzeko neurririk gabe, lana ziurtatzeko urrats zehatzik gabe eta feminizatutako sektoreetarako hobekuntzarik gabe» eseri dira «berriz ere» patronalak negoziazio mahaian. Gainera, Lanbide Heziketan eta gainerako gaietan eduki «oso eskasak eta zehaztu gabeak» proposatu dituzte.

Horrenbestez, auzi horiei erantzuteko proposamen bat egiteko exijitu diete berriro patronalei. Behin planteamendu hori egina dutenean, haiekin biltzeko «prestutasun osoa» dute.

Grebara

Bitartean, grebara joko dute. Ilbeltzerako eta otsailerako dituzte deituak. Adierazi dutenez, nabaria da grebei esker patronalak mugitzera behartuak daudela.

Sindikatuek langile guztien eros ahalmena bermatzea dute xede, baita lan kargak arintzea eta lana ziurtatzea ere. Feminizatutako sektoreetako egoera hobetzea eta Lanbide Heziketa egoki arautzea ere helburuen artean dituzte, euskalduntze eta berdintasun planak martxan jartzearekin eta langileen osasuna zaintzearekin batera.

LAB

LABek bidalitako oharrean adierazi duenez, langileek egindako mobilizazioei esker patronalak mugiarazi dituzten arren, edukietan sakontzea eskatzen diete. «LABek eta Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeen soldatak parekatzeko sinatutako akordioa langile guztiei aplikatzea ekarri dute negoziazio mahaira Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk. Horrekin batera, enplegua mantentzeko eta plantillen esleipen irizpideak zein gazteberritze neurriak adosteko egutegi eta prozedura ekarri dute», baloratu du.

Sindikatu abertzaleak positibotzat jo du azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker patronalek proposamen bat egin izana hamalau negoziazio mahairen ondoren. «Proposamen hori, orain bi egun aurkezturikoa baino hobea den arren, ez da nahikoa», baieztatu du.

Kristau Eskola

Kristau Eskolak ere igorri du prentsa oharra bileraren ondotik. Bertan, «espiritu arduratsu eta errealistarekin» negoziatzen segitzera eta greba baztertzera deitu ditu sindikatuak, «ikasleen hezkuntza eskubidea bermatzeko eta familiei kontziliazio arazoak gehiago ez handitzeko».

Ikastetxe kontzertatuetako patronalak erantsi du «aurrerapen handia» dela langileentzat ordainsariaren baldintzak titulartasun publikoa duten eskolekin homologatu izana. Horiez gain, sindikatuen «aldarriei erantzuten dioten neurri eta konpromiso gehiago ere» aurkeztu dituztela argudiatu du.