INFO

Urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 16an amaituko da Arabako bertsolari txapelketa

Arabako 18 bertsolarik parte hartuko dute, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera lehenengo 13ak

Arabako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urtarrilaren 28an hasi eta martxoaren 16ra bitartean luzatuko da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Finalera iristen diren bertsolariek Gasteizko Printzipal Antzokian bilatuko dute txapela.

Arabako Bertsozale Elkarteak, Baranbioko Garrastatxu Txokoan aurkeztu du 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Gogora ekarri duten moduan, 1982an jokatu zen lehen Arabako Bertsolari Txapelketa, orain 40 urte. Urte guzti hauetan zehar Arabako bertsogintzak egin duen bidea azaldu dute eta txapelketek egindako geldiauneak aipatu dira: 1982an Arabako Bertsolari Txapelketa, 1990ean Prudentzio Deuna sariketa, 2012an Arabako Bertso Kuadrilla artekoa, 2021an Arabako Binakako bertsolari Txapelketa eta 2024an 40 urte beteko dira lehen txapelketa egin zela. «Beraz, bada zer ospatua Araban», adierazi dute.

Bi lagunek hartu dute hitza. Lehengoa, Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak. Ondoren, Patxi Aizpuruak hartu du hitza, orain 40 urte Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartutako kide eta Elkarteko idazkaria.

Partaideak

Parte hartzaileei dagokionez, azpimarratu dute parte hartze «anitza» duela aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketak. Adinari dagokionez,  gazteenak 19 urte ditu, Maddi Agirre da bertsolari hori; 2021,2022 eta 2023ko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna. Zaharrena, berriz, Rikardo Gonzalez de Durana da, 65 urte ditu eta Gasteizko bertso-eskolako sortzailetariko. bat izan zen 1982an; Aiaraldeako bertso eskolarekin batera Arabako lehenengo bertso eskolak izan ziren.

Ez dago lehen aldiz parte hartuko duen bertsolaririk. Baina 2022an parte hartu ez zuten lau bertsolari daude aurtengo edizioan, nahiz eta ez den txapelketan parte hartzen duten lehen aldia: Aroa Arrizubieta, Eli Zaldua, Izar Mendiguren eta Martin Abarrategi.

Generoari dagokionean, aldiz, bost emakumek hartuko dute parte eta 13 gizonek.

Fasez fase

Txapelketak egitura hau izango du: Arabako 18 bertsolarik parte hartuko dute, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan puntuazioaren arabera lehenengo 13ak. 18 arituko dira final laurdenetan, 12 bertsolari finalerditan eta 6 bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Urtarrilak 28 Izarran egingo da final laurdenetako lehen saioa, eta kantuan izango diraPeru Abarrategi Sarrionaindia, Paula Amilburu Izargarai, Danel Herrarte Nafarrate, Eli Zaldua Barquin, Aitor Ugarte Eriz eta Ekaitz Samaniengo Curiel.

Otsailak 4 Oionen, Manex Agirre Arriolabengoa, Xabi Igoa Eriz, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Orlando Arreitunandia Arinas, Aroa Arrizubieta Barredo eta Maddi Agirre Epelde izango dira kantuan.

Eta otsailak 11an, laurdenetako azken saioan Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Felipe Zelaieta Txurruka, Martin Abarrategi Sarrionaindia, Asier Otamendi Alkorta eta Unai Anda Delika.

Txapelketan Arabako 9 epaile aritu dira, 13 gai jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta euretako 6 izango dira saioak eta finala aurkeztuko dutenak.