Aldai-Capellan izango dira Garai-Gaminderen arerioak Bizkaiko Txapelketako finalean
Amaia Aldai bizkaitarra eta Andrea Capellan errioxarra izango dira Leire Garai eta Enara Gaminde bikotearen arerioak Bizkaiko V. Txapelketako finalean, denboraldiko erreferentziazko lehiaketetako bat. Finala, datorren igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da.
Amaia Aldai eta Andrea Capellanek Bizkaiko Txapelketako finalerako txartela lortu zuten, ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabali 22-18 irabazi ondoren.
Aldaik errematean erakutsitako fintasuna eta Capellanen atzealdeko koadroetako gaitasuna erabakigarriak izan ziren Bilbon jokaturiko partidan, eta lehendabiziko fasean jokatu diren sei partidetatik onena osatu zuten.
Leire Garai eta Enara Gaminde izango dute arerio final handian. Aurrelari gasteiztarrak eta Laukizko atzelariak ligaxka bikaina osatu dute, partida guztiak irabazita. Atzo, jaialdiko lehendabiziko partida jokatu zuten eta 22-13 garaitu zituzten Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi.
Bizkaiko Txapelketa honetako txapelak datorren igandean banatuko dira, 12.00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan. Hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzten partida jokatuko da lehendabizi: Arrizabalaga-Mendizabal eta Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteen artean.
Arrieta-Mujikaren bigarren puntua Binakakoan
Bestalde, Ados Pilotako Binakako txapelketan ere jardunaldi berria jokatu zen pasa den asteburuan. Arrieta eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi egin zuten eta bigarren puntua batu dute, sailkapenaren azken postuan dauden Etxekolonea eta Mendibururen aurka (7-22).
Hiru partida jokatuta, oraindik punturik batu gabe jarraitzen du bikote nafarrak eta arerioekin distantzia handitzen joan daiteke. Sailkapenaren erdialdean, bestalde gauzak estutzen hasiak dira.