INFO

Elkarretaratzea, epai batek Zizur Nagusiko Udaleko postu bati profil elebiduna kendu diolako

Iragan abenduko epai batean, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien hirugarren Epaitegiak profil elebiduna kendu zion Zizur Nagusiko Udaleko obretako langileen lanpostu bati. Euskalgintzak elkarretaratzea deitu du heldu den otsailaren 8rako, 17.30ean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Kontseiluaren eta Bagera elkartearen elkarretaratzea Donostiako Udaltzaingoaren bi lanpostutarako euskara eskakizuna atzera bota duen sententzia salatzeko, ilbeltzaren 12an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien hirugarren Epaitegiak profil elebiduna kendu zion joan den abenduan Zizur Nagusiko Udaleko obretako langileen lanpostu bati. Obretako langileen bederatzi lanpostu dira, eta horietako bakar batek zuen gaztelaniaz gain euskaraz jakiteko betebeharra. Langile horiek kalean aritzen dira: Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultur etxean, gaztetxean, jendearekin harremanean beti.

Horregatik, Euskal Herrian Euskarazek ohartarazi duen bezala, Zizurko epaiak aurrekari arriskutsua ezarri du: «Eremu misto deitzen dioten horretan euskaraz artatuak izateko eskubidea zuzenean ukatzea, era horretan, eremu ez-euskaldunarekin parekatuz».

 

 

Erantzun sendo eta zabala emateko asmoz, euskaltzaleak batzen eta antolatzen ari dira. Honakoak, besteak beste: EHE bera, Zizurko Euskara Taldea, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskararen Defentsarako Sarea, ELA, LAB, Steilas, eta Zizur Nagusiko Geroa Bai eta EH Bildu Geroa Baik du alkatetza eta bien artean gehiengo osoa dute Udalean.

Defendatu dutenez, nafarren eskubideak betetzeko ezinbesteko oinarria da euskararen ofizialtasuna onartzea. Horretaz gain, beharrezko ikusten dute epaileek beren ideologia ez jartzea legeen gainetik.

Horrexegatik, Zizur Nagusiko euskaltzale guztiei dei egin diete, baita Nafarroako euskaltzale guztiei ere, epai horri erabateko arbuioa adierazteko. Elkarretaratzea eginen dute heldu den otsailaren 8an, 17.30ean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aitzinean.

‘Epaileen euskarafobiarik ez! Epaileen inpunitateari stop!’ leloa izanen du mobilizazioak.

Ibilbidea

Joseba Otano Administrazioan Euskaraz taldeko kideak eta abokatuak auzi honen ibilbidearen berri eman dio NAIZi. Kontatu duenez, hasieran Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA) jarri zen errekurtsoa profil elebidun horren kontra, eta NAAk arrazoia Udalari eman zion 2023ko abuztuaren 29an: erran zuen guztiz legezkoa zela profil elebiduna.

«Errekurtsoa jarri zuena postu horretan zegoen langilea zen, jakina, UPNren laguntzarekin. Guk erabaki genuen helegitean sartzea parte moduan, eta Udalaren alde aritu ginen. Udalak argudiatu zuen lanpostu hark harremana zuela jendearekin, langilea kalean aritzen zela, askotan jendez inguraturik. Nafarroako Auzitegian irabazi egin genuen».

Baina Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen horren aurka beste errekurtso bat jarri zen, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Kasu horretan Epaitegiak Udalaren kontrako epaia eman zuen, eta profil elebiduna baliogabetu zuen.

Zizur Nagusiko Udalak bazuen aukera apelazio helegitearen bidez errekurritzeko, baina berriz galduko zuela eta berriz kostuak ordainaraziko zizkiotela pentsatuta, ez zen saiatu. Izan ere, epaiak Udala zigortu zuen kostuak ordaintzera. Beraz, legearen aurkako ebazpena emateaz gain, zigor ekonomikoa jarri zion.

Euskararen Foru Legearen eta Europako Gutunaren kontra

Hortaz, kaleko protesta izanen da gelditzen den bidea. Euskalgintzako eragileek azaldu duentez, epai «erabat euskarafoboa da», eta «gauza harrigarriak» erraten ditu, adibidez: «Herritarrek eskubidea dute Udalari euskaraz egiteko, baina eskubide horrek ez dakar berekin euskarazko ahozko eta idatzizko erantzuna jasotzea». Sinestezina deritzote, kontra egiten diolako Euskarari buruzko Foru Legeari berari, 17. artikuluari.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna ezagutuko ez balute bezala jokatzen dute epaileek, eragileek gaitzetsi dutenez. Espainiako Gobernuak gutun hori sinatu eta berretsi du, eta hauxe dio 7.2 artikuluan: «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat».