INFO

Bizikidetza agenteak, Beasaingo Udalaren ekimena jokaera okerrak zuzentzen saiatzeko

Beasaingo Udalak bi «bizikidetza agente» kontratatu ditu «azken garaian udalerrian ematen diren gizabidezko jokaera okerrak zuzentzeko». Ez dute salaketak jartzeko ahalmenik izango, baina beharrezkoa denean «harremanetan jarriko dira beste segurtasun zerbitzu publiko edo pribatuekin».

Beasainen ateratako argazkian bi udaltzain ikusten dira: bizikidetza agenteekin harreman zuzena izango dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ekimen berritzailea jarri du abian aste honetan Beasaingo Udalak. Herritarren artean antzeman dituzten jokaera okerrak zuzentzen saiatzeko, bizikidetza agenteak herriko kaleetan ibiliko dira «elkarbizitza hobea eta errespetuzko jokabideak sustatzeko helburuarekin», Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Zehazki bi agente ibiliko dira Beasaingo kaleetan datozen sei hilabeteetan «herritarren artean bizikidetza eta errespetu oneko ekintzak sustatzeko, bai eta hiriko ondasun publiko eta pribatuen erabilera egokia sustatzeko ere». Hori bai, argi utzi behar da ez dutela isun edo salaketarik jartzeko ahalmenik izango. «Beraien eskumena informatiboa eta pedagogikoa izango da», zehaztu du Udalak, «informazio, sentsibilizazio eta sustapen lanak» egingo dituztela gehituz.

Udaletik zerrendatzen diren beste eginkizun orokorren artean, herritarren zalantza, kexa eta iradokizunei erantzutea, interes praktikoko informazioa ematea, eta aire zabaleko merkataritza guneetan edo beste azalera itxi batzuetan eskaintzen diren zerbitzuei buruzko informazioa ematea daude.

«Badugu zer hobetu»

Ekimenaren informazio zehatzagoa izateko, Adur Ugartemendia Lurralde saileko buruarekin hitz egin dugu. Bere esanetan, bide desberdinetatik iritsi zaien behar edo kezka bati erantzutera dator bizikidetza agenteen ideia.

«Gehienbat herritarren aldetik jasotako eskaerak izan dira, bai guregana hurbildu direnak kasu batzuetan, baita guretzat oso eraginkorrak diren Beasaingo aplikazioaren eta webgunearen bitartez digitalki jasotakoak ere, eta baita herriko Udaltzaingotik helarazi diguten behar bat zelako ere. Hausnarketa horren ondorioz ikusi dugu gizarte bezala, beasaindar bezala, arlo batzuetan badugula zer hobetu».

Adur Ugartemendiak hiru adibide konkretu jartzen ditu herritarren artean tirabirak sor ditzaketen gaiak zein diren hobeto ulertzeko.

«Batetik, txakurrena dago: aske edo lotuta eramatea, eta horrekin batera gorotzak jasotzearena, askotan txakurra aske egotea aitzakia izaten baita gorotzak ez jasotzeko. Beasainen, beste leku askotan bezala, txakur kopuruak asko egin du gora. Guk zenbait sentsibilizazio programa jarri ditugu martxan, txakur parkeak ere baditugu, baina hala ere ikusten ari gara jabeen portzentaje zati batera ez garela iristen. Kontziente gara gutxiengo bat dela, baina hor badugu zer hobetu», aipatu du lehenik.

«Bestetik, eraikin publiko nahiz pribatuetako paretak margotuta agertzen ari dira. Leku askotan errepikatzen da, eta Beasainen ere badugu arazo hori. Ez dakit kasu hauetan sentsibilizazioaz hitz egin daitekeen, bandalismoaz ari garelako gehiago, baina ea kasu horietan ere gai garen pertsona horiengana gerturatzeko eta jokabide horiek aldatzeko», dio Ugartemendiak.

«Eta hirugarrena litzateke patinete, bizikleta eta oinezkoen arteko elkarbizitzari dagokiona. Udaletik mugikortasun aktiboa bultzatzeko proiektuak martxan jartzen ari gara, jendea oinez eta bizikletan mugitzea bultzatzeko, baina horrek aldi berean zailtasun batzuk sortzen ditu. Beasaingo oinezkoen bide nagusietan bizikletan eta patinete elektrikoan mugitzea posible da, baina abiadura moldatu behar dute. Eta horrez gain, patinete elektrikoaren boom horretan legedia motel samar ibili da eta jende askok oraindik ez dauzka barneratuta nahiko begi-bistakoak diren arau batzuk: bakarka joan behar dela eta ez binaka, ez dela musika entzuten joan behar errepidean dabiltzanekiko arreta kentzen dizulako, espaloian ezin dela patinete elektrikoan ibili...».

«Eta beste zenbait ere badaude: zabor-puntuaren erabilera txukun bat egitea, hiri-altzariak behar bezala zaintzea... Baditugu etxeko lan batzuk gizarte bezala», gogoratu du Adur Ugartemendiak.

Patineteen eta oinezkoen elkarbizitzak arazoren bat sortu ohi du. Andoni CANELLADA | FOKU

«Udaltzaingoaren osagarri»

Udaletik berretsi digute bizikidetza agente hauek ez dutela isunik jarriko, baina Udaltzaingoarekin harreman zuzena izango dutela. «Helburua da gure Udaltzaingoaren osagarri izatea; lehen eskuko informazio bat izateko herriko zenbait dinamikari dagokionez, eta pedagogia lan bat eginez herritarrei gogoratzeko zein diren beren eskubideak baina betebeharrak ere badituztela. Ez dute salaketa bat jartzeko gaitasunik edukiko, ez da hori helburua, baina, aldi berean, Udaltzaingoari baliozkoa izango zaion informazioa helarazteko gaitasuna izango dute». nabarmendu du Adur Ugartemendiak.

Ez dira udaltzainak bezala jantzita joaten, adibidez, baina udal langileak direla jakiteko bereizgarri bat badute. «Ez daukate udaltzainen uniforme berdina, baina bai Udaleko peto bereizgarri bat, garrantzitsua iruditzen zaigulako agente hauek hurbiltzen direnean herritarrek jakitea Udaleko langileak direla eta autoritate puntu hori badutela».

Eta proiektua martxan jartzeko beste lekuren bateko esperientzian inspiratu ote diren galdetuta, Ugartemendiak adierazi du berak ez duela horrelakorik ezagutzen. «Guk erabili dugun izenarekin, bizikidetza agentea, ez dut uste. Hau guztia Jaurlaritzaren enplegu sustapen zerbitzuaren bitartez bideratu dugu, eta badakit beste lekuren batean ere gai hauek jorratu direla, baina ez agian horren modu espezifikoan. Hemen, gure Goierri inguru honetan ez behintzat».

Azkenik, Ugartemendiak aipatu digu sei hilabeteko epea luzagarria izan daitekeela, baina kontratuak jaso dituzten laguntzetara baldintzatuta daudela printzipioz. Hala ere, hilabete hauek erabiliko omen dituztela proiektuaren balantzea egiteko.

«Alde batetik, sei hilabeteko epea ezartzearen arrazoia da enplegu sustapen zerbitzu horrek gehienez sei hilabeteko kontratuak egiteko aukera ematen duela. Baina beste alde batetik, arrazoizko denbora epe bat iruditzen zaigu ikusteko ea zerbitzu honek zer ematen digun eta horren baitan balorazio bat egiteko: ikusteko ea jarraipena eman behar zaion, bi agenterekin nahikoa den edo gehiago behar diren, beste moduren batean lan egin behar dugun...».