INFO

Saskirik ezin aurkituta, Kutxabank Araskik porrot latza eta mingarria jasan du Ferrolen (72-53)

Gasteiztarrek sekulako akatsak egin dituzte jaurtiketetan partida hasi eta buka, eta hala, gauza handiegirik egin gabe oso erraz nagusitu da Galiziako taldea. Ondorioz, Made Urietarenek Emakumeen Ligako zortzigarren postuari begiratu beharrean, atzetik dituenei adi egon beharko dutela dirudi.

Bere baldarrean, Laura Aliaga izan da Kutxabank Araskiren jaurtitzaile finena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

BAXI FERROL 72 - KUTXABANK ARASKI 53

Aurkariak baino 10 jaurtiketa gutxiago asmatu –60tik 18– eta 17 errebote gutxiago harrapatuz gero –27, etxekoen 44ren kontra–, nekez irabazi dakioke inori. Minutu solte batzuetan izan ezik, Kutxabank Araskik egundoko kalbarioa pasa du larunbat eguerdi honetan Ferrolen. Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean Baxi Ferrol garaipen kopuruan berdintzeko parada izan dute Made Urietarenek, baina arerioa baino askoz gutxiago izan da, batez ere saskira begira eta errebotea kontrolatzeko orduan ez duelako gutxieneko mailarik eman, ahaleginak ahalegin.

Aurreneko momentutik saskia aurkitu ezinik hasi dira gasteiztarrak, itxuraz errazak ziruditen uztaipeko jaurtiketak ere huts eginez. Baxi Ferrolek, aitzitik, Selland eta Rachel Howarden bizitasuna erabili dute markagailuan aitaren batean 12-3 aurreratzeko.

Made Urietak aldaketekin erantzun nahi izan du atzetik aurrera egiteko. Marta Hermida eta Txell Alarconek bizitasuna eman diote Araskiren jokoari eta zonakako 2-3 defentsan ere fruiturik lortu du talde arabarrak, nahiz eta galiziarren aurka zonakako defentsa bat egitea oso den arriskutsua, hiruko jaurtiketen bidez jokalari guztiek eman dezaketelako mina. Hain zuzen, Fequiere eta Pospisilovaren hiruko banak 18-8 laga dute markagailua aurreneko laurdenaren amaieran.

«Donostian asmatu ezinik aritu ginen» onartu zuen Ferrolen jokatu bezperan Txell Alarconek eta Galiziako lurretan aurreneko laurdena ez da hobea izan; izan ere, hogei jaurtiketa egin eta hirutan bakarrik asmatuz gero, ez dago inori irabazterik. Are gutxiago bigarren laurdenaren hasieran 9-4ko partziala «irentsi» ondoren. Markagailua 27-12 dela, hutsartea eskatu behar izan du Made Urietak, desesperazioz gainezka. «Errebotea ixten ez badugu, ezin dugu korrika egin eta horrela jarraituz gero, birrinduko gaituzte, neskak!», bota die jokalariei Amurrioko entrenatzaileak.

Brittany Brewer pibotak nolabaiteko konponbiderik eskaini dio Made Urietari, erreboteak eta zenbait saskiratze ere pilatu dituelako. Ezin, ordea, alderik murriztu, jaurtiketan ezinean jarraitu dutelako gasteiztarrek; are okerrago, jaurtitzeko aukera argiei muzin ere egin diete Kutxabank Araskiko jokalariek, Melisa Gretterrek batik bat. Ondorioz, atsedenaldira 30-20 atzetik iristea ia albiste ontzat jo behar izan dute gasteiztarrek.

Ezin okerrik zuzendu

Kutxabank Araskik jokalari handiagoak ditu Baxi Ferrolek baino eta horretaz baliatu nahi izan du talde arabarrak hirugarren laurdenaren hastapenetan, Van den Adel eta Brewer bilatuz eraso bakoitzean.

Baina balizko konponbide horrek gutxi iraun du. Talde txikiagoa izanagatik, Baxi Ferrolek errebote gehiago harrapatu ditu eta erasoan ere hiruko jaurtiketen bidez aldea zabaltzea lortu du beste behin. Rachel Howard, Selland eta Gala Mestres azaldu dira urruneko jaurtiketak saskiratzeko eta, aldiz, Kutxabank Araskik ez du erantzuteko modurik aurkitu ez erasoan, non Laura Aliaga izan den hiruko jaurtiketak asmatzeko kapaz izan den bakarra, ezta defentsan ere, zonakako defentsek buruz burukoak adina kale egin duelako batetik, eta errebotean nagusi izatea erraztu diolako talde galiziarrari.

Hori gutxi ez eta, solte geratu diren baloi guztiak ere etxekoek eraman dituzte eta, noski, modu horretan ez dago atzetik aurrera egiterik. Soriano ordezko antolatzaileak azken segundoan sartu duen saskiratze bati esker, 56-34 jarri du markagailua Ferrolgo taldeak azken laurdena jokatu aurretik.

Etsi etsian, kantxa osoan presio egitea erabaki dute Madelen Urietarenek. Itxura denez, galiziarrek partida irabazitzat arinegi jo dute eta aurreko hiru laurdenetan baino huts gehiago egin dituzte azken minutu hauetan. Halakoren baten Kutxabank Araskik korrika egin eta jaurtiketa errazak sartzeko aukerak aurkitu ditu. Nolanahi, aldea hogei punturen aldean mantendu delarik, azken orduko miraririk nekez itxaron zitekeen.

Dena dela, Araskiren azken ahalegin honek urduri jarri du nonbait Ferrolgo taldea. Are gehiago, Hill, Gretter eta Hermidak ere hirukoak saskiratu dituzte azkenean. Modu horretan, 66-53raino hurbildu dira gasteiztarrak, baina azken bi minutuetan 6-0eko partziala lortu du eta hantxe amaitu da Kutxabank Araskiren larunbat eguerdiko kalbarioa. Zazpi garaipenekin, zortzigarren postuari baino, atzetik dituen taldeei begira hasi beharko da Gasteizko taldea.

FITXA TEKNIKOA

FERROL: Mataix (6), Rachel Howard (13), Gómez (3), Kalin (2) eta Selland (15) –hasierako bostekoa–, Soriano (2), Pospisilova (9), Mestres (9), Aijanen (6) eta Fequiere (7).

ARASKI: Melisa Gretter (3), Laura Aliaga (11), Sammy Hill (10), Natalie Van den Adel (5) eta Tamara Seda –hasierako bostekoa–, Marta Hermida (10), Txell Alarcon (4), Brittany Brewer (10) eta Agostina Burani.

Epaileak: Lopez Herrada, Palanca Page eta Sanhermelando Garcia. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 18-8, 12-12, 26-14, 16-19.