Altunak eta Martijak gora egiten jarraitzen dute (13-22)
Aurrelari amezketarra itzuli zenetik jokatu dituzten zazpi neurketetatik bost irabazi dituzte eta goranzko joera nabarmena daramate. Gaurkoan nagusitasun handiz menderatu dituzte Getarian aurreko astean erakutsitako mailatik urrun geratu diren Ezkurdia eta Tolosa.
Jokin Altunak eta Julen Martijak urrats garrantzitsua eman dute play-offetan sartzeko Eibarko Astelena pilotalekuan Ezkurdia eta Tolosari irabazita (13-22). Bosgarren puntua bildu dute ligaxkan eta tanteoa ere irabazi diete gaurko aurkariei. Kontuan izan behar da Altuna min hartuta egon zen lehen hiru jardunaldietan ez zuela punturik lortu bikote honek, eta amezketarra itzuli zenetik bost garaipen pilatu dituztela zazpi neurketetan.
Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak, aldiz, beheko zuloan jarraituko dute beste aste batez. Aurreko astean Getarian eman zuten itxura bikainari ezin izan diote jarraipena eman, batez ere norgehiagokaren bigarren erdian, eta zazpigarren segitzen dute hiru punturekin.
Partidaren lehen zatia oso orekatua izan da. Urdinak hobeto sartu dira deman, Altunaren hiru erremate ikusgarri eta Martijaren errebote bati esker markagailuan 1-4 aurreratuz. Baina amezketarraren huts batzuk tarteko, emaitza parekatu egin da.
Xabi Tolosak oso itxura ona eman du lehen txanpa horretan, pilotari altura eman eta ederki atzeratuz. Gorrien lehen tantoa ere berak egin du pilota bikain moztuz. Ezkurdia ez da bereziki inspiratuta ibili, baina une horietan sinatu ditu pare bat erremate on. 7-7 eta 8-9 egon dira partidan erabat sartuta.
0-9ko partziala
Baina hortik aurrera norgehiagoka erabat hautsi da. Urdinek bederatzi tanto egin dituzte segidan eta 8-9tik 8-18ra joan dira zuzenean. Xabi Tolosa izan da tarte horretan behera egin duena. 8-10era arte jokoan pilotarik galdu gabe zegoen anoetarra –eramateko sake bat zuen huts bakartzat–, baina urdinen partzial horretan lau galdutako izan ditu eta hortxe egon da gakoetako bat.
Bikote urdinean, aldiz, Julen Martija distiratsu aritu da. Defentsan ia beti bezala bikain aritu da nafarra, baina horrez gain, pilota aurrean hartu duen bakoitzean ikaragarri gozatu du. Bi pilotakada sartu ditu argi-argi errebotean, eta atzean beste tanto bat ere sinatu du.
Haizea alde zuela, Jokin Altunak ere dezente hobetu ditu bere zenbakiak azken txanpan, erremate ederrak sinatuz. Hori bai, tantorik txalotuena, baita Jokinek berak ere, Ezkurdiak 13-20an zabaletik egindako horma-bikoa izan da. Kontuak kontu, amezketarrak sakez itxi du partida.
«Min gehiago»
«Guk min gehiago egin diegu. Ni oso ongi hasi naiz, asmatzen, baina tantoa amaitu nahi horretan huts batzuk egin ditut. Hor garrantzitsua izan da Julenek bikain eutsi diola partidari. Eta gero biok ongi jokatu dugula uste dut, txisparekin», aztertu du Jokin Altunak oraindik helburua aldatu gabe. «Beste puntu bat lortu behar dugu play-offak ziurtatzeko, eta hori lortzen dugunean hasiko gara beste zerbaitetan pentsatzen. Bien bitartean helburua play-offetan sartzea da».
Julen Martija ere pozik agertu da egindako lanarekin. «Hasiera gogorra izan da, oso bizia. Tanto azkarrak jokatu ditugu eta hor hutsen bat egin dut. Baina beste pilota bat atera dugu eta horrekin oso gustora aritu naiz, gozatzen. Beraiek huts batzuk egin dituzte, ez da izan agian ikusteko partidarik politena, baina gure aldetik oso pozik goaz garaipena lortuta», adierazi du atzelariak.
FITXA
Pilotakadak: 508. Partidaren iraupena: 57 minutu eta 42 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 4-4, 4-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-9, 8-9, 8-18, 9-18, 9-19, 11-19, 11-20, 13-20 eta 13-22. Sakez: 3 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 5 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 9 Altuna III.ak eta 3 Martijak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 4 Tolosak, 5 Altuna III.ak eta 1 Martijak. Gertaerak: Sarrera bikaina ia erabat bete zen Eibarko Astelena pilotalekuan. Ikusleen artean bazkari bat eta finalerako bi sarrera zozketatu ziren. Lehen sakea, gorri.